Hiru ekimen, hiru eskala

Udako beroak ez badizu lan egiteko, pentsatzeko edo burua zirikatzeko gogorik kendu, hainbat egitasmoren berri izango zenuen azken hilabetean. Ekimenon kantitateak eta kalitateak, nolabait, kritika eta hausnarketa arkitektura eta hirigintza munduan hain eskasak ez direla pentsarazi dezake. Errepaso txiki bat egingo dut, bereziki hiru ekimen aipatuz.

hiru eskala

Alde batetik, eta hein batean aipagarriena, espainiar Estatuko hainbat tokitatik datorkigun Arquitecturas Colectivas ekimena dugu. Arkitekturaren inguruan aritzen diren tokiko eta kanpoko eragile edota kolektibo kopuru handiena bildu duen ekimena da.

Nahiz eta antolatzaileen partetik definizio zehatzak jaso, nire ustez, ez da batere erraza tankera honetako ekimenak azaltzea. Bati edo besteari galdetu, erantzun erabat desberdinak jasoko dituzu: batek Espainiako kolektibo «alternatiboen» topaketa dela esango dizu; beste batek, aldiz, Pasaiako Herrera auzoko birgaitzearen inguruko hausnarketa egiten ari direnen bilkura. Hirugarren batek, agian, hacker jardunaldi batzuekin egingo dugula topo zin egingo dizu. Azkenean, beste batek, guztien artean despistatuenak, garai bateko hippyen festibaltzat hartuko du ekimena.

Denek dute egiaren zatitxo bat. Izan ere, benetan ikusgarria da ekimenean parte hartu duten kolektiboen kopurua, aniztasuna eta lan egiteko borondatea. Orain dela 50 urte pentsaezinak ziren kontzeptuak bateratzeko momentuan gaude (paisaiagintza eta ekologia, ekologia eta arkitektura, arkitektura eta informatika); «hiri» kontzeptuak bere barnean dituen diziplinak, hain zuzen ere.

«Hiria» aipatu dut, baina «lurraldea» ere oso bogan dagoen kontzeptua dugu. Kolektiboen bilera batetik unibertsitateko kurtso batera egingo dugu salto. Peio Lozano zoogeografoak aurkeztu du, UEUko udako ikastaroen barruan, «Lurralde-antolamendua Euskal Herrian: eredu aldaketaren beharra?» izenburu esanguratsupean egin den kurtsoa. Arquitecturas Colectivas egitasmoa eskala txikian; izan ere, etxegintza, teknologia eta parte hartze prozesuak izan dituzte hizpide. Azken finean, UEUko kurtsoa gure bazterrak porlanez betetzeko arrazoien edo arrazoi ezen inguruan aritu da.

Azkenik, EkitenThinking EHUko ikerketa taldearen eskutik etorri zaigun udako ikastaroa aipatuko nuke, hirugarren eskala moduan. Gaia, etxebizitza eta lurzoruaren kudeaketa, batez ere krisialdi egoera batean. Hau da, non arraio bizi eta ze preziotan. Eta horretaz jarduteko, arestian aipatu bi ekimenetan ez bezala, gobernu eta kudeatzaile publikoen ahotsak entzun ziren.

Hiru eskala, beraz. Bat, hiritarrak bere berehalako ingurua aldatzeko lanabesez arduratu dena (Arquitecturas Colectivas); bestea denon ingurua eraldatzeko beharra ba ote den galdetzen duena (UEUko kurtsoa); eta, azkenik, gauza fisikoez harago doan horretaz ¯zuzenbidea, legeak¯ hitz egiteko foroa (EkitenThinking). Zein da, zuen ustez, interesgarriena, gure bizitzan eragin handiena duena?

Erantzuna ez da, nire ustez, hain berehalakoa. Norbaitek esango luke, akaso, politikarekin zerikusia duena dela garrantzi handiena duena. Baina politikak hiritarren eskutik datoz, ezta? Agian parte hartze prozesuak zabalduz gero, eta auzo bakoitzean obra bat egin behar denean auzotarren asanbladak izatekotan, politikariek kalparra ezkutatuko lukete.

Ez naiz inolaz ere astakeria bat esaten ari; herri askotan, auzo edo herri kontseilu batek eman behar die onespena hirigintzako proiektuei aurrera jarraitzeko ezinbesteko baldintza bezala. Hiritarrak beraiek «gauza publikoaren» zaindari gisa agertzen dira, eta ez erabiltzaile hutsalak bezala. Zer hobe, bada, hiru eskalok nahastea baino? Zer hobe, orduan, eskala txikitik ekin eta eskala handira ailegatzea baino?

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua
© Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *