“Donosti inguruko bide berriak / Errera’tik du asiera”r

“Donosti inguruko bide berriak / Errera’tik du asiera”. Hitzok Andoni Kortajarena bertsolariak abestu zituen, 1969an, Herrera auzo donostiarreko San Luis Gonzaga festetan. Bertsoan, eraiki berri zen errepideak ekarritako gaitzak ezagutarazten dizkigu herreratarrak, modu zuzenean gainera: “bide berria ondo datorkio/ Donosti ederrari/ lasaitasuna emateko/ dirua dun jendeari”.

donostiako_bide_berriak

Herrera auzoa izango du aztergai, hain zuzen ere, hurrengo urrira arte zabalik izango den arkitektura parte-hartzaileko lehiaketak. Ekimenaren sortzaileak Donostiako Arkitektura Eskolan topa ditzakegu; bertan, CAVIAR (Calidad de Vida en la Arquitectura) ikerkuntza taldeak arkitektura aztertzen du, batik bat hirigintzak gizartean zer modutan eragiten duen ikertuz. Teoriatik praktikara jauzia emateko, Herrerako auzoa laborategiko lagin bihurtuko du EHUko ikerlari taldeak Herripe Auzo Elkartearekin batera.

Adi, izan ere, programa luze bezain interesgarria izango dugu hurrengo hilabeteotan. Aste honetan bertan, Herrerako lehiaketaren berri zehatza emango digute Donostiako Arkitektura Eskolan egingo den «Parte-hartzea eta hirigintza gizarte ikuspuntutik» hitzaldian. Herrerako lehiaketan parte hartuko duten ikasle eta lizentziatu berrien aurrean, parte-hartzearen inguruan hitz egingo dute Hiria Kolektiboko kideek edota Izaskun Chinchilla arkitektoak.

Hitzaldiaren ondorioak «AC3, Arquitecturas Colectivas» topaketetan aurkeztuko dituzte, uztailean. Topaketa horietan, estreinako proposamenei zuzenketak eta ekarpenak egiteko aukera izango dute bildutako arkitekto, soziologo, artista eta hiritarrek. Urrian izango ditugu ikusgai proposamenak, eta, hortik aurrera, Herripe Auzo Elkartearen eta Donostiako Udalaren esku geratuko da dena.

Nahaste-borraste hau guztia pixka bat argitzeko, CAVIAR taldeko Olatz Grijalba arkitektoarekin hitz egitea erabaki nuen. Hitzaldiaren ekimena Olatz berak eta Claudia Pennesek arkitektura parte-hartzailea teoriatik praktikara eramateko agertutako borondatetik sortu da. «Parte-hartzea gero eta gehiago jorratzen ari da gure inguruan, eta garrantzitsua da, nahiz eta diziplina bere hastapenetan egon. Arkitektura eskolan ildo erabat berria jorratzen gabiltza taldean, eramangarritasuna, hirigintza eta energia-eraginkortasuna uztartu nahian», esan digu.

Argi dago, ildo oso berria da oraindik ere. EAEko 2006ko Lurzoruaren Legeak hiritarren parte-hartzea zelanbait ezarri bazuen ere, udalen borondateari lotu zaio oraingoz hiritar eta politikarien hartu-eman horren gauzatzea. Herrerako Herripe Auzo Elkarteak bere webgunean agertzen duen moduan, Donostiako Udalak ez ditu betetzen bere agirietan herritarren partaidetzaren arloan azaltzen dituen asmoak.

Aipatutako bi ekimenetan -hitzaldietan eta uztailean egingo diren jardunaldietan-, hiritarra hirigintza prozesuaren parte bilakatzeko nahia dago. Horrela bada, hainbat tailer egongo dira hirigintza parte-hartzailea, hiri-baratzeak, eraikinen birziklatzea, hiri-komunikaziorako teknologia berriak… aztertzeko. Bideak ezberdinak dira, baina norabidea bakarra: munstro trakets eta itxia den plangintza behingoagatik hiritarrei irekitzea.

Herrerako herritarrek bide berria ireki nahi dute. Ez da hormigoi armatuz eraikiko, baizik eta hiritarren beraien zentzu demokratikoarekin. Hiritarren parte-hartzea zeharo deserosoa da politikoentzat, botereak eskuetatik alde egiten baitie. Hiriarentzat eta gizartearentzat, aldiz, guztiz onuragarria da hiritarren parte-hartzea; tokian tokiko errealitatea ezagutzen duten pertsonek bidea modu egokian bidera dezakete, nahiz eta gauzatze eta kudeatze lanak hainbat teknikariren -arkitektoak, soziologoak, politikariak- eskuetan erori.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

EGUNERAKETA ETA AKATSEN ZERRENDA: Hiria Kolektiboa Herripe Auzo Elkartearekin aspaldi darama lanean, eta Herrerako gune industrial batentzako birgaiketa lehiaketa aurkeztu berri dute. Berri honetan agertzen diren eragile kopuru handia ikusi eta gero, uste dut ez ditudala ondo azaldu nork zer egiten duen. Barkatu, arren.

EGUNERAKETA (II): Lankide dudan Xole Aramendik Hiria Kolektiboari buruzko erreportaje bikaina kaleratu zuen pasa den zapatuan. Ariketa endogamikoa bada ere, hemen ikusi dezakezue.

EGUNERAKETA (III): Myriam Ibáñez eta Jose Luis Romero arkitektoek irabazi dute Herripe, Caviar eta Hiria Kolektiboak antolatutako lehiaketa.  Zorionak benetan!

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *