Zeharkako ebaketa

Inoiz egon ez zaren hiri edota toki batera txango bat planeatzen zaude. Bi aukera daude; liburu dendak betetzen dituzten bidaia gida horietako bati kasu egin, edo aldiz zure burua nahita galdu. Balizko bidaiari horrek, aukera bat edo beste egiterakoan, hiriaren pertzepzio ezberdina jasoko du.

zeharkakoSegur aski abenturazaleak ikusi beharreko zenbait mugarri arkitektoniko eta turistiko galduko ditu bidean. Besteak, aitzitik, ez du zipitzik galduko, gida eskuan duela pauso ziurrak ematen dituelako. Zein duzue gustukoen, gida… edo deriba?

Deriba. Dena eta ezer esaten duen hitza dugu, ulertezina batzuentzat, eta inspirazioz betea beste batzuontzat. Dérive, edota deriba, psikogeografia delakoaren tresnarik potenteena da.

Bertan, hiriaren zorizko hautemate bat jasotzen dugu. Nor ez da galdu hiri berri baten karriketan? Momentuotan, gure pertzepzioa guztiz alda daiteke erreferentzi gabeko inguru batetan.

Zonbien antzera ibiltzea, nahi baldin baduzue. Horrelaxe uste dute behintzat Iratxe Jaiok (Markina, 1976) eta Klaas Van Gorkumek (Delft, Herbehereak, 1975). Beraien «Stay inside. Close windows and doors» liburuan, arte ekimen oso bitxi bat agertzen zaigu: uda honetan, Barakaldoko Megapark lurralde artifizialean zehar, ehunka zonbi agertu ziren Ikea eta bestelako megadendak infektatzeko helburuarekin. Atzetik, kontsumoa eta gizabanakoaren alienazioaren testuingurua, edo salaketa, nahi baldin baduzue.

Bi artistok lurraldea aztertzeko prozedura bitxiak aukeratu dituzte beti. Egun ikusgai dugu beraien obra Gasteizeko Montehermoso kulturgunean. Bertan, Gure Artea erakusketaren ondorioak zonbien inbasioarekin uztartu dituzte, hiriaren bigarren irakurketa bat egiteko.

Arkitektura xede duen artea, nonbait. Arkitektura modu egokian ulertua. Arkitektura, ez eraikin bakan eta gauza ezinei mirespen bezala, baizik eta gizartearen eraldaketaren antzoki gisa.

Iratxe eta Klaasen aurreko obran -«Meanwhile…in the living room (Zeharkako sekzioa)», 2008ko Gure Artea erakusketarako hautatua-, Gasteiz hiriaren hazkunde ikaragarria suposatu zuen Zabalgana auzoaren inguruko hausnarketa burutu zuten.

Zabalgana, Salburua, Lakua… Babes Ofizialeko Gizartearen beste erakusgarri bat. Zabalgana, adibidez, 20.000 lagunentzako aldirietako hiri bezala pentsatu da. Zergatik aldirietako hiria? Beno, eskala aldaketa baten aurrean aurkitzen gara, eta, honez gero, Gasteiz ez da oinezkoen eskalara mugatzen; argi eta garbi.

Hiri zati berri bat aztertzeko ekimen artistikoa. Agian teknikariek eta politikariek ikusi ezin izan duten zerbaiti antzemango diote artistok. Agian arkitektoak ohituegi daude bidaia gida-liburua eskuan dutela egitera. Akaso errealitatearen pertzepzio berri bat egiteko deriba bat egin beharko genuke, lantzean behin.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *