Peña Gancheguiren ondarea

Hurrengo azaroaren 26an Luis Peña Gancheguiri buruzko jardunaldi bat burutuko da Donostiako Arkitektura Eskolan. Urteurrena oraindik ere ospatzeke delarik, euskal arkitekturaren aitzindariaren inguruko hitzaldiak, eztabaidak eta orokorrean 1926an Oñatin sortutako jenioaren inguruko hausnarketak burutuko dira.

Ekimenak abian dira jada. «Kolektibolektibo» irakasle eta ikasle taldeak zazpi metroko Vista Alegre dorrearen erreprodukzio bat eraiki zuen duela pare bat aste Donostiako arkitektura eskolako liburutegiaren erdi-erdian. Eraikin ikusgarri hori (pena merezi du benetan bisitak) porexpan bloke txikiekin eraikia izan da, Peñaren ondarearen zordun diren ikasleen beraien eskutik. Despistatuentzat, aipatu beharra dago Luis Peña Ganchegui arkitektura Bartzelonako eskolatik Donostiara ekarri zuen maisua izan zela, Mugimendu Modernoa gerra ondorengo testuinguru sozio-ekonomiko latzean duintasunez eta lanbidearen ezagutza paregabez ezarriz. Bere obrarik famatuenak harrian zirtzilatuak daude, gure egunerokotasuna modu isilean irudikatuz.

gancheguiren_ondarea

Peña Gancheguiren hiru mugarri aipatzekotan, Gasteizera eta Donostiara jo beharko genuke ezinbestean. Gasteizeko Foruen plaza, alde batetik, eta Donostiako Trinitate eta Teniseko plazak, bestetik (azken hori Txillidaren «Haizearen orrazia» eskultura multzoaren zaindari). Peña Gancheguik hiru plaza horietan Arkitektura egin zuen, horrela, letra larriz.

Ez okertu, arkitekto baten sinadura daramaten paper guztiek ez dute zertan arkitektura atzetik eduki behar. Arkitektura zer den esatea ez da erraza, mundu arruntetik kanpo gelditzen den zerbait bezala ulertu behar da. Peñak eskaintzen diguna ez da Calatravaren Zubizurin ikus dezakegun berehalakotasun hori, baizik eta natura eta gizakiaren arteko topaketa. Zentzu horretan, Bilboko Udalak arazoak izan ditu «Calatrava» bat eta ez arkitektura lan hutsa enkargatu zuelako. Behin jokoan sartuz gero, ezin arauei bizkarra eman.

Eta, azkenik, Peñaren ondarea irudikatu behar dugu. Eskolan burutu zuen lanaz aparte, Ganchegui y Asociados estudioak aurrera dirau. Rocio Peña eta Mario Sangalli arkitektoek Pasai Donibaneko Santiago plaza berrian dagoen zurezko altzari zabal batean itxaroten gaituzte, goxo-goxo udazkenak ematen digun atsedenaldi batetan eguzkiaz gozatuz. Plaza horren diseinuagatik, bi urtean behin ematen diren Arkitektoen Elkargoko sari bat jaso zuten.

Senar-emazte hauek Peña Gancheguiren ildoaren eta estudioaren ondorengo dira, zentzu guztietan gainera, Rocio Luis Peñaren alaba baita. Aurreko lana inspirazio modura erabilita, etorkizuneko erronkak egungo gizarteak eskatzen dituen malgutasun eta kreatibitatearekin jasotzen dituzte. Pasaian, adibidez, programa guztia altzari bakan batean batu zuten; «plaza askatzeko desioa geneukan, ertza gureganatu, interbentzio topografiko bat eginez», azaltzen du Rociok. Horri, honakoa eransten dio Mariok: «Lau materialekin sortu dugu plaza; alde batetik, asfalto urtua eta harri basaltikoa, eta, bestetik, pantalanen teknologian erabiltzen diren zura eta aluminioa». Kiosko baten itxura gogorarazten digun egurrezko egituran etzanda, uraren gainean lebitazio ariketa bat egiten gaudela ematen du, jolasean ari diren mubleen gainetik hegan egiten.

Espazio hutsa, Gancheguitarren beste obsesio bat, antza denez. Urak bideratzeko hustubideak aitzinako eraikinen lursailak markatzen dituzte, modu horretan arkitekturan laugarren dimentsioa ezarriz. Plazaren zentzua biztanleen hartu-emanak sustatzean datza (behintzat gure kulturak agindu duen moduan ulertuta). Hutsuneak maiz erlazio horietan lagun dezake, lekua «toki» bihurtuz, arima edo espiritua erantsiz. Modu berberean, Donostiako eskola sortu zenean, bete behar zen hutsune batek leku soil bat toki bihurtu zuen, euskal arkitekturari ateak irekiz.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *