Mikroespekulazioa

Aspaldi, musika elektronikoa gure bizitzan modu masiboan sartu zen garai hartan, «sample» terminoa hitzetik hortzera erabiltzen hasi ginen. Orduantxe, arkitektura sanpleatua izan zitekeenaz pentsatzen hasi ginen batzuk. Gerra ondoko auzoetan murgilduz gero, sanple ugari topatu ditzakegu, bai Bidebietan, bai Txantrean, Otxarkoagan, San Inazion, edo beste edonon ugaldu ziren Etxebizitza Ministerio espainolak sustatutako proiektu sozialetan.

mikroespekulazioa_portada

Interneten aurkitutako berri batek gerraosteko egoera larri horren oihartzuna ekarri dit: Casamisura etxeak 72 metro karratuko etxe aurrefabrikatua aurkeztu du. Qubichouse du izena sistemak, eta 69.000 euro besterik ez du balio. Hilabete eskasean eraiki daiteke etxea, eta, aurrefabrikazioari dagokion bezala, akabera eta estilo ezberdinak daude hautagai etxearen katalogoan.

Ez da ematen, inondik inora, ez eraikuntzan, ez arkitekturan aparteko aurrerapausorik. Diru aldetik ere ez da beste munduko ezer, lur-sailaren prezioa gehitu behar izanez gero batik bat. Eraikuntza aldetik, Europako iparraldetik datorren egur-eraikuntzako teknikak ditugu, iraunkortasuna bermatzeko sistemekin nahasturik. Arkitektura aldetik, kontu zaharra dugu bi solairuko eta bi logelako etxe proiektua, 1920ko Le Corbusier arkitektoaren Citroan etxeak frogatzen duen bezala.

Citroan etxeak gizarte berri bat eratu behar zuten beharginentzako etxe bat izan behar zuen, eta Le Corbusier, maila sozial horri duintasun arkitektonikoa egokitu behar zien arkitektoa. Bitxia da benetan: agertu diren hiru etxe ereduak etxebizitza premia bat asetzeko sistemak izan badira ere, horietako bi, Citroan eta gerra ondoko langile auzoak, maila sozial apaleko beharginentzat zeuden pentsatuta.

Eta hirugarrena, Qubichouse sistema, klase ertain ahitu batentzako amua besterik ez da.

Ez dakit babes ofizialeko etxebizitza (BOE) bat eskuratu duten familiek Qubichouse bat erosiko luketenetz, baina argi dago Eusko Jaurlaritzarekin egindako akordioa ez zaiela aski batzuei. Sozialistak Etxebizitza Sailaren kargu egin direnetik, aurreko legedian ezarritako zenbait erabaki zalantzan jarri dira. Egun, BOE bat eskuratzen duzunean, etxea -eta ez lurzorua- erabiltzeko eskubidea egokitzen zaizu. Horri «azalera eskubidea» deritzo; hurrengo 75 urteetan zehar ustiatzeko ahalmena izango duzu, nahiz eta Estatua izan zure etxearen jabea. Nire aburuz bidezkoa den praktika hori azkenengo astetan zalantzan jarri da, batzuek etxea «berea» sentitzen ez dutela-eta.

Hara klase ertainaren gaitzak! John Cheeverren liburu bat, edo Todd Solondzen pelikula baten argumentua ematen du. Loteria bat egin eta gero, aldamenekoak baino zorte handiago izan duten horiek garaje, trasteleku eta 100 metro karratuko etxebizitza «berea» sentitzen ez dutela diote. Aukeran, erreforma ezarri baino lehenagoko konponbidea: hamar urte igaro, eta kito, etxea librea izango da, berarekin nahi duzuna egiteko (bueno, edo kobratzeko). Antza, sozialistek errenta ertainak erosketara bideratu nahi dituzte, eta errenta baxuak, alokairura. Aurreko sistema txarra bazen ere -oinarrizko eskubide bat bermatzeko zozketa batek ez dirudi gauzak taxuz egiteko modua-, behin betiko kalifikazioak bederen mikroespekulazioaren atzaparrak aldendu egiten zituen.

Azalera eskubidearen kalifikazioa behin-behinekoa baldin bada, eta gainera klase sozial altuei egokitzen baldin bazaie, ezbairik gabe segregazio sozial baten alde egiten da apustu. Orain dela hamar urte eraikitako BOE batzuk (demagun, ez dakit, Urumea ibaiari begirakoak, adibide bat jartzeko) gaur egun libreak dira, eta ekintza publikoak eragindako gainbalioa -hots, lurzoru hori hiri-lur bihurtzeko esfortzua- esku pribatuetan geldituko da, hau da, gutxi batzuen eskuetan. Espekulazioa, edo mikroespekulazioa, nahi baduzue.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *