Oscar Niemeyerren mendea

Goizean irratia piztu dut, kafeak begiko makarrak kentzen dizkidan bitartean entretenimendu baten bila. «Oscar Niemeyer arkitektoak 102 urte bete ditu gaur». Redios! Egia izango al da?

niemeyerPasadan urtean jarri zen Avilesen berak proiektatu duen Nazioarteko Zentro Kulturalaren lehenengo harria. Baliteke jenioaren azkenengo obra bihurtzea, nork daki. Asturiaseko zentroan, bi eraikinen forma bolumetrikoek larrugorritan utzitako plaza baten erdian jolas egiten dute, hain maite duen porlanaren zuritasunarekin besarkadan. Proiektua azaltzeko orduan Niemeyerrek «arkitektura indartzeko keinu bat bezala» azaltzen du plazaren gardentasuna. Ez du izan hori bere jarduera profesionalean zehar kezka bakarra.

102 urte. Zenbaki biribila ez izan arren, Niemeyerren irudiak arreta berezia merezi duela uste dut. Azken finean, Philip Johnson joan zenetik, bera da bizirauten duen garai bateko modernitatearen azkenengo heroia.

Heroi hitza ez dut kasualitatez aukeratu: Niemeyer jaio zen mundua gaurkoaren oso ezberdina zen, eta gizarte berri bat era zitekeela pentsatzen zuten bera bezalako pertsonek. Izan ere, gure Oscar maitea komunista amorratua izan da, eta 1907an sortutako batentzat, horrek azkenengo mendeek eman duten historiako garairik biziena eta kitzikagarriena bizi duela esan nahi du.

Adibidetxo bat: Jânio Cuadros lehendakaria kolpe militarrak boteretik aldentzean, Niemeyer Israelen zen, bidaian. Sorterrira heltzean, bera bezalako komunistak bat-batean susmagarri bihurtu ziren. Polizia etxean, inspektoreak bere herriarentzat zer nahi zuen galdetu zionean, berak honakoa erantzun zion: «Gizartea aldatu nahi dut».

Kezka horrekin pasa ditu azkenengo hamarkadak. Bere estiloa mugimendu modernoaren erroetan murgiltzen da, Le Corbusierrek postulatutako oinarrien ildo beretik; beste arkitekto garaikide askok Mies van der Rohe alemaniarraren eredu teknifikatua (eta zergatik ez esan, kapitalismotik hurbilagoa) hartzen zuten bitartean, Niemeyerrek Le Corbusierrek aldarrikatutako tokiko eredua erabili du, nahiz eta toki hori ez izan, maiz, antzinako gizartea eroso sentitu den tokia. Berak utopiaren tokia bilatu du.

Horrela, egile honetaz hitz egiten dugunean derrigor heldu beharreko mugarrira ailegatzen gara: Brasilia. Bertan topa dezakegu maisuaren obra dentsitaterik handiena: Katedral Metropolitarra, Brasilgo Legebiltzarra, Alvorada jauregia…

Niemeyerren eskuek eraikin horiek guztiak marraztu bazituzten ere, plangintza orokorra bere nagusia -eta arkitekturan gertatzen den bezala, maisua- izandako Lucio Costak diseinatu zuen. 1957. urtea zen, eta Le Corbusierrek Chandigarh Indiako hirirako egindako plangintzatik 7 urte igaroak ziren. Momentu horretan, gizartearen eta lurraldearen arteko lotura ulertzen, eta moldatzeko lehenengo saiakerak egiten, hasi ziren arkitekto eta urbanistak. Saiakeron ondorioak ez ziren, aitzitik, bilatu zirenak izan. Ideologiak zinismoari eman zion txanda.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *