Matriuska hiritarrak

Hiriak hirien barnean. Matriuska panpinen moduan agertzen zaizkigu hiriaren aldeak, batzutan bata bestearen barruan sartuta, sarri elkarren alboan, edo, besterik gabe, elkarri bizkarra emanez.

Bilboko Txurdinaga auzoan panpina horien sartu-irtenak ikusi ditugu azkeneko hilabeteotan, gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonentzako arreta zerbitzu baten kokapena dela-eta. Zentroari emandako izena Onartu izan bazen ere, aditzaren etimologia ez da nonbait aintzakotzat hartu; izan ere, auzoko bizilagunen alde batek zentroaren kontra egin baitu, sutsuki gainera. Udalak, azkenik, amore eman du eta zentroaren sustatzaile zen Bizitegi elkarteari proiektua bertan behera uzteko agindu dio. Tartean, auzokide talde batek antolatutako manifestaldi bat, alkatearen zorioneko adierazpen batzuk, eta muturreko-eskuindar kutsua zekarten jarrerak izan ditugu.

matriuska

Zer zerikusi du honek guztiak hiriarekin? Azken finean, soziologiarekin edo gizarte-politikekin zerikusi handiago duela ematen du, nolabait. Erroan, ordea, hirien eredu ezberdinak agertzen zaizkigu; alde batetik eredu sozialak -imajinatzen liskar hori Gran Vian plazaratuko balitz?-, baina bestetik hiri ereduak.

Hiri orotan daude behartsuak baztertzeko txokoak, eta Euskal Herria ez da gutxiago izango.

Matriuskak gora eta behera, Valentziako Cavanyalaren kasua izan dugu hizpide azkenengo asteotan. Bien arteko alderaketa, nire ustez, nahiko erakusgarria izan da.

Rita Barbera txit gorenaren esanetan, Valentzia itsasora «hurbiltzeko» ekimena besterik ez da Blasco Ibañez etorbidearen luzapen proiektua (Cabanyala ez da, antza, Valentziako parte). Eta eraikuntza lan horietan ondare historiko, artistiko, soziala eta arkitektonikoa suntsitu behar bada, tira, zer egingo diogu ba!

Espainiako gobernu zentrala atoan agertu zen Valentziako proiektuaren kontra. Ministerioak «espoliazio» hitza erabili zuen, jazotzear zegoen egoera salatzeko. Cavanyalaren aldeko mugimendu indartsua sortu da, baina ez dirudi -nire ikuspuntu tolesgabetik- tokiko arazo baten kontra ari direnik, inposatu nahi den hiri-ereduaren kontra baizik. Giza-eskalako hiria nahi dugu, nahiz eta gauzatzeko -edo finantzatzeko- zaila izan.

Alderatu ditugun bi matriuska hauetan -bat Txurdinagan, bestea Valentzian- auzokideen ahotsa erabakigarria izan da, gaia azaleratzeko bederen. Irakaspena hor dago, argi eta garbi: hirigintzak botere publiko eta pribatuen eta hiritarren arteko akordioa izan behar du. Hirigintzako botereak, ia bere osotasunean eta ondorio fisikoenak dituzten esparruetan, udaletan daude gordeta, nahiz eta erabili beharreko aurrekontuak ez izan bete beharreko arduren proportzionalak. Zentzu horretan, udalak dira hiritarren borondateak haztatzeko erantzuleak.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *