Mallrats (I)

«Mallrats» ingelesezko hitz jokoa da eta, hain zuzen, «zentro komertzialeko arratoia» esan nahi du; Kevin Smith zuzendariaren bigarren pelikula ere bada, New Jersey-ko trilogiaren bigarren zatia,  «Clerks» bikain horren atzetik, eta «Chasing Amy» baino lehenago.

Jay & Silent Bob, zentro komertzialeko arratoiak

Gabonetako erosketetan buru-belarri ibili direnek jada badakite zertaz ari naizen. Arratoiak bezala, kaiola baten barnean ibilaraztea da zentro komertzial on baten xedea. Mike Davis soziologoaren hitzetan, «kanpoko erreferentziarik gabeko espazio bilakatzen da merkataritza gunea». Hots, argia eta tenperatura modu egokian kontrolatzen dituzte, bertan pasatzen dugun denboraren nozioa gal dezagun. Erreinu propioa da zentro komertziala, berezko arau eta lege fisikoak dituena.

Baina kontuz! Hemen ez duzue kritika merkerik topatuko, ez gutxienez merkataritza guneei dagokienez. Hauek hiriaren eraketan berebiziko garrantzia izan dute beti, eta ezin daiteke moda arrotzat hartu, nola edo hala.

Erromatarren Inperioaren garaitik hasita -non insulae etxebizitzen eraikinen etxabeetan mota guztietako dendak jartzen zituzten-, gure alde zaharretako kaleen banaketara, komertzioa eta hiria elkarri lotutako kontzeptuak izan dira: komertzioa non, hiria han. Zein da, orduan, Estatu Batuetatik eratorritako ereduak gugan sortzen duen higuin horren zergatia?

Victor Gruen arkitektoak ziurrenik zerbait izango luke esateko, aukera izango balu. Izan ere, 1980an zendu zen Gruen, jaiotzez Grünbaum zena. Beste sozialista askok egin zuten bezala, Alemaniak Austria beretu zuen 1938. urte hartan, Gruenek amets amerikarra lortzeari ekin zion. 35 urte zituen orduan. Maletan arkitekto titulua eta poltsikoan zortzi dolar zituen eta ingelesez ez zuen zipitzik ere ulertzen.

Victor GruenVictor Gruen

18 urte ondoren, Gruen XX. mendeko tipologia arkitektoniko famatuaren egile bilakatu zen. Shopping mall, saltoki-gunea, zentro komertziala, Urbil, Artea, Gorbeia, Garbera, Ballonti, Itaroa… izenak hamaika dira, baina jatorrizkoaren izena Minnesotako herri batean dago: Southdale Center.

Southdale Center maketa

Nork esango luke hain amerikarra iruditzen zaigun erosteko modu horren asmatzailea europarra eta sozialista izango zenik? Egia esan, hainbat gauza daude hemen azaltzeko: Gruenek sortu zuen proiektuaren helburua ez zen erosteko bakarrik izango zen gunea eraikitzea. Proiektuan hainbat erabilera sartu zituen, etxebizitza eta merkataritza elkarrekin nahasteko. Bere ekarpena, ordea, dendek «kanpora» begiratu beharrean, haien atea «barrura» aldatzearena izan zen. Jarduera oro eraikinaren barnean jazotzen zen eta ez zegoen kalearekin inongo harremanik.

Gruenek Vienako Ringstrasse -hormen eraustearekin batera sorturiko eraztun formako hiri zatia, alde zaharra inguratzen duena- ingurubidearen antzeko zerbait bilatzen zuen. Begirada kulturala, hortaz; nahiz eta bere eraikinek ez erabili «goi» arkitekturaren ikurrik (garaiko beste maisu batek, Wright berak, honako hau galdetu zuen Southdale bisitatu zuenean: «Zer da, trenen edo autobusen geltokia?»).

Vienako Ringstrasse

1954an, AEBko Kongresuak eredu horren funtsa betiko aldatuko zuen legea argitaratu zuen: esparru industrialak sustatze aldera, eraikin komertzialak eraikitzeko erabilitzen zuten diruari ordura arte inoiz izandako zerga kenketarik handiena aplikatuko zioten.

Aberasteko modu berri horrek herritarrak eta saltokiak behin betiko aldendu ez ezik, dendaria bera ere herritarretik aldentzen dute maiz. Adibidea Cortland-eko hirian dugu, New Yorken. 1950 eta 1970 bitartean biztanle kopurua ez zen ia hazi, baina bi hamarkadotan Cortlanden sei saltoki-gune berri sortu zituzten.

Garai horretan hasi zen gurera heldutako zentro komertzialen eredua ugaritzen. Euskal Herrian modu zentzugabean ireki dira. Hiriei eta ingurumenari egundoko kaltea eragiteaz gain, operazio komertzialen kontuak negargarriak direlako da zentzugabea. Eredu horretan dendarien eta erosleen arteko harreman hori sarritan bigarren mailarako zerbait izaten da, benetako negozioa beste nonbaiten baitago.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua
© Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *