Metaforen beharra Arkitekturan

Sareko korapiloak desegiten, hara non topatu dudan Ganchegui & Asociados estudioko blog berria. Tendentziari jarraiki, blog batean islatzen dituzte Arkitekturaren eta gizartearen inguruko zalantzak oñatiarraren oinordekoek.

Azkenengo sarreran, La Bretxako sarrera berriaz jardun dira arkitektook. Gaur bertan ikusi dut estreinakoz eraikina, kaleko bizitza kitzikatzen zuen eguzki leun baten goxora, eta bai berretsi ere blogean agertzen diren zenbait irudipen eta iritzi.

Lehenik eta behin -hau blogetik zuzenean jakindako gauza da- Bretxako sarrerak ezizena baduela esaten zaigu; Herri Jakinduriak, gauza oro modu egokian epaitzen duen hori, “tupperwarea” jarri dio forma leun eta biribildutako eraikinari.

Irudi hori buruan, ikusi orduko gure amaren tiraderetan pilatzen den tupper festa etorri zait burura. Tolestutako beiraren bestaldean tupperra betetzen duten jakiak; gozokiak, egunkariak, freskagarriak… Metafora barregarria bezain boteretsua da.

Metaforak beharrezkoak ditugu, antza, gaur eguneko Arkitektura ulertzeko, irakurtzeko. Sydneyko badian, Jørn Utzon-ek amestutako Opera Etxearen partez belaontziak ikusi behar ditugu, belak haize zakarrak puztuta. Tupper erraldoietatik pauso gutxietara, Urumea ibaira irtenez gero, olatu-horma osotzen duen harri ikaragarria den Kursaal jauregia ikusiko dugu. Donostian bertan, Vaumm estudioak eraiki beharreko Basque Culinary Center (noiz demontre jarriko diote zerbaiti euskarazko izenen bat?) berriak plater pilatuen irudi “metaforikoa” hartzen du.

4187338889_eeeb7e60a9

Ez zaituztet aspertu nahi, baina adibideak oparoak dira: Bilbora joz gero, garai bateko ontziolek hondoa jo duen itsasontzi bat ahaztuta laga dutela ikusiko dugu, titaniozko xafla eta guzti. Txorierrira mugituz gero, Eero Saarinen-ek 40 urte lehenago egin bezala, hegaztien grazia imitatzeko keinua antzemango dugu gure Santiagoren aireportuan .

Metaforaren erabilpena zaharra da, eta zenbaitetan gure mundua ikusteko moduan oso errotua agertzen da; finean, Erromatar eta Greziar klasikoen estiloak eraikin publikoak eta batez ere demokraziaren agerpenak antzezteko erabili dugu, Ilustrazio garaitik bederen.

Gure mendi magalak zipriztintzen duten neobaserriek modu berean agertzen dituzte etxe “normal” batek izan beharreko elementuak: estalkia maldan, harrizko karga-ormak, tximinia, balkoiak… Ez al dira, ordea, etxe horiek metafora hutsak, modu berean? Azken batean, harrizko karga-ormak ez dira ez karga-ormak (porlanezko zutabeek egite dute, normalean, lana), ezta harrizkoak ere (adreiluarekin ixten dira etxeak gaur egun, nahiz eta kanpotik harrizko lauzak jartzen diren, “dekorazio” modura). Ez al dugu gustuko, bada, etxebizitzaren metafora batean bizitzea?

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Comments 2

  1. Unai Fdz. de Betoño wrote:

    Bada, tupperwarearen operazioa garesti samar atera da… Zenbat urte iraun du aurreko eraikinak zutik? Hori onargarria al da?

    Ziur asko, ezagutuko duzu, baina badago oso blog interesgarri bat eraikinen ikonografiaren inguruan: http://www.eikongraphia.com/

    Posted 10 uzt 2010 at 12:40
  2. admin wrote:

    Kaixo, Unai.

    Eskerrik asko estekagatik. Ez nuen ezagutzen, eta ikonografiaz aparte beste hainbeste gauzen inguruan aritzen direla ikusi dut. Hamabost pustarri zuretzat.

    Gastuaren inguruan, nire ustez, aberats “berrien” modura aritzen dira udaletxeak sarri, zaharra den oro alboratuz (eta balioa kenduz). Zinta gorria moztearen momentuaren irrika, nonbait.

    Posted 21 uzt 2010 at 8:59

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *