Futbol, fuutbol, fuuuutbol!

Realak Anoeta estadio berria aurkeztu du gauzatzeko proiektua abian jarri behar dela eman du aditzera; futbol zelaiek, hirietako beste hainbat elementuk bezala, hirien suspertze elementu zentzua hartzen dute maiz, ikur edo sinbolo moduan ikusirik. Ikusleen borondate eta sentimendu politen gainetik -talde batekiko fideltasuna, kirolak dituen balioak…- beti suertatzen dira interes ekonomiko eta urbanistikoak. Kasu oso ezagunak daude, Real Madril taldearen Hiri Zuria kasu, edo gertukoak direnak, San Mames Barriaren antzera. Lehen Mailara heldu, eta atoan saiatu da Reala mahai gainean duen gabezia adierazten, hots, XXI. mendera egokitua izango den futbol zelai baten premia. Ekimena ez da bakarrik txuri-urdinei dagokien gauza, hurrengo futbol Mundiala baitago horren atzean eta, hortaz, hiri osoa bilduko duen jarduera baita.

futbolfuutbolfuuutbolArkitekto handien -edo ezagunen- izenak eta estadioak hertsiki lotu dira, hiria zaharberritzeko proiektuen erakusle: Norman Foster eta Bartzelonako estadioa (eta bere garaian baita San Mames Barria ere, Santi Calatravarekin batera), Arup ingeniaritza eta Mestalla…

2001. urtea zen, krisiak oraindik ere bere astindua jo aurretik, eta Jacques Herzog eta Pierre De Meuron arkitekto bikote suitzarrak Allianz Arena estadioarekin txunditu zuten futbol eta arkitektura zale oro. Horren aurrekari bikaina St. Jakob Park estadioa aurki dezakegu, Basel futbol taldearen egoitza, hain zuzen ere. Suitzarrek beren hasierako lanetan materiala eta -batez ere- fatxadaren materialtasunarekin egindako jolasak nabarmenak diran bi proiektuotan.

2008ra salto eginez, Txinan egindako Olinpiar Jokoetan, Herzog eta De Meuron-en «txori habia» arkitektura eta kirolaren arteko ezkontzaren lekuko bihurtu zen. Estadioa, Igerileku Nazionalarekin batera -xaboi-burbuilaren tankerako eraikina, gogoratzen?-, jokoen mugarri arkitektoniko bilakatu zen.

Egin dezagun atzera, 2001era. Euskal lurretan, arestian aipatu kirola eta arkitektura ezkontza horren lehenbiziko semea Eduardo Arroyo arkitektoak sinatutako Barakaldoko Lasesarre estadioa da -apala, futbol taldeak Bigarren Mailan jokatzen baitu, baina, hala ere, oso aipagarria-.

Aurrera joz, 2007ra, San Mames Barria izeneko proiektuan izan genuen ikusgai. Momentu horretan -krisirik gabeko garai misteriotsu hori-, aurrekontua ez zen arazo bat, eta estadioa, gauez, argi zuriz argitutako fatxadaz argiztatuko zen eta, partidu egunetan, zuri-gorriz argiztatuko duen iluminazio sistema konplexu bat izan behar zuen. Gola Athleticek noiz sartu, fatxada gozamen izugarriz hasiko zen dirdirka, bilbotar guztiak liluratzeko.

Egun, aurrekontuak ez dira horren malguak, eta finantzaketa bestelako ekimenen bitartez bilatu behar da; talde txuri-urdinaren estadioari dagokionez, hori bera salatu du Ezker Batuak. Udalak Anoeta moldatzeko proiektuan azaldu bezala, udal lurzoruan 15.000 metro karratuko lau dorre eraiki behar dira, operazioaren finantzaketa bermatze aldera. Alderdi politikoaren ustetan, sozietate anonimo bati ondare publikoa inongo kontrolik gabe ematea ez da egon daitekeen eragiketa demokratikoena. Futbola, edozein kasutan, sasi guztien gainetik doan zerbait da. Erlijioa eta politika publikoki arbuiatu duen gizarte honetan, fededunen azkenengo gordelekua da futbola. Zer ez da egingo, hortaz, fede hori praktikan jartzeko tenpluak eraikitzeko?

Comments 2

  1. - wrote:

    Lehenengo lotura noizkoa den ikusi duzu? Pixkat lekuz kanpo dago, bai.

    Posted 27 ira 2010 at 15:05
  2. admin wrote:

    Karkar!! Bai, lehenengo loturarekin 2004ra salto egin dugu, arrazoi…lapsus googleae bat izan da, dudarik gabe!

    Posted 18 aza 2010 at 9:35

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *