Mallrats (eta II)

Aurrekoan, Victor Gruen arkitektoaren asmakizunaz hitz egin genuen. Gruen, sozialista amorratua, Austriatik Estatu Batuetara alde egitera izan zen behartua, beste asko bezala. 50eko hamarkada hasi orduko, ordea, Gruenek arrakasta ezagutu zuen arkitekto eta urbanista bezala.

mallratsIIBerea izan zen historia modernoko lehenbiziko zentro komertziala: Southdale Center. Gruenek ordura arteko erosketaren eskema irauli zuen: dendek ez zuten, jada, barrutik kanporako norabidea hartuko, kanpotik barrurako eskema izango zuten.

Gruenek harago jo nahi zuen. Bere proiektua gizartearen berregituraketa baten isla besterik ez zen; bere idazkien arabera, arkitektoak hiri modernoa «gaixo» zela uste zuen, eta sendabidea bilatzeari ekin zion. Proposatzen zuen eredua -espazio itxia izango zen gune komertziala, kontrolpean izango zena eta oinezkoari lehentasuna emango ziona-, hiriaren ulermen bereziaren proiektua baino ez zen. Zelanbait, europar zentroen izaera errepikatu nahi zuen Gruenek.

Eredua ez zen uste bezala bilakatu: ez zen iraultza sozialik gertatu, hiritarrek hirien zentroak «hustu» zituzten, eta aldirietara ingelesezko suburbs famatuetara igaro ziren. Aldiz, landatutako zuhaitzak erroak sendo zabaldu zituen: Estatu Batuetan, egun, pertsona bakoitzeko 2,9 metro karratuko azalera komertziala dago; Frantzian 0,9 metro karratukoa, eta Espainian 0,4koa.

Funtzionalismoaren isla bat besterik ez zen Gruenen pentsaera; funtzionalismoak, eta bere kide formala den arrazionalismoak, plangintza goren eta absolutu batek herritarren bizitzak kontrolatu ditzakeela aurreikusten du: zuk han egingo duzu lan, hemen lo, eta pixka bat harago jolastuko zara. Gizakia ez da horren kontrolatzeko erraza.

Esan ere, esan genuen aurrekoan jarduera komertziala erromatarren garaitik datorkigun aldagai hiri-eraldatzailea dela. Arkitekturan berebiziko garrantzia izan du, tipologia berrien sortzailea izan baita komertzioa: grekoen stoa eta agora, erromatarren foroa eta basilika, gure egunetan oraindik bizirik dirauten alde zaharrak, eta XIX. mendeko merkatuak, hala nola Erriberako merkatua, Bilbon, edo Tolosako zerkausia.

Christal Palace

Joseph Paxton arkitektoaren Christal Palace eraikineko irudi bat.

Aipatu beharreko beste adibide bat: 1851n, Southdale Center baino mende bat lehenago, Joseph Paxton arkitektoak Christal Palace bezala ezagutuko zen negutegi erraldoia eraiki zuen. Eraikinaren garrantzia aurrefabrikatutako piezez osoturiko sistema batekin eraikia izatean zetzan. Eraikuntza sistema modernoez eraikitako estreinako eraikina zen. Geroago, beste maisu batek, Daniel Burnham-ek, bulegoak eta saltoki-gunea biltzen zituen tipologia aztertu eta eraiki zuen.

Daniel Burham-en Reliance eraikina. Komertzioa eta etxebizitza uztartu zituen Burhamek.

Daniel Burham-en Reliance eraikina. Komertzioa eta etxebizitza uztartu zituen Burhamek.

Mugimendu Modernoak -hain zuzen ere Gruenen korronte ideologikoa- Paxtonen irizpideak jarraitu zituen XX. mendeko hastapenetan. Arkitektura malgutasunaren menpe gelditu zen, eraginkortasunaren menpe, ekonomiaren menpe.

Gerrateek hondatutako kontinentea zutitzeko pentsatua izan zen arkitektura, kapitalismo basatiaren menpe gelditu zen Estatu Batuetan. Nola uler daiteke bestela Bauhaus «gorriaren» baitan erditutako postulatuak Manhattaneko zikoizkeriaren esanetara topatzea?

Southdale Center hiri-zentroan eraikitzeko izan zen erditua, baina ez zen halakorik jazo: lur-espekulatzaileen mesederako, hiritik kanpo eraiki ziren zentro komertzial gehienak. Hamarkadak igaro, eta hiri-erdiguneak hutsik gelditu ziren. Mendea bukatu ahala, hiriguneak bete egin dira berriro ere, eta saltoki-guneak hasiera batean zuten kokalekua konkistatzera itzuli dira.

Ospe handiko arkitektoek ere, behin tipologia hori eraikitzeari muzin egin ziotenek, saltoki-guneen proiektuak egin dituzte: Jean Nouvel (Friedrichstadt -Lafayette galeriak-, One New Thing), Rafael Moneo (Diagonal), Frank Gehry (Edgemar), Tadao Ando (Collection Building)… Zerrenda luzea da.

Jean Nouvel arkitektoak Londreseko hirigunean egindako One New Thing proiektuaren infografia.

Jean Nouvel arkitektoak Londreseko hirigunean egindako One New Thing proiektuaren infografia.

Jean Nouvelen Lafayette galeriak Friedrichstadt-en

Jean Nouvelen Lafayette galeriak Friedrichstadt-en

Ikustear dago krisi-ondorengo ajean nora joko duen orain dela 60 urte sortutako tipologia. Hirigunea, aldiria, Internet? Zein izango da hurrengo kokalekua?

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

PS: Artikulu hau egiteko, hainbat iturri kontsultatu baditut ere, Harvard Design School-en Project in the City aldizkariaren bigarren alea izan dut lagun. Oso oso gomendagarria, benetan.

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *