Zentsura edo/eta alferkeria

Donostiako Arkitektura Eskolako ikasleek, lantzean behin, iskanbilatsuak izaten dira; ez zaie, nire ustez, arrazoirik falta. Azkenengo purrustada Karrera Amaierako Proiektua zuzentzeko egindako aldaketekin etorri da. Lehen gainditzeko zaila bazen, orain ordea pasarte mingotsa bezain umiliagarria bilakatu da: Eskolak ikasle bakan batzuei bakarrik emango die epaimahaiaren aurrean proiektua azaltzeko beta, “interes pedagogiko gutxiko” proiektuak alde batera utziz.

Proiektuak urte beteko lana hartzen du -gutxienez-, eta ikasle bakoitzaren zalantzak, hausnarketak eta, oro har, karrera luzean zehar egindako ibilbidearen laburpen forma hartzen du. Ezin da ulertu, beraz, non den, pedagogikoki, gabezi hori; azken finean, proiektu txarrak, onak baino irakaspen handiagoa eman dezake. Gurean gaitz endemikoa, benetan, porrotari beldurra, edo lotsa. Gauza okerrek asko irakatsi dezakete, baina batzuk ez omen dira oraindik jabetu.

Pentsamendu txarrekoa banintz, irakasleak azalpenak erditik kendu nahi dituztela pentsatuko nuke, hau da, alferrak direla. Baina hori, pentsamendu txarrekoa banintz. Hori baino, askoz logikoagoa da pentsatzea gure unibertsitateak ez duela, hamarkada bat irauten duen hezkuntza-zikloa eta gero, probetxuzko profesionalik hezitzen. Hori baita, irakasle maiteok, jarrera honekin nabarmentzen ari zaretena.

Bihar, osteguna, izango dute DAGET-eko ikasleek egoera hori konpontzeko aukera, bestelako mezua heldu araziz. Karrera Amaierako Proiektuak aurkeztuko dituzte, ikasleek ikasleei irakatsiz, eta, hartara, unibertsitatean gutxitan gertatzen den mirakulua gauzatuko da: ikasi egingo dute.

EGUNERAKETA: Ikasle talde handia bildu zen, Eskolako pasiluan, protesta egiteko. Hedabideek notizia jaso egin zuten, bat baino gehiagori izerdia sorraraziz, ziur aski. Garak eta Diario Vascon agertutako berriaren islak lagatzen dizkizuet.

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *