Kazuyo eta Ryue

Aste Santuak sariak ekarri ditu arkitekturara; dakizuenez, Pritzker saria nazioarteko arkitekturako saririk handiena dugu, Nobelen parekoa, batzuen ustez. Aurten, Kazuyo Sejima eta Ryue Nishizawa arkitektoek osatzen duten SAANA estudioa saritu du Hyatt fundazioak, eta, bere historian hirugarren aldiz, arkitekto bikote bati eman dio aintzatespena.

saana copy

Sejima ez da Pritzker saria jasotzen duen estreinako emakumea: Zaha Hadid irakiarrak 2004ean jaso zuen berea. Edozein modutan, garaiak aldatu direla ematen du, Sejima (emakumea) bere kide den Nishizawa (gizona) baino ezagunago egin delako, eta estudioko aurpegi ezagunena bihurtu baita.

Ez dut esandakoa huskeria edota bitxikeria bezala esaten. Robert Venturi arkitektoak 1991. urtean bere Pritzker saria jaso zuenean, bere diskurtsoa aditzen zuten ikusleen artean, seguru asko, bere emaztea eta kide profesionala den Denis Scott Brown izango zen, betiere senarraren itzalean izatera kondenaturik. Itzalean dauden arkitekto eta profesionalei buruz beste batzuetan ere hitz egin dugu, afera aski ohikoa baita; Ray Kaiser eta Charles Eames, Margaret MacDonald eta Charles Rennie Mackintosh, Aino Marsio eta Alvar Aalto, Carme Pinos eta Enric Miralles, Dennise Scott Brown eta Robert Venturi edota Farshid Moussavi eta Alejandro Zaera-Polo emakumea bigarren planoan lagatzeko tendentziaren erakusle dira.

Kointzidentziaren edota patuaren eraginez, Pritzker sariko webgunea arakatzen nengoen bitartean liburu bitxi baten berri izan nuen: «To become an Architect (a guide, mostly for women)» -Arkitekto bilakatzea (gida bat, batez ere emakumeentzat)-. AEBetan argitaratu den liburu honek bertan emakume arkitektoek dituzten lan baldintzak aztertzen ditu: emakumeak arkitektura ikasleen %50 diren bitartean, lan-esparruan %15eko portzentajea besterik ez dute betetzen. Zer dela-eta?

Euskal Herriko estudioak betetzen dituzten profesional gazteen artean emakume asko dago, eta, ikastegietan, honezkero, %50 baino gehiago dira emakumezkoak. Lan munduak ez dio, aitzitik, horri jaramon handiegirik egin; 35 urtez beherako arkitektoen portzentajerik handiena langile autonomo moduan ari da lanean, maiz egoera sasilegalean. Horrek ematen duen segurtasun ezak emakumeengan ditu ondorio larriagoak autonomoen erregimenaren berezitasunak direla medio; hots, amatasun-baja bikotekideetako edonork hartzea ezinezkoa izateagatik.

Zaha Hadid iraniarrak, 2004. urtean, emakumeen kontrako paradigma bat apurtu zuen: emakumearen irudia ez zen jada inoren «laguntzaile», «kide», «maitale» edota «babesle» gisa azaltzen. Bera zen, bera bakarrik.

Ez dakit SAANAren kasuan generoarekin lotutako irakurketak egitea demagogia puntu bat denetz, baina egun hauetan ondokoak entzun ditugu kaletik: «Entzun al duzue? Kazuyori eman diote Pritzker saria».

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *