Heldu zaigu Post-postmodernismoa!

Bijoy Jain Indiako arkitektoa da, Studio Mumbai estudioaren sortzailea. 1995etik aurrera, Los Angeles eta Saint Louis hirietan egon eta gero, Indian dihardu lanean, bere sorterriko bitxikeriekin liluratuta: call-center erraldoietan, bertako jendeari azentu britainiarra imitatzen erakusten diote, milaka kilometrora diren ordenagailu erabiltzaile ingelesen zalantzak argitzeko. Erabiltzaile horiek, akaso, ordenagailuak emandako arazoa konpondu eta gero, Indiatik delineatzaile batek bidalitako eraikin baterako diseinua jaso ahal izango dute.

post-postmodernoa2

Indiako adibide horretan, arkitektura globalaren joan eta etorriko bidaia agerian da, prozesuan parte hartzen duten elementu guztiekin: enpresen herrialde batetik besterako jauzia, teknologia berrien erabilera, kultura galtze prozesua eta mundu osoan berdinak ematen duten irizpide estetiko eta arkitektonikoen onespena.

Estilo galera, alegia. Mugimendu Modernoak XX. mende hasieran egin bezala, milurteko arkitekturak (Post-postmodernismoa deituko dugu, txantxa moduan) hiri denak igual neurtu ditu; Dubai, Chicago, Tokio edo Madrilen baliabide parekoekin sortu ditu proiektuak, tokiko bereizgarritasunei muzin eginez. Finean, Post-postmodernoek “herrialde” berdineko hiri ezberdinetan eraiki dute, nahiz eta, “herrialde” hori, batzuetan Garapen Jasangarria deitu, bestetan Kapitalaren Erreinua izena hartu, edota Azpiegituren Paradisu izenez ezaguna izan.

Bijoy Jain Londreseko Victoria&Albert museoan egindako arkitektura erakusketaren parte-hartzailea da. Erakustaldiak zazpi irabazle izan duen lehiaketaren ondorioak aurkeztu dizkigu. Arkitektura estudio bakoitzak bizitza, gizakia eta arkitekturaren arteko erlazioa zelanbait aztertu du eta hori, jakina da, ez da berria. Zazpi proposamenak beraien artean oso ezberdinak baziren ere, proiektu askotan, tokian tokiko arkitekturarekin eta teknikekin eraikitzeko desioa hauteman zitekeen.

Indiar arkitektoaren hitzok aspaldian sumatzen den egoera bat aditzera ematen dute: krisiak, azkenik, mugiarazi du arkitekturaren mundua, asmo onetatik eta zuzentasun politikotik haratago. Iruñean gauzatu den Nazioarteko Arkitektura Kongresuan ere paradigma aldaketa baten beharra aldarrikatzen zuten ahotsak entzun ziren (nahiz eta ahots horiek ez etorri horrenbesteko ikusmina sortu duten Pritzker saridunengandik).

Hain zuzen ere, kongresu txit apartari hasiera emateko etorri zen Felipe Espainiakoak hitzak ondo aukeratu zituen: eguneroko ingurua gizatiartu beharra dago, pertsonentzako arindu, eta arkitekto bat erabiltzeko kapaza den balioak hiri-espazioan edo landa-lurretan erabili.

Pena gure Felipe eta Letiziak eraikitako 3.000 metro koadroko etxean irizpide horiek erabili ez izana. Baina tira, hitzen zentzua ulertu, eta jo dezagun aurrera. Interneten ere zabaldu dira zenbait ahots, hedabideek star-system arkitektura zabaltzean eta goraipatzean izan duten errua nabarmenduz. Oso bitxi suertatu zait Espainiako kazetari baten aitormena, «izar-arkitektoak» benetan ba ote zeuden galdetu zuenean.

Pista bat, sarean surfa egiten hasi nahi baduzue: izena euskalduna du, eta oso kritikari ezaguna da. Kritikariak bere kezkak oso izenburu esanguratsu baten atzetik islatu zituen sarean daraman blogean: «Izan al da inoiz, bada, izar-arkitektorik?» Esan beharra dago gutako asko aho bete hortz gelditu ginela. Ez dakit zer egin, negar edo barre.

Honek guztiak Post-postmodernismoaren garaia deituko dudan aldira ekarri gaitu. Hartu broma bezala, broma oso serioa bada ere. Estilo arkitektoniko bitxi hau krisi ekonomiko latz batekin etorri da; barka nazatela krisiaren efektuak pairatzen ari direnak, baina izar-arkitektoaren irudia behin-betiko suntsitzeko balio badu, ongi etorria izan dadila Post-postmodernismoa!

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *