Kosta Ahala Kosta

Adreiluaren gorakadaren hautsa jada ez da harrotzen. Begi bistakoa ostera ere ikusteko kapazak gara, eta azken hogei urteotan egindako txikizio urbanistikoak inoiz baino nabarmenagoak dira.  Kostaldea izan da prozesu horren biktima nagusia, eta ez bakarrik Euskadiko kostaldean, aurten Greenpeaceko “Destrucción a toda costa” txostenak erakutsi duen bezala. Batzuk eredu anglosaxoiez hitz egiten dute, lurraldean hedatzen den dentsitate ultra-baxuko hirigintza izendatu nahian. Beste batzuk ez dute eredu bat bera ere ikusten, aseezina den sustatzaileen logika hotza baizik. Hazkundea, beste inongo arrazoirik gabe.

kostaahalakosta


Bi adibide alderatuko ditut; batetik, Barrikako Barrikabaso, eta, bestetik, Almeriako Gatako golkoan dagoen Algarrobico hotela. Bi auziak modu erabat ezberdinean bukatu badira ere, bigarren planoko arazo berberak azaleratzen dituzte; planifikazio gabezi kezkagarria eta gure ondare naturalaren erabilpen axolagabea.

Entzutetsuak izan dira bi auziak. Barrikan, 1987an, paisaia babes berezi moduan kalifikatu zituen Barrikabasoko lurrok Eusko Jaurlaritzak. Urte berean, 300 etxebizitzatik gora eraikitzeko proiektua agertu zen, golf zelai eta guzti. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Barrikako Udalak ez zuten amore eman, eta arau subsidarioen aldaketa bat tarteko, Barrikabaso urbanizagarria izatera igaro zen. Txipio Bai talde ekologistak aurkeztutako helegiteari esker, lurrok berriz kalifikatzeko erabakia bertan behera gelditu zen, lursaila ez-urbanizagarri bihurtuz.

Kantabriako kostaldean gertatu bezala, arazoa auzitegien hormetatik beraien etxebizitza eraikia duten familietara igaro da. Hamalau txalet eraikita daude jada, nahiz eta «egindakoaren politikak» kasu honetan balio ez izan. Ematen du ekologistek eraikita dauden etxeak errespetatuko dituztela, betiere Udalak ingurua behin-betiko «blindatzeko» hitza ematearen truke.

Kasu honetan ondorioak ez dira, ingurugiroari dagokionez, latzak izango, baina ekonomikoki sekulako astindua suposatuko du auziak: izan ere, ustez legala zen lizentziarekin eraiki behar ziren etxebizitzen jabeei, 90 baino gehiago, kalte-ordainak ordaindu beharko zaizkie. Eta hori denon poltsikoetatik aterako da. Eredu falta berriro ere.

Beste aldean, Algarrobico hondartzako hotela. Hor ere tokiko administrazioa eta Andaluziako Junta izan dira saltsaren perrexila. Sua ekologistek xaxatu dute, begi bistako astakeri bat salatzeko.

Kasu honetan, den-denak egon ziren ados: Andaluziako Junta, Carboneraseko Udala eta kostaldean eraikitzeko kontsultatu beharreko eragile publiko guztiak; hau da, Ingurugiro Ministerioa, Kosta Agintea… Hogei urte darama proiektuak mahai gainean. Google Earth ireki eta bertan ikusi ahal izango duzue hotela. Ez da, hortaz, deskuiduz etorri. Orain hiritarroi tokatuko zaigu kudeaketa maltzur horren ondorioak ordaintzea, kalte-ordainetan. Eredu bat ez izatearen problematika. Benidormek, adibidez, eredu jakin bat du, eta ez dira gutxi izan goraipatzera ausartu direnak. Europar Batasunak argitaratutako «Urban Sprawl in Europe» txostena 2006an argitaratu zenean, Luis Fernandez Galiano bera hiriaren onurez jardutera ausartu zen: «Biztanleria oso modu dentsoan bizi bada ere, hiria bertikalki eraikita egotean, Madril inguruko mendietako bizitza bakarreko txaletek baino ingurumen arazo gutxiago sortzen ditu Benidormek».

Tokiko agintean egongo al da arazoa? Udalak -eta horiek finantzatzeko erak- izango al dira honen guztiaren erantzuleak? Kostalderi zor diogun errespetua orain dela oso gutxi piztu zaigu. Euskadin, kostaldeko zenbait herrik -Zumaiaren kasua paradigmatikoa da, adibidez- legedi sektorialen gainjartzeak pairatu dituzte, tokiko aginteentzat hain desiragarriak diren kontrolik gabeko hedakuntzak errotik galaraziz.

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *