ARKITEKTO GAZTEON LAN EGOERARI BURUZ

«Aspaldiko! Bizi al haiz?». (Uretatik irtetean bainujantzia pegatzea, zenbaitetan, egon daitekeen gauzarik deserosoena izan daitekeela zin dagit). «Kaixo! Beno, bai, kostata, baina bizi gaituk». «Zer dela-eta diok hori?». (Hondartzan Arkitektura eskolako lagunak topatzeko usadioa, urtero bezala, zintzoki betetzen nabil aurten ere. Ene lagunak erantzuna eman baino lehen, esan beharrekoa asmatu dut: dakarren aurpegiak susmorako tarte txikia lagatzen du). «Lan arazoak, hala?». «Bai, egia esan, bai. Lanetik bidali naute, eta, noski, autonomo moduan lan egiten nianez, ba orain ez parorik ez ezer. Nagusiak lanik ez ziokeela eta denboraldi batez enpresa erdipurdika ibiliko dela esan ziguk. Agian gerora bueltatzeko aukera izango diat, lehiaketaren bat egiteko edo…».

Azken hilabeteotan etengabe entzundako hitzak, berriro ere. Madrilen orain dela pare bat urte sarri entzundakoak, geurera heltzeko pixka bat gehiago behar izan dutenak. Krisiak tamaina handiko arkitektura estudioak astindu zituen hasieran, eta, orain, tamaina erdikoen txanda da.

Ikasle garaiko lagunaren arazoa erraz ulertzeko modukoa da: arkitektura ikasketak egiteko gorriak ikusi eta gero -ia hamar urte eman zituen unibertsitatean, baina ez pentsa bereziki alferra zenik: Donostian ikasketak amaitzeko batez besteko epea hori da; batzuek azkarrago eta beste batzuek astiroago bukatzen dute, eta bakan batzuek ez dute sekula amaitzen; kontuak kontu, ez da gerora lan munduan eskarmentu handiko profesionala izatea baldintzatzen duen auzia-, orain soldata baxuko baina erantzukizun izugarriko eta inolako segurtasunik gabeko lanpostuak besterik ez ditu topatzen. Topatzekotan, noski.

Autonomo faltsuaren eredua ezin hobeto irudikatzen du nire lagunak (eta lanean dihardugun ehuneko handi batek ere bai). Kalera doanean, ez dago ez subsidiorik, ez ordaindutako oporrik, ez ezer; haurdunaldi laguntzak eta bajak lortzea ere, loteriaren parekoa suertatzen da. Beste askok bezala, esango duzue. Arrazoi osoa duzue. Prekarietatea deitzen zaio, urteotan sindikatu eta eragile anitzek salatu duten prekarietatea. Arkitektook, urte askoz, hazienda-ikuskaritza bat zer zen ere ez zekien kolektibo gisa ikusi gaitu gizarteak, dentistak, iturginak eta bestelako lanbide liberaletako beharginak bezala. Beno ba, hori bukatu da; lana gutxituz doa eta lanik gabe geratutako profesionalen kopurua handituz.

Etxera bueltan naiz, hondarra portalean sartu aurretik ondo astindu ostean, noski. Saloian sartu eta piztuta dudan ordenagailu eramangarriak mezu berria dudala ohartarazi dit. Bartzelonan den lagun batena da. «Kaixo Ibai! Suposatzen dut artikulua dagoeneko pasako zizutela, baina badaezpada bidali egin dizut. Oso gogorra da, baina benetan borobila». Artikulua elkarrizketa bat da, klasekide izan nuen arkitekto bati egindakoa. Testuak, sekulako oihartzuna lortu du gure lanbidean azken bi asteotan; posta elektroniko batetik bestera dabil, hasperenak sortuz.

Argibide bat: eskuetan duzuena ez da arkitektoon prekarietateari buruzko artikulua, ezta lizentziatu berriek pasa beharreko gabezien zerrendaketa ere. Ez da ere, izan, krisiari buruz idazten dudan hamaikagarren hausnarketa. Lerrook eredu aldaketa baten aurrean gauden galdetzeko idazten ditut.

Euskal Herriko ingeniaritza enpresa handienetakoaren buruetako bat elkarrizketatu nuen behin. Eskarmentu handiko gizona zen, hainbat krisi ikusitakoa. Ikasketak amaitu berri dituzten lizentziatuen etorkizunaz galdetzean, nagusiaren larruzko jarlekuak ematen duen konfiantzaz erantzun zidan: «Nahiz eta guztiontzako lanik ez egon, hainbeste arkitekto izateak, herri batentzako, urrearen pareko altxorra suposatzen du». Hor egongo da, bada, erantzuna: gure buruari balioa eman, eredu berriak jorratu eta jasotakoa behin eta berriz zalantzan jarri, asmatu eta borrokatu. Eta nahi baduzue, baita amestu ere.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua
© Baigorri Argitaletxea

Trackbacks & Pingbacks 1

  1. From Arkitekto gazteon lan egoerari buruz / Sobre la situación laboral de los arquitectos jóvenes « Transkitektura on 16 abu 2010 at 9:40

    [...] eskarmentuak) eta, batez ere, horren desiratua den urrezko oportunitate horren gabezia. Beste blog honetan ere aferaren beste ikuspegi bat ematen [...]

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *