Jokoaren arauak

Gauza bera errepikatzen dut orrialdeotan, behin eta berriz, gauza aski ezaguna balitz bezala, baina, hala ere, ahantzia: arkitekturak prezio bat du, paperean marrazten den marra bakoitzak azalera, bolumena eta koste bat ditu. Egunkarietan azaltzen diren hiru dimentsioko super-infografia horiek atzetik kostu ekonomiko bat dute, eta, maiz, pellokeria horri ez zaio batere kasurik egiten. Eta gero, gerokoak.

einsenman1

Askotan arazoak arkitektoari leporatzen zaizkio, batez ere ospe eta esparru internazionalean mugitzen direnean. Santiago hirian eraikitzen ari den Cidade de Cultura de Galicia da horren adibide. Proiektuaren xedea: Santiago munduko mapan kokatzea, dudarik gabe. Azken hamarkadetan gertatzen ari den bezala, Guggenheim efektuaren bila, udal askok ideiak baino lehenago dirua jartzen dute mahai gainean. Eraikina egin, eta, ondoren, zertarako erabiliko dugun pentsatu. Santiagoko proiektuaren aitabitxi maitea On Fraga Iribarne izan genuen, eta bere ondoren (ideia lehiaketa 1999koa da) etorritako gobernuek ildo bera jarraitu dute; megalomania eskalara hel daiteke proiektua. Ez dira megalomaniak arkitekturarentzat, berez, txarrak; mendeetan zehar obra interesgarri asko autarkiaren altzotik atera dira. Apustua bota du Xuntak; ea zer moduz ateratzen zaion.

Oraindik ez dut Cidade de Culturaren arkitektoa aipatu ere egin, ezta? Peter Einsenman estatubatuarra da arkitekto erruduna edo, posibleago, errugabea. Aurrekontuaren kontrol eza, epeak mantentzeko ezintasuna… ezingo nuke esan non dagoen arazoaren mamia. Atzerriko arkitektoek obran eskua zein gutxi sartzen duten jakinik, arkitektoaren trakestasuna ez da behintzat nik aukeratuko nukeen arrazoia. Obraren kudeaketa txarra izan daiteke (Raxoiren lehengusu bat eta guzti dago tartean!), edota, proiektua egiteko borondate politiko irmoa izanagatik, proiektuak hasieratik izatea planteamendu okerra (beharra sortuko duen eraikinaren paradigma, nonbait Tabakalerari gertatzen zaion antzera).

Peter Einsenmanentzat ez da urte erraza izan. Bigarren Mundu Gerrako holokaustoan hildako judutarrak gogoan Berlinen eraikitako memoriala arkitektoaren obra ikusgarrienetariko bat zen, dudarik gabe. Reichstag-etik eta Brandenburgoko atetik gertu dago eraikina, eta, heldu orduko, ehunka bloke beltzek zentzuak eta adimena hutsean jartzen dizkigute. Hilerri metaforiko bat da; hilobi bakoitzak, oinplantan zehazki neurri berdinak izanik, altuera ezberdina hartzen du. Horrela, blokeok Alemaniaren lotsaz osotutako itsaso beltz bat osatzen dute.

Poesiak 5 urte iraun ditu. Izan ere, 2005ean bukatutako obra pitzaduraz betetzen ari da. Hormigoiaren akats baten ondorioz, ur kantitate txiki bat barneratu da blokeetan eta Berlineko negu gorriak, eta urak izotza bihurtzerakoan bolumena handitzeko duen tendentzia zeharo desegokiak, gainontzekoa egin du.

Einsenmanen bi adibideok hori dira, adibideak. Sarritan aipatu ditugu aurrekontuetatik alde egiten duten proiektuak, normalean diru publikoarekin ordaindutakoak. Hori bai, ez diogu arkitektoari dena leporatuko, maiz jokoaren arauak ere aldez aurretik pozoituta izaten baitira.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *