Arkitekturaren azala (I)

Negua ate joka dugula, iluntasunak tupustean harrapatzen gaitu kalean. Hirietako farolak argitu orduko, akaso ohartzeke igaro dugun eraikin bat ikusiko dugu: han dago, harribitxia bailitzan, ehunka argi puntuz jositako fatxada itsugarridun eraikina: museoa, paraninfoa, zentro publikoa, etxebizitza eraikina

arkitektura azala I(2)

Azala arkitekturaren berebiziko esparru bihurtu da azkenengo hamarkadetan. Sistema teknologikoen bilakaerarekin batera, fatxada txundigarriz estalitako eraikinekin egin dugu topo; askotan, eguneko orduaren arabera eraikinaren irudia aldatu egiten da, argi natural, artifizial eta materialen gardentasun mailekin jolastuz. Azalak bizitza propioa hartu du; agian arkitektura zale ez zaretenontzat honek ez dizue ezer esango, baina arkitekturaren historian sekulako mugarritzat jo da azalaren eta egituraren arteko bereizketa hori.

Modu errazean azaltzen saiatuko naiz: eraikin batek egitura bat du, grabitatearen kontrako indarrak eusten dituena. Pentsa, adibidez, baserri zahar baten karga hormetan. Egitura horrek, antzinaroan, itxitura sortzen zuen. Baserriaren azala eta hezurra bat ziren. Horrela ba, baserriak oso leiho estuekin eraikitzen zituzten, harritzarrok ez baitzuten baimentzen zulo handiagorik irekitzerik.

Geroago (demagun Gotikora heldu garela), egiturak askoz arinagoak izango dira, eta materialaren disposizioak zuloak irekitzeko beta emango du. Hartu, akaso, Artzain Onaren katedrala, Gotiko estiloan eraikia.

Hain zuzen ere, Artzain Ona eraiki zen garaian -XIX. mendea- burdinek eta altzairuek ingeniaritzaren esparrutik arkitekturaren alorrera egin zuten salto; materialok erabili zituztenok horma desagerrarazi zuten guztiz, nerbioz jositako paramentuak osotuz. Pentsa Tolosako Zerkausia merkatuan, adibidez.

Azkeneko pausua ematea besterik ez zen falta, eta industrializazioa izango da coup de grâce emateko arduraduna; 1896an, Otto Wagner arkitektoak, «Modern Architektur» saiakera idatzi zuen intelektualitatearen paradisua zen Vienan. Bertan, Wagnerrek arkitektura eta ingeniaritzaren artean den distantziaren kontra jotzen du. Distantzia hori txikitze aldera, Wagnerrek horma-plakatzea asmatu zuen, hots, itxitura baten gainean harri natural lauzak itsastea.

Teknika horrek -egun erabiltzen jarraitzen duguna, etengabe gainera- azala eta egituraren arteko aldentze bat suposatu zuen, Modernitateari atea irekiz. Ordura arte eraikin askok estilo historikoen imitazio hutsalak besterik ez zituzten egiten: ordutik hona, eraikinak nabarmenduko zuen zer zen egitura eta zer itxitura. Gizakiaren komeriak; gizakiok ez dugu bereizketa hori beti gustuko izan, eta, maiz, gure etxebizitzek adreiluzko kanpo geruza jarraitua aurkezten dute, adreiluzko karga horma bailitzan. Bestelako eraikuntza arazoak daude tartean -adibidez, kanpo itxitura jarraitua ez bada, termikoki eraikina ez da hain eraginkorra-, baina, nonbait, «sendotasuna» nahi dugu, material zurruneko etxeak nahi ditugu; hots, baserriko hormatzarrak gogorarazten dizkiguten materialak.

Manuel Gallego arkitektoak oso ondo adierazten du: «Egungo arkitekturak fatxadaren ideia ordezkatzen du, eta larruazalaren ideia inposatu: kanpoko geruza bilakatzen da eraikina eta inguruaren arteko bitartekari. Ez da altxaera neutroa, baizik eta mintz aktiboa, informazioz josia, komunikatua eta komunikatiboa».

Arkitekturaren azalak, bere fatxadak, hitz egin dezake. Egun, teknologia berriak direla eta, fatxadak bestelako lengoaia teknologikoen oihal bilakatzen dira: XIX. mendeko eraikin publikoek greziar eta erromatar inperioetako eraikinen antza hartzen zuten, demokrazia baitzuten helburu; XX. mendeko abangoardiek, gizarte berri baten gardentasuna irudikatzeko, erabat beiraz osotutako itxiturak proiektatu zituzten; kulturaren aldakortasuna frogatzeko, Piano eta Rogers arkitektoek Pompidou zentroaren azala deuseztatu zuten, kanpotik atondurak besterik ez erakutsiz.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua
© Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *