Arkitekturaren azala (eta II)

Aurreko jardunean arkitekturan azalak edo fatxadak duen garrantziari buruz hitz egin nizuen, elementu honen bilakaera historikoari so eginez. Baina fatxadari “azala” deitzeko joera hori, gorputzetik bereizgarri den organo bezala, orain dela oso urte gutxiko asmakizuna da.arkitektura azala II

Bereizketa hori materialen eta eraikuntzari aplikatutako fisikaren aurrerapenekin batera etorri zen; aspaldi, geruza bakar batek betetzen zituen bai konfort termiko (isolamendua), bai iragazgarritasun eskakizunak ere (ura barrura ez sartzea, alajaina). Eraikuntzan erabilitako materialak eta teknikek fatxadaren itxura sortzen zuten, dena (itxitura eta barnealdea) osotasun bat baitzen; ez zegoen zatien banaketa bat. Nolabait esateko, modu organiko batean eraikitzen zen, xede bakarra izanik etxea bero, lehor eta gogor izan behar zuela.

Noski, baziren hiru bete behar horietaz harago jotzen zuten eraikinak, batez ere gizartearen alderdi publiko edo erlijiotsuari zegokionez; tenpluak, elizak, jauregiak…Oso adibide esanguratsu eta famatua da eliza erromanikoetako ateetan topa daitezkeen apostoluen irudiak, esate baterako.

Egun, eraikinarekin osotasun bat eratzen zuen “fatxada” hori “azalean” bilakatu zaigu: azala autonomoa da, bere lege propioak ditu, eta, maiz, eraikinaren barnealdetik zeharo bereizi daiteke. Egungo azalek ez dute garai batean zituzten funtzioak besterik asetzen, beste asko ere betetzen dituzte.

Ikusi, bestela, Donostiako Kursaala; bere azalak (ez dugu fatxada deituko) jokabide bitxia hartzen du ilunabarra heltzean. Beirazko geruza bikoitza tartean dauden argiak pizten direnean, fatxadaren materialtasuna aldatzen joaten da, ia solidotik likidora iraganez. Argi horien bitartez, Kursaalaren azala modu ezberdinetan argiztatzen da, hainbat kode kultural eta sozial erabiliz: Donostiako bandera, Inauterietan arlekin tankerako fatxada, Errealaren bandera, Zinemaldiko 50. urteurrenerako zenbaki horren proiekzioa…

Kursaala

Kursaala. Argazkiaren egilea: Gianluca Giaccone

Nolabait, gure janzkera ere bigarrengo azal batean bilakatu dugu, eta sarritan ikonoekin apaintzen dugu azal hori: ikur politiko zein kulturalak daramatzagu soinean, futbol taldeko kamiseta, herriko taberna baten kamiseta… Behin ongizate baldintzak bete ditugula (hau da, bero eta lehorrak gaudela), komunikazio kodeekin jolasteari ekiten diogu.

Jarrai dezagun, arkitekturaren azala azaltzeko saiakera honetan, arropa eta arkitekturaren arteko metaforak erabiltzen: moda munduan badago goi mailako joskintza, egon badago ere prèt-à-porter moda eta, azkenik, H&M, Zara eta bestelakoetan topa dezakegun moda ere. Batzuetan, diseinua gainjartzen zaio materialen kalitateari; sarri, 10 euroko prakak, nahiz eta egundoko “modernoak” izan, urte bete eskas irauten digute, apurtu baino lehen.

Arkitekturaren azalarekin berdina jazo da, azkeneko aldian behintzat. Sorpresa, ezuste eta dramatikotasunez betetako arkitektura bat bilatu da, eta, horretarako, lanabesik eraginkorrena azalarekin jokatzea delarik: berez “normaltxoak” ziren eraikinak dir-dir egiten zuen fatxada batez estali (ez al da inor San Mames Barriaren lehenbiziko proiektuaz gogoratzen?) eta…hopla! Horra gure “mugarri” berria!

Niretzat, eraikin bat izan da erabili-eta-bota pentsamendu horren adierazgarri: Water Cube igerileku olinpikoa, Txinako Olinpiar Jokoetarako espresuki eraiki zena. PTW eta Arup ingeniaritzak xaboi-ponpa baten egituran inspiratutako fatxada bikoitza burutu zuten. Fatxada hau organo bereizi bezala ulertu behar da; aireztapen sistema baten bitartez, eguzki izpien energia aprobetxatu zezakeen, neguan bero eta udaran hotz mantentzeko barneko espazioa. Antza, goi mailako joskintza. Kontua da erabilitako materiala, ethyleno tetrafluoroethylenoa, H&Mko apaletan topatzeko modukoa dela: batzuen ustez, material berri honek 20 urteko bizitza baliagarria besterik ez du izango. 140 miloi dolarreko jantzia izateko, txantxa ederra.

Post Scriptum: Oso interesgarria Vaumm arkitektoen blog paregabean agertzen den artikuloa. Benetan gomendagarria

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua
© Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *