Moron awards

Lagun batek bart Interneteko zirrikituetan jasotako berri bat kontatu zidan: «ba al dakizu zer den “moron” hitza ingelesez?». Gaztaroko abesti baten titulua gogorarazi zidan hitzak. «Bai, ergela, tontoa, ezta?». Antza Moron awards, edo «Ergel saria» delako bat arkitekturaren txepelkeriak epaitzen zebilen mundu digitalean.

moron

Jakin-minez, Googletik iragazi eta gero, kanpainaren jatorria topatu nuen, oso bestelakoa; Highgate road, London hiriko Kentish Town herrian, hirian den georgiar estiloko kale bakarrenetarikoa da. Eta arrisku larrian dela ematen du Little Green Street deritzon kalea.

Georgiar estiloa XVIII. eta XIX. mende bitartean izan ziren errege britainiarrek inposaturiko estilo arkitektonikoa zen; antza, betidanik berezitxoak izan diren britainiarrek ez zuten gogoko Frantziatik heldutako barrokoa. Horren ordez antzinaroa gogorarazten zuten forma eta bolumenetara itzuli ziren, Palladio arkitektoaren esku hilak mugiarazita bezala. Horrela ba, Christophen Wren eta Nicholas Hawksmoor bezalako arkitektoek egindako obrak Ilustrazioaren ufada arina bezala igaro ziren, eta Britainia Handiko beste erraldoi bati eman zioten txanda: Sir John Soane.

Izenok arrotzak gertatu arren, ez larritu: irudikatu Sherlock Holmesek zeharkatuko lukeen kale bat, behe-laino eta guzti. Bai? Ba hori da georgiar estiloa. Egun, espekulazio erresuma bihurtu den Londonen erdigunean, harribitxi bihurtu den parajea, dudarik gabe. Kontua da Highgate kalearen parean den orube bat eraiki nahi dutela sustatzaile batzuek, eta kale horretatik zeharkatzeko baimen eske ari direla, kamioiak eta makinaria modu errazean irits dadin lan-orubera. Bizilagunek, noski, 20 tonako kamioiak bere kaletxo estutik pasatzea ezinezkoa bezain suntsigarria dela diote, eta Camdemeko Udalari presioa egiteko asmoz Moron sari hauek antolatu dituzte.

Tira, Google ixten nuen bitartean, jakin-mina jada aserik, desengainu sentsazio batek harrapatu ninduen; egongo al da inoiz benetako arkitektura ergelaren saririk? Ez dakit ba, zinema industriarako Razzie sariak badiren moduan, arkitekturarako antolatzerik ba al dago?

Imajinatzen ditut, bederen, zenbait kategoria eta beraien irabazleak: «Ibai gaineko kristalezko zoladura irristakorrik handiena, sariduna, Santi Calatrava!». Txaloak, galtzaileei besarkadak, malkoak eta abar.

Nozbait aipatu dugu arkitekturan sariek zer-nolako garrantzia duten, eta politikoki zein arriskutsuak diren. Calatravaren kasua txit paradigmatikoa da; Udala, eta Loiuko kasuan Aena, valentziarraren menpe gelditu ziren. Noren errua da, baina? Politikariena, bertoko arkitektoak ezgaitzat hartzen dituztelako horrelako proiektu handiekin lehiatzeko? Zenbait arkitektoena, estetika irizpideak funtzionaltasunaren aurretik jartzen dituztelako? Hiritarrena, edozer gauza irensten dutelako, ondare kultural, arkitektoniko eta naturalari muzin eginez?

And the Moron goes to…

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *