Spain’s passion for hiring big name architects

FOA. Beno, fua! esan beharko genuke, agian. Pasaiako badian, arkitektura lehiaketa batek ederra antolatu du. Foreign Office Architects (FOA) estudioaren parte da Alejandro Zaera arkitektoa, ehuneko berrogei eta hamarrean bederen. Beste kidea Farshid Moussavi dugu, eta bion artean Pasaiako lonjaren proiektuaren aurrekontua %20 bat igo behar dela erabaki dute. Esan bezala…fua!

Ez da FOAk aurrekontuekin iskanbilak dituen estreinako aldia. Iaz, Madrilgo Justizia Kanpusean, %53ko igoera eskatu zuten arkitektook Medikuntza Legaleko Institutua bukatzearen truke. Kargua hartu berri zuen sailburuak, Francisco Granadosek, ezetz, asko jota %23ko igoera onar zitekeela: Alejandrok eta Farshidek, atoan, «aio Pelaio» esan eta eraikitzen ari ziren proiektua bertan behera utzi zuten.

FOA

Oraindik eskandalizatu gabe? Beno, diru publikoaz ari garela jakin beharko zenukete. Lehiaketa publiko bat iragartzen denean, aurrekontu jakin batekin iragartzen da, eta proiektistak ezin du, logikoki, diru kopuru horretatik aldendu. Arkitektura ona, proiektu onak burutzen dituen arkitektura, ez da aurrekontuekin iruzurretan ibiltzen. Nolatan orduan %53ko igoera hori?

Le politique. Madrilgo kasuan «Esperanza y Alberto» Venezuelako kulebroiarekin azaltzen da: FOAk Alfredo Prada sailburuarekin adostu zuen, behin irabazi eta gero, aurrekontuak gora egingo zuela. Alfredo Prada kanpora, Francisco Granados barrura, eta aurrekontua igotzeko akordiorik ez. FOAk 967 €/m2-ko zituen eraikitzeko, eta kalearen beste aldean Fosterrek 2.500 e/m2-ko zituen. Ondorioz, FOA petraldu egin zen eta alde egitea erabaki zuen, bere eraikinak kutre samar gelditzeko aukera guztiak baitzituen. Star system-ak 1 – Hiritarrek 0.

Pasaiako kasuan testuingurua antzekoa bada ere, esan beharra dago gauzak hobeto egin direla, aurrekontua igotzeko akordio batera heldu baitira; lehiaketa berriro errepikatuko da, eta parte hartzaile guztiei emango zaie aurrekontu berriarekin proposamen berriak aurkezteko aukera. Honek guztiak ez ditu azaltzen, edozein kasutan, %53ko edota %20ko igoera horiek. Nazioarteko maila duten arkitektoak aurrekontuak egiteko gai ez al dira? Gorabehera batzuk egon daitezke, jakina, baina… horrenbeste? Diru publikoak dena jasaten duela ematen du, tolesgarria, malgua dirudi.

Pasaian kokatu beharreko lonjan, antza, ez zen eraikin «berezirik» espero. Miguel Buen sailburuaren arabera, aurreikusitako dirua, 15 miloi euro, «erabilera industrialeko eraikin arrunt bat egitea buruan izanik aurreikusi zen». Kointzidentzia kosmiko bat tarteko, azken aukeraketa fasera igarotako bost proiektuek proiektu «bereziak» zituzten. Bereziak edo garestiak? 15 miloi «arrunt» horiek 18 miloi «berezi» bihurtuko dira, arkitektura «berezia» bermatzeko.

Esan beharra dago, dena ez baita txarra, Pasaiako kasuan lehiaketa irekia izan zela, eta Pasaiako herritarrak nolabait prozesuko partaide bilakatzeko apustua egin zela, horretarako herri asanbladak erabiliz. Beste toki batzuetan, Zarauzko auditorioan kasu, izen handiei besterik ez zitzaien kasurik egin, horrek, halaber, dakarren prezio eta gauzatze arazo guztiekin. Irabazle agertu zen Coop-Himmelblau estudio austriarrak aurrekontua handitzea eskatuko al du? Star system-ak 2 – Hiritarrek 0.

Beste behin ere, arkitektura ona lortzeko diru kopuru erraldoiak inbertitu behar direla sinestarazi nahi digute. Agian, bi egunkarik argitaratu dituzten berrietara jotzeak afera askoz argiago ikusteko balioko digu. Batetik, «The Guardian» britainiarrak, arestian aipatutako Madrilgo polemikan «Spain’s passion for hiring big name architects» esaldiarekin hasten du kontakizuna. Hau da, izen handiko arkitektoak kontratatzeko grina du Espainiak. Bestea, «Diario Vasco» Gipuzkoako egunkarian aurkitu dugu. Esanguratsua benetan Pasaiako lonjako lehiaketaren emaitza ezagutzera emateko aukeratu zuten titularra: «Pasaia ya tiene su arquitecto estrella: Alejandro Zaera». Izena eta lekua biltzeko grina, Bilbao eta Gehry bezala, Donostia eta Moneo bezala.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

EGUNERAKETA (2010eko maiatzaren 29a): Diario Vascok berri bat dakar, Pasaiako lonjaren proiektua berriro atera dute lehiaketan.  Pasarte batzuk irakurtzen (”La pregunta que se hacen personas cercanas al Consejo de Administración del Puerto es por qué se presentó, si el presupuesto fijado no cubría los costes” edo “El nuevo concurso no sólo ha provocado modificaciones en las partidas económicas. Esta segunda oportunidad se ha aprovechado para incluir mejoras en el edificio.”) barre ederrak bota ditut, ez baitakit zer den komikoagoa, kazetarien esamolde higatuak edota errealitatearen katxondeoa. Woody Allenek “Nola akatu, behingoz, arkitekturarekin” tankerako liburua idazteko moduko historia.

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *