Dubaiko (ha)marka da

Hamarkada berria aurrean dugun honetan, mende berriko lehenengo hamar urteek bazterretan utzitako gauza onak eta txarrak zenbatzeko momentua heldu dela iruditzen zait. Arkitekturaren estiloen bilakaerak kontu handiz aztertuko dituzten adituei lagatzea hobe bada ere, hamarkada berri honek gauza bat ekarri digu, arkitekturarekiko ondorio larriekin gainera: nazioarteko banku sistema kapitalistaren porrota. Pot egin duten herrialde askoren artean, barne produktu gordinaren ehuneko handia eraikuntzara bideratua zuten mordoa dago, Dubai kasu. Horra non agertzen zaigun Arkitektura antzezle den tragikomedia.

dubaiDubaiko eromenaren erroetan eraikuntzak adierazten zuen %25eko portzentajea topatu dezakegu, eta «pro-business ambient» delakoa. Ondorioak, arkitekturari dagokionez behintzat, enperadorearen jantzi berriaren istorioa gogorarazten dit niri; inork ez du esan nahi izan biluzik zegoela, ageria izan arren.

OMA, Zaha Hadid, Frank Gehry, Calatrava, Skidmore, Owings and Merrill (munduko zakil altuena harrotu berri duten horiek), eta beste hainbeste aritu dira Dubaiko palmondoen ondoan. Txinako eztanda eta gero, arkitektura munduan “zein da zein” jolasteko lekurik aproposena bilakatu da Dubai, duda izpirik gabe.

Ondorio formalak kitsch-aren esparruan mugitzen den Marina d’Or estilodun herri bat bilakatu dira. Azkeneko hamarkada honen erakusgarri bikaina, nire iritzian. Positibismoa lege izan den mendean, jasangarritasunaren erronka gauzatzeko kapazak ginela ere sentitzen zeneko garaian, neoliberalismo islamiarraren mirariak esanahi hutsa zuten eraikinak pilatu ditu, bata bestearen ondoan, esanahia lortu arte: diruak edozer lor dezake, eta «form follows function» batetik «form follows money» batera iritsi gara oraingo honetan (Koolhaasek «form follows air-conditioning» esango luke, baina zentzua berdina da).

Eta azkenik, palmondo itxurako artxipelagoen artean, Dubaiko burbuilak eztanda egin du eta herria sosik gabe utzi du. Zein puntutan gelditzen dira hamarkadako arkitekturaren erakusle diren obrak? Nola irudikatzen dira hamarkada honetan eraikitako Marina d’Or paisaia hain beharrezkoa duen sukar kapitalista gabe? Zer da, eskala erraldoiko Rorschach test honetan, arkitektura garaikideko bizioei buruz ikas dezakeguna? Zein da pasa den hamarkadatik ikas dezakeguna?

Bada, sinboloaren botere ikaragarria aipatuko nuke nik. Hiru mugarri aukeraraztekotan, hauek lirateke azkeneko hamarkada definitzeko hiru arkitektura obrak: World Trade Centerren orubeko proiektu ezberdinak (saltsan, Daniel Libeskind eta lehen aipatutako Skidmore, Owings and Merrill estudioak), Dubaiko Burj Dubai etxeorratza (horra gure hirukotea berriz) eta Beijingeko Estadio Nazionala (Herzog eta de Meuronen habi erraldoi hori, badakizue). Aukeraketa hau ez dut arrazoi formalengatik egiten, arkitekturak gizarte eta politikaren eraldaketa islatzeko duen gaitasunagatik baizik.

Gaurkoan, sinbolo globalei buruz hitz egin dut. Arkitektura, hurrengo baterako utzi beharko dugu.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *