Aldiri. Arkitektura eta Abar

Aste honetan, “Aldiri. Arkitektura eta Abar” aldizkari berria plazaratu dugu. Euskara hutsean ekoizten den arkitekturari buruzko lehendabiziko aldizkaria da, proiektu xumea bezain ilusioz betea. Arkitekto euskaldunok gure hizkuntzan zeresana dugulako atera da “Aldiri” kalera, euskara lanabes duina eta erabilgarria dela frogatzeko, hein handi batean, baina baita gure inguruan sortzen diren problematikak modu gertuko eta hurbilean aztertzeko ere.

genteKontua ez da tokiko gauzak bakarrik ikusi nahi ditugula. Aitzitik, gure begiradak anitza izateko asmoa du, baina gure lurrean sortutako ondorioak aztertuz. Horretarako, bertako jendeari eta proiektuei kasu egiteko asmoarekin jaio da “Aldiri”, arkitektura ona ez baitago beti izen handientsuen atzean.
Monografiaren bidea aukeratu dugu, ale bakoitzean gure inguruko gauzei buruzko jakinduria asetzeko. Lehenbiziko alean, “hasiberriei” buruzko hausnarketa egin dugu, azken urteetan izan den gorakada ekonomikoaren erdian (eta proportzioan etorri den beherakada) lan merkatura irten diren arkitekto euskaldunen erradiografia irudikatuz.

Arkitektura, aldizkarietan barrena
Arkitektura aldizkari bat nola edo hala egiteko ideia arkitektura gustuko dugunon buruan beti darabilen zerbait da. Betidanik egongo da, kultura kontsumitzen dugunontzat, gustuko ditugun gauzak «hobeto» egiteko gai izango ginatekeen sentsazio hori airean, urteak joan ahala haizeak daraman burutapen txepela bada ere.

Ez dut beste lanbide askoren berri, baina arkitektook liburu eta aldizkarietan dirutza izugarria gastatzeko joera garbia dugu, ikasle garen momentutik hasita. Eskolako liburutegia mundu berriei irekitzeko modua zen, arkitektura eredu klasikoak (eta ez hain klasikoak) ikasteko aukera. Hortik kanpo, azken tendentziak aldizkarietan gordetzen ziren, oso garbi erakusten ez zituzten aldizkarien eskutik. Askotan, aldizkariak zekarren proiektu sortatik, garbi atera zitekeen gauza bakarra argazki polit bezain faltsua zen, ez zuen benetako arkitekturaren funtsa erakusten.

Logikoa da pentsatzea aldizkarien lan epe laburrak eta mundu modernoak exijitzen duten berehalakotasuna guzti honen errudun direla. Neurri handi batean, hala izan daiteke, baina azpiko geruzan sartuz gero, gure garaian errotuta dagoen pentsamendu merkantilista igar dezakegu. Joera horrek arte eta arkitekturaren merkantilizazioa sustatu du (orain dela gutxi “Mugalari”-n azaldutako Miren Jaioren artikulu batek modu paregabean azaltzen zuen bezala) eta “produktuaren” higidura azkarra exijitu. Ez da inoiz izan, arkitekturaren historian, horrenbesteko estilo aldaketa kopururik, aldi berean pentsamendu ezberdinen gabezia izugarria pairatzen den bitartean.

Kritikaren bide anbiguoa

Kritika ez da bide erraza, eta kritika kopuru urriak hala ematen du aditzera. Blogez jositako mundu batean, azkartasunak sakontasuna uxatzen du, irudiak testua baztertu, eta subjektibitateak objektibitatea (hau posible den neurrian, behintzat) erail. Zein da kritikaren zergatia eta esanahia? Garrantzitsuena testuinguru jakin batean artelan edo ekoizpen arkitektoniko bat jartzea, eta, ondorioz, ulermena ahalbidetzea eta publikoarengana helaraztea da. Hori ondo murtxikatuta eman eta gero, irakurlearen irizpidea sartzen da jokoan.

Hori, tamalez, ezin dugu egungo arkitektura prentsa espezializatuan topatu (salbuespenak salbuespen), eta, bereziki Euskal Herriari dagokionez, gabezia bat sumatzen genuen, azalean gelditzeko joera, hain zuzen ere. Horregatik, zinegileek esaten duten bezala, guk irakurri nahiko genukeen aldizkaria idaztea erabaki dugu. Kritika, hortaz, gauzak erraz eta modu ulergarrian erakustea al da? Ezetz pentsatzen dugu, beste zer edo zer eskatzen duen uste osoa dugu.

Udako euskal unibertsitatea
Norbaitek proiektuan sinetsi badu, UEUko jendea izan da. Arkitektura sailaren barne-barneraino sartu gara aldizkari honekin eta, hala, UEUk zuen hutsune garrantzitsu bat bete dugu. Abiapuntu bezala ezarri genituen diziplina anitzen uztartzeak UEUko sarean jasoko zuen bere ordaina. Gure erreferentzia “Uztaro” aldizkaria izan da, 1990. urtean argitaratzen hasi zen giza eta gizarte zientzien aldizkaria, baita “Kondaira” aldizkari elektronikoa ere, historian espezializatua.

Bidaia lagun horiekin, modu batera edo bestera, konplexuak isiltzeko bidea topatu genuen. UEUk, 1973.ean sortu zenetik, Euskal Unibertsitatearen premia aldarrikatu du eta euskal komunitate zientifikoaren bilgunea izan da. Bere helburu garrantzitsuena euskararen eta unibertsitatearen arteko distantzia historikoa murriztean datza. Aldiritarrok egitura horretan eroso sentitzen gara, noski.

Hasiberriak gara
Modu ia autobiografikoan hasi nahi izan genuen abentura hau. Ale bakoitzean monografia bat jorratzeko erabakia hartu eta, nolabait, gure isla profesionalari keinu eginez hasi ginen: arkitekto gazteon komeriak kontatuko genituen. Gertutasuna xede, ez zitzaigun gai hoberik bururatzen.

Gure lehenbiziko alean, beraz, ez duzu eraikin erraldoi edota high tech pabiloien berri izango. Gauzak beste bide batetik doaz, proiektu txikien bidetik, aurrekontu txikiekin egindako arkitekturaren bidetik; duina bai, baina ez da inondik inora ikusgarria. Horiek izaten baitira hasiberrion hastapenak, xumeak, baina, hori bai, ilusioz beteak.

Horrela bada, arkitektura belaunaldi berriko seme-alaben erradiografia egin nahi izan dugu. Momentu egokian atera dela uste dugu, krisia eta Boloniako prozesua dela eta, belaunaldien arteko aldea nabarmen handitzen ari dela uste baitugu. Garai bateko arkitekto ahalguztidunaren irudia desagertu da jada, eta beste mota bateko profesionalaren aurrean gaude.

Tradizioak agintzen duen arkitektoaren irudiaren bukaeraren aurrean al gaude? Estatu espainiarreko arkitekto profila bitxia da benetan Europan eta munduan. Unibertsitateek atzerrian bi lanbideri (eraikuntza ingeniaria eta arkitektoa) dagozkien beharretarako hezten dituzte gazteak. Lan mundua, ordea, zeharo teknifikatu da, eta hasiberri den profesionalak ezin du proiektu handi batek exijitzen duen lan zama bere gain hartu, aurreko belaunaldiko arkitektoek egiten zuten bezala.

Sistemaren aldaketa honek ez du, aitzitik, lan munduaren paradigman zirrikiturik sortu. Oraindik ere, arkitektoa zaldun bakartiaren rola jokatzera behartuta dago. Hala, “ororen ikasle, deusen maisu” lelo txepela egia bihurtzen du. Hurrengo hamarkadan, irakaskuntza sistemaren geldotasuna dela medio, beren burua berriro asmatzera behartuta egongo diren profesionalekin egingo dugu topo.

“Aldiri. Arkitektura eta Abar” aldizkariaren lehenengo alean, hortaz, sistemaren aldaketa horren kontra borrokatzen diharduten arkitektoekin egingo duzue topo. Donostiako Arkitektura Eskolan hezitako belaunaldia kalean da jada, euskaraz ikasitako arkitektoek (munduko historian estreinakoz) lanean dihardute. Ezin da esan, ezelan ere, euskarak gaur egungo arkitektura munduan presentzia duenik. Legedi eta araudiaren euskaratze maila urria da oso, eta proiektu oso bat euskaraz entregatzeko (Catalunyan katalanarekin gertatzen den bezalaxe), izugarrizko ahalegina egin behar da, batez ere, erreferentzia materiala falta delako.
Normalizazio prozesu horretarako beste urrats bat besterik ez du izan nahi gaur aurkeztu dizuegun aldizkariak, gure inguruari beste modu batera begiratzeko aukera. Horrela bada, arkitektura, jalgi hadi plazara!

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *