Eulien modura

Euliek, diotenez, 15 bat eguneko bizia dute, behin larba egoeratik atera eta gero. Zenbat denboraz egongo da gainera datorkion eskura begira, bere patua jada erabakita dela jakin gabe?

Gure 90 urte inguruko bizi itxaropenarekin konparatuz, euliak egun eta erdi batez ikusten du txikitu behar duen eskua gutxika hurbiltzen. Euliak bezalakoak al gara? Agian zuhurtasunez jokatzea ez da egun baliogarritzat jotzen. Airean duguna mehatxuzko eskua edo supergizon salbatzaileak diren asmatzea ez da erraza.

moscaKrisia abiatu zenetik, hainbat proiektu izan ditugu hizpide atal honetan; bertan behera uzten ziren proiektuak, bere korpus teorikoa erabat aldatzera behartuak zirenak krisia zela eta ez zela edota engainu hutsak bihurtu diren iraganeko promesak. Bestetik -ez da dena negatiboa izango-, itxaropena dakarten proiektuei buruz ere jardun gara. Non kokatu oso ondo ez dakidan proiektuetariko bat Cesar Pellik Sevillan eraikitzeko prozesuan den Torre Cajasol etxe orratzarena da, hain zuzen. 178 metroko eraikina Cartuja uhartearen hegoaldean kokatuko bada ere, argi dago hiriaren erdiguneko skyline-ean eragin handia izango duela. Horrela pentsatzen du bederen UNESCO nazioarteko erakundeak.

Hain zuzen ere, UNESCOren esanak jarraituz, Icomos kontseiluak (ondare arkitektonikoaren behatokia) etxe orratzaren inguruko txosten bat prestatuko du, obraren altuera kontuan harturik. Gehiegizko altuera, noski.

Altueraren inguruko afera ez da, inondik inora, estetika hutsari dagokiona. Jokoan Gizateriaren Ondare izatea dago (eta horrek dakarren turismoaren diru-sarrera, noski). Oviedo, Praga, edo Kolonian Nazio Batuen Erakundeak proiektuak geldiarazi ditu arrazoi horregatik.

Arkitekturak paper iluna betetzen du askotan. Politikari eta bestelako gizarte eragile handiek eraikin bat eraiki ohi dute beren asmoak laburbiltzeko, sintetizatzeko. Arkitekturaren geldotasunak (azken urteetan dramatikoki murriztua izan dena) eta berezko inertziak asmoak eta hitzak oraindik gure erretinan ditugularik, eraikuntzek sortzen dituzten ondorioak pairatzen hasiko gara (ondorio onak, edo txarrak).

Arestian aipatutako Sevillaren kasua Euskal Herrian Urdaibaiko ditxosozko museoarekin aldera daiteke, baina ez horrekin bakarrik. Demagun Foreign Office Architechts Pasaian egin beharreko lonja, edo egin behar (ez) den Durangoko Zaha Hadiden eraikina. Kasu guztietan arkitektura da itxaropen (eta kredituen) iturburu, edo aitzakia. Eulien modura. Eraikuntzaren industriak ez zuen begirada altxatu nahi, eskua gainera zetorrela ez ikusteko. Gure kasuan, eraikin bitxi, erakargarriei gelditzen gara so, zerutik esku erraldoia datorrenetz ikusi gabe.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *