Harrokeriaren feria

Bilboren itsasadarrari itsatsita dago, omen, 1980.etik eraiki den arkitektura «obrarik» garrantzitsuena. «Vanity Fair» aldizkari estatubatuarrak arkitektura eta artean adituak diren punta-puntako 52 arkitekto eta kritikariri egindako inkestaren arabera, Guggenheim Bilbao museoa suertatu da garaile, Einsenman, Foster, Gehry, Libeskind, Hadid, Nouvel, Rogers edo Meier koadrilaren arabera.

harrokeria

Non eta «Vanity Fair» (harrokeriaren feria edo azoka) izeneko aldizkari batean agertu behar. Agerkariaren leloari jarraiki, bakan batzuek beren eraikinak sartu dituzte inkestak eskatzen zituen bost eraikinen artean (bekatua eta bekataria esatea txarto ikusita omen dago; segi Internetera zeintzuk diren ikustera!).

Garai oparoen harrokeriek krisi garaian diraute, aintzira batean jaurtitako harriak egiten dituen uhinak bezala: gure Santik (Calatrava) sinatutako Castellóko Konbentzio Zentroa eraikitzeak jatorrizko proiektuaren aurrekontua %80 bat igoko du.

Santiri buruz ari garela, harrokeriaren feriak laga digun beste ondar adierazgarri bat: Spire Tower proiektua munduko bigarren zeru-orratz altuena izateko asmoz erditu zen. Zimenduak lurrean tinkatzeko, zulo ikusgarria egin zuten Chicago erdian, eta harrokeriaren monumentu bibliko bezala gelditu da. Guatemalan azken urteotan agertu diren zulo karstikoak gogoan?

guatemala hole

Zulo horrek, antza, luzerako jarraitu behar du bertan, Chicagoko agintariek bestelako erabilera bat bilatzea erabaki badiote ere. Horretarako, Mine the Gap izeneko lehiaketa (Mind the gap, kontuz tartearekin eta mine «meatze» hitzen arteko hitz-jokoa) antolatu da.

chicago spire gap

Irabazleak The Second Sun lemapean aurkeztu diren Alex Lehnerer, Meghan Funk eta Lindsay People arkitektoak ditugu. Beraien proposamenari buruz, ez nuke jakingo esaten harrokeria, txorakeria edo muga oro zeharkatzen duen ideia bikaina den: zuloan igerileku borobila txertatu behar da, globo aerostatiko bati lotzen zaiona. Inguruan, dorrearen orubea parke bihurtuko da, eta egun eguzkitsuetan globoa askatu egingo da… atzetik igerilekua duela. Hortaz, bainua goxo-goxo lurretik hamar bat metrora hartzeko beta emango dizu Chicagoko udalak.

Ez dakit zer dudan nahiago, harrokeria edo txorakeriak.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua
© Baigorri Argitaletxea

PD. Momentu paregabeak eskaini didan n+1 blogak, hain zuzen ere, Vanity Fair inkestaren inguruko post-a argitaratu du. Beti bezala zorrotzak eta barrez lehertzeko modukoak, irakurketa benetan merezi du pena.

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *