Zer dago modan?

Aurreko batean, irrati saio batera gonbidatu ninduten. Hedabide guztiak dira, modu batean edo bestean, ideia bat egoki zabaltzeko aukera. Pentsamendu hori patrikan, esatariak galdera sinple bezain erantzuteko zaila luzatu zidan: «Zer dago orain, zure ustez, modan arkitekturan?».

Glub. Ez naiz arkitektura kritikaria, baina arkitektook munduan zehar zer egiten ari garen jakin badakit. Zergatik, orduan, kopetako izerdia? Zergatik ezin dut erantzun zuzena eman, itzulinguruka hasi ordez?

logotipo alhondigaArkitektura modu egokian azaltzeko beti egon dira komeriak. Bruno Zevi historialari handiak, 1948an, zera idatzi zuen: «Publikoak pinturan eta musikan interesa du, baita eskulturan eta literaturan ere, baina, aldiz, ez du arkitekturan interesik. Intelektual bat zurbildu egingo litzateke Matissen margo bat ez ezagutzea leporatuko baliote». Gure garaian ez da hori gertatzen, arkitektura «modan» baitago. Hortaz, zergatik suertatzen da hain zaila arkitektura azaltzea?

Asteotan, pasilloetan izan ditugu mintzagai Donostiako Tabakalera eta Bilboko Alondegia. Proiektu bat aurrera, eta bestea… beno, demagun bestea ere aurrera doala. Bukaera gabeko krisi baten erdian, bi proiektu kultural. Eta dirurik gabe. Eraikinon diseinua krisia etortzear zegoela onartzen ez genuen garaikoa da. Batak besteari aurre hartu dio, epeetan eta -agian- borondate politikoetan.

Bi proiektuak ez dira arkitektura garaikidearen oso adibide onak, batez ere aurreko eraikinen mesedea bereganatzen dutelako. Bilboko kasuan, Ricardo Bastida zenak diseinatu zuen Alondegia. Donostiako eraikinaren kasuan, aldiz, XIX. mendeko industriak erakusten zuen arkitekturarenganako sentsibilitatea nabarmena da. Indarrean jarritako bi proiektuen diseinuok aurrekoarekin zelanbaiteko oreka bilatzen dute, eta, orokorrean, ez dira ikusgarriak, funtzionalak baizik. Behintzat Phillipe Starck «diseinatzaileak» eskua lar sartu ez duenean. Kakotxak nahita jarri ditut.

Gasteizeko hiria ere izan dugu hizpide Bilbo eta Donostiarekin batera. Izan ere, lehiakide asko ez dira batere ados Gasteizeko Kongresu Jauregiko lehiaketaren emaitzarekin. Patxi Lazcoz alkateak arkitekto baten baino gehiagoren deia jaso du; Francisco Mangado jaunarena adibidez. Lehiaketa auzitara eramateko mehatxuak ere heldu zaizkio zuzenean; hori da, kasu, «bigarren» geratu den Andres Perearen kasua. Eta bai, kakotxak nahita jarri ditut.

Hirugarren adibidea ere ez da garaion lagin egokia. Eraikina funtzionala da, zenbaiten ustetan txepel samarra, graziarik gabea edota azkenaldian eraikin publikoek erakutsi dituzten xelebrekeriarik gabea. Ez da, hortaz, «punta-puntako» arkitektura. Eta bai, oraingoan kakotxekin asmatu egin duzu.

Laburbilduz, hona hemen gaur modan dagoenaren ezaugarriak: ez du aurrekoarekin oreka bilatzen, ezta funtzionaltasuna ikusgarritasunaren aurrean jartzen ere. Hara! Horregatik kopetako izerdia.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *