Gorteko bufoia

Isaac Asimov ezagunak zera zioen, bere zientzia-fikziozko lanari buruz -idazleak beste grina bat zuen, zientzia-dibulgazioa, baina hori atseden tarteetarako lagatzen zuen- galdetzen ziotenean: estilo horretako idazleak gorteko bufoien parekoak zirela; horiek ziren, inor amorrarazi gabe, egia borobilak botatzen zituzten bakarrak. Nonbait, arkitektura lehiaketekin, maila batean edo bestean, halako zer edo zer gertatzen da: lehiaketa askoren enuntziatuen atzetik, desio ezkutuak, filiak eta fobiak, itxaropenak eta kritikak gorde daitezke. Batez ere, ideia lehiaketetan jazo da joera hori, asmakuntzarako eta arkitekturak duen lengoaia teknikotik at mantentzeko beta ematen baitute.

gorteko bufoia(2)Inongo dudarik gabe, Espainian Sika enpresak betetzen du gorteko bufoiaren papera; urtero antolatzen dituen hainbat lehiaketetan -arkitekto, artista eta ingeniaritza ikasleentzat deialdiak plazaratzen ditu-, egunerokotasunaren isla paregabea adi daiteke. Adibideak, mesedez!

Arkitektura ikasleentzat bideratutako Sikaren azken proposamenak, adreiluaren bideak paregabe irudikatu ditu; orain dela pare bat urte, Murtzia eta Levanteko hainbat tokitan ur-hornidura naturalik gabeko golf zelaiak eraikitzen hasi zirenean, ondoko hau proposatu zuten: desertu erdian alkate batek elkar atxikitako 5.000 etxebizitza eraiki nahi zituen, baita bizilagunak erakartzeko bost golf zelai ere. Gainera, herri berri horretan ez zen komertziorik egongo, zerbitzu guztiak aldirietan kokatuko zen merkataritza gune batean kokatuko baitziren. Ah! Herrira heltzeko, jakina, autopista eraikiko zen, bidesari eta guzti. Zentzugabekeria? Horrela pentsatzekotan, argi dago ez zaretela azkenengo hamarkadan Espainian, eta, oro har, Europan, eraiki den moduari adi egon.

Beste bat, beste bat! Krisiaren aurrean, enpresak zerabilen ironia zorroztu egin zen: 2008ko ariketan, lehiaketaren enuntziatuak kontatzen zuen nola promotoreak, politikariak, soziologoak eta hirigintzan zeresana duten beste hainbat eragile gela batean biltzen ziren, saltzeke zeuden milaka etxebizitza merkatuan nola txertatu ebatzi nahian. Lehendabiziko esaldiak -promotoreak esandakoa- lehiaketaren ironia adierazten du: «Ederra egin diagu ditxosozko burbuilarekin! Eskerrak mozkinak momentu egokian eraman genizkian Kaiman uhartetara!».

Azken adibide bat: krisia konpontzeko ahaleginetan, Sikako ariketak munduko mandatari guztiak itsaso erdian sartzeko eraikin bat proposatzen du, ez leihorik ez aterik izango ez duena. Hortaz, arazoa konpondu arte ezingo dira atera.

Erdi txantxa erdi benetako adibideok arazo jakin baten gainean arreta jartzeko estrategia adimentsuak dira. Xedeak anitzak dira; adibidez, publizitatea lortzea -Bilboko Guggenheim museoko La Salve zubia «apaintzeko» lehiaketan bezala, nahiz eta behin betiko ekimena dela eman- edo arazo baten inguruan egunkarietako tituluak lortzeko bidea -zinegotziek izen handiko arkitekto internazionalak deitzerakoan oso kontuan duten bezala-. Era berean, hondamendi naturalek toki jakin bat kolpatzen dutenean ere -demagun Thailandia eta tsunamia, Pakistan eta uholdeak-, nazioarteko ideia lehiaketak ate joka izaten ditugu afera konpontzeko.

Adibide ezagun bat dago nazioarteko ideia lehiaketen inguruan: Buckminster Fuller Challenge. Buckmister Fuller arkitektoa pasa den mendeko forma-asmatzaile handi bat izan zen, baita ingurumenarekin eta ekologiarekin egundoko ardura erakutsi zuen intelektuala ere. Arkitektoaren omenez, bere izena daraman institutuak Lurrean bizitza hobetzeko lehiaketa antolatzen du urtero. Aurten, Afrikako sabana desertizaziotik libratzeko sistema bat saritu dute. Saritua, abeltzaintzako erabilera berriztatzaile bati esker, Afrikako Ikerketa Holistikoetarako Bulegoa izan da. Ingelesera belarria pixka bat egina baldin baduzue, ez galdu Allan Savory doktorearen hitzaldia, proiektua azaltzen.

4560299595_a9f1182bdb

Animaliak bide hartuta, Uganda herrialde afrikarrean egoitza duen gobernuz kanpoko erakunde batek oilategi sistema berri bat eraikitzeko lehiaketa jarri du abian. Arkitektura aitzakia bezala. Izan ere, The Poultry Project ekimenaren (Txitategi edo Eskorta Proiektua, gutxi gora behera) atzean, hori baita bere izena, hiesa duten pertsonekin lanean diharduen erakundea dago. Hona hemen, arestian aipatu dugun bezala, arazo baten gainean ardura erakartzeko estrategia.

poultry project

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua
© Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *