Autonomo faltsuen sindikatua

Maiatzaren Lehena urrunegi al dugu? Aste honetan, Partenon tenpluan, Mendebaldeko arkitekturaren mugarri den horretan, «People of Europe, Rise Up!» zioen pankarta irakur zitekeen. Europako jendea, altxatu. Grezian, borroka astea izan da. Arkitektura munduan ere, antzerako zerbait. Gurean, aldiz, astebete igaro eta, bat-batean, bandera gorriak, aldarrikapen sutsuak… non sartu dira? Grezian jazo diren istiluek, askorentzat, Ongizate Estatua bermatzen zuen sistemaren porrota ematen dute aditzera. Beste batzuentzat, ordea, sistema hori bera mehatxatzen dute.

arquitectos precarios02

Maiatzaren Lehenarekin batera, berri bat zabaldu zen lau haizetara, orain dela zenbait urte pentsaezina izango litzatekeena: Espainian, Madrilen, arkitektoen estreinako sindikatua sortu da, Sindicato de Arquitectos de España delakoa. Ekimenaren atzean, aspaldian arkitekto gazteen -hau da, 45 urtetik beherakoak- eskubideak defendatuz ibili den Arquitectos Explotados talde madrildarra dago.

Momentu ezin hobean heldu da berria. Dakizuenez -eta ez badakizue adi, sinplea bezain ulertzeko zaila baita-, arkitektook, beste hainbeste lanbide bezala, gure elkargoak ditugu. Elkargo horiek, historikoki, kideen eskubideak bermatu eta defendatu dituzte. Tamalez, eta askoren ustea da, azken urteotan ez dira betebehar horretan fin aritu. Hortaz, belaunaldi berriek bizi duten babesgabetasun egoerari irtenbidea emateko sortu da sindikatua.

Noski, gauzak ez dira orain dela 60 urte bezala; nekez jardungo ziren Galindez, Ispizua eta Basañez bezalako arkitekto handiak egungo arkitekto gazteei loa kentzen dieten gaiei buruz. 1954an, Iruñeko arkitektura eskola sortu zenean, dozena bat eskola baino gutxiago zeuden Espainia osoan. Egun, gradua eskaintzen dutenak kontuan hartuta, 50era helduko dira. Espainiako Arkitektura Elkargoen Goi Kontseiluak 2007an zioenaren arabera, 2001. urtetik 2007ra bitartean, Espainian 33.000 elkargodun inguru izatetik 45.000 izatera igaro gara; hau da, %46ko igoera. Horiek, elkargodunak. Hartu kontutan, irakurle, arkitekto lizentziadun asko eta asko elkargoetako kuotak ordaindu gabe ari direla lanean; nagusi baten esanetara edota eraikuntzarekin zerikusirik ez duen jardueraren batean ari dira. Hortaz, eta gauzak horrela jarraituz gero, espainiar Estatuak, aurki, 100.000 arkitekto izango ditu.

Ez dago, inondik inora, guztientzako lanik. Ez, behintzat, garai batean arkitektoek egiten zituzten lanak kontuan hartzen baditugu: diseinatu, obrara joan, atondurak eta egiturak kalkulatu, bezeroekin harremanak mantendu, aurrekontuak egin, eraikitzaileekin aurrekontuen jaitsiera borrokatu… Eraikuntza, egun, guztiz teknifikatu da, eta orain dela hamarkada batzuk pentsaezina zen eragile kopuruak hartzen du parte. Orduan, non da arazoa? Lana aniztu baldin bada, eta baita arkitekto kopurua ere, denentzako lan aski egon beharko litzateke, ezta?

Ez da horrela gertatu. Zaldun bakartiaren ildoa jarraitu ez dutenek -hots, estudioa ireki ez dutenek-, egun oso bestelako lan mundu batekin egin dute topo. Estudio gehienetan arkitekto gazteek autonomo gisa egiten dute lan. Beste profesional liberal batzuekin (abokatuak edota dentistak kasu) gertatzen den bezala, bezero-bakarreko arkitekto autonomo belaunaldi bat dugu lanean. Horrek, zer esanik ez, langilearentzat egundoko desabantailak ditu: segurtasun eza, langabezi laguntzarik jasotzeko eskubide eza, eta, batez ere, profesional bezala hazteko aukera gutxi.

Ez dirudi gauzak aldatzeko trazarik dagoenik. Testuinguru ekonomikoa ikusita, Espainiako Gobernuak autonomo faltsuen egoera aztertzeko agindu zituen ikerketak bertan behera laga ditu; hurrengo urtarrilean hastea espero dute, Madrilen bederen. Espainian eskuarki zabaldutako zerbait bada ere, merkatua puri-purian egon den tokietan, Madril eta Bartzelonan kasu, autonomo faltsuen gaitza izugarri hedatu da, bai behintzat Euskal Herriarekin alderatuta.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *