Arbola gainean etxea

Gogoan al duzu txikitan, film amerikarrak ikustean, zuhaitzen gainean eraikitako etxeek sortutako inbidia, lilura? Ume batentzat behin betiko etxebizitza sinbolizatzen zuen etxeak, abentura guztien sorlekua, gurasoen etxeak eskaintzen ez zituen erosotasunez josia: arau gabezia, begi zelatariengandik babesa, beste umeei urez betetako puxikak botatzeko toki paregabea…

Koskortu ahala, gure irudimenean lilura galduz joaten dira arbolak, eta, maiz, porlanak bere erroak estali ondoren ere ez gara beraien garrantziaz ohartzen. Inportantzia hori ez da bakarrik sinbolikoa -gure umetako ametsek erakutsi bezala-, baizik eta fisikoa, soziala eta, zergatik ez, arkitektonikoa.

arbolak(2)

Zenbakiek, ordea, ez dakite ez ametsik, ez irudimenik, ez sentsaziorik islatzen; normalean zuhaitzak xake piezak balira bezala mugitzen ditu politikoak, arkitektoak, eraikitzaileak. Merkeagoa ateratzen da zuhaitz bat eraistea berau kudeatzea baino.

Ez dago, ordea, demagogia «berdea» egin beharrik; sarritan, kabitzen ez diren tokietan proiektatzen dira arbolak. Noizbait ikusi al duzu zure herrian «okertutako» zuhaitzik? Segur aski erroek ez dute alde batera hazteko betarik eraikuntzaren baten edo hiri-atonduren hodiren baten ondorioz. Horrela ba, sekula santan haziko ez diren zuhaitzez bete ditugu gure hiriak. Planoan oso politak gelditzen dira zuhaitzak, baita zinegotziak hedabideen aurrean erakusten dituen irudietan ere, baina, askotan, landatu ezin daitezkeen tokietan landatzen dira. Eta gero, gerokoak.

zuhaitza

Egun, arbolak beste hainbat hiri-elementuen maila berdinean ditugu, hala nola bankuak, argiak edo zakar ontziak. Baina ez da beti horrela izan. Are gehiago, egungo arkitekto gehienei hain justu kontrakoa irakatsi diete eskolan. Le Corbusier maisuak -arkitektura modernoaren arauak ezarri zituztenen artean dago- berebiziko arreta eskaini zien arbolei, bere obra ugarik erakutsi bezala. Obra horien artean agian erradikalena Musèe des Arts Décoratifs litzateke; bertan, arkitekto suitzarrak zulo borobila sortu zuen estalkian zuhaitz bati tokia egiteko. Horrelako erradikaltasunera heldu gabe, bestelako eraikinetan sentsibilitate hori erakutsi zuen: 1923ko La Roche-Jeanneret etxebizitzetan, adibidez, «L» formadun blokeak zuhaitz batekin jolasten du, fatxada atzeratuz. Stein-de-Monzie etxean, bestalde, orubean aurretik zeuden arbolek hasierako bolumen paralelogramoaren apurketa formala sortzen dute.

Adibide gehiago daude: «Arts & Architecture» aldizkariak hasitako Case Study Houses ikerketa programan aipagarria da Buff, Straub eta Hensmanek egindako etxea; argazkietan erreparatuz gero, txikitan horrenbeste lilura sortzen ziguten pelikuletako familia iparramerikar peto-petoa ikusiko dugu, saloiaren erdian zuhaitzarra dutela.

Zerrendak jarraitzen du, ez pentsa; Alvar Aalto arkitekto finlandiarrak bere arkitekturan natura txertatzeko estrategia bezala erabiltzen zituen zuhaitzak ere modernitatearen ikur dira.

Adibideak Mairea etxean edota Säynätsaloko udaletxean topa daitezke; hain zuzen ere, bere obra ezagun eta esanguratsuenetan. Aaltoren arkitekturak bide organikorantz jotzen du; eraikinak zuhaitzekin nahasten dira, beraien lengoaia imitatuz. Aditu askoren aburuz, Mairea etxeko barnealdea -Elissa Makiniemi bere emaztea zenarekin batera egindakoa-, finlandiar basoaren abstrakzio batean dago inspiraturik.

mairea1

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua
© Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *