Arkitektura 28 milimetrotan

Udazkeneko agenda kulturala arkitekturaz beteta dator, aspaldiko partez. Alde batetik, duela pare bat aste, Frank Lloyd Wrighti buruzko erakusketa aipatu genuen. Guggenheim museoak Wisconsineko jenioaren inguruan orbitatzen duten film sorta bat programatu du aste honetan. Bestetik, Donostian, Cristina Enea Fundazioak, «Erreala proiektatu» goiburupean, arkitektura eta film-lengoaiei buruzko lotura aztertzen duen erakusketa eta eztabaida-jardunaldi zikloa programatu du.

busterArkitektura eta zinea. Horra lagun pedanteekin egindako afari batean ondo gelditzeko bizpairu mugarri: «Der Himmel über Berlin» (Win Wenders, 1987), edo «Berlin gaineko zerua». Bertan, bi aingeru isilek zuri-beltzezko begirada ematen diote Hans Scharoun arkitektoaren Berlineko liburutegi famatuari. Poetikoa, bikaina.

Beste bat: «Mon Oncle» (Jacques Tati, 1958). Film horretan, 9 urteko haur batek gerra ondorengo Mugimendu Modernoa modu kupidagabean biluzten zuen, Le Corbusier eta antzeko beste maisu batzuek aldarrikatzen zuten ordena eta modulazioa barregarri utzita. Oscar saria jaso zuen zintak, eta nolabait dekonstruktibismoak eta ondorengo postmodernitateak ezarri behar zuten «kutxa apurtua» aurreratu zuen.

Bi horiez gain, film ezagun samarrak ere baditugu: «Blade Runner», «Metropolis» (futurismoaren edo Manhattan imajinarioaren eredu), «Gattaca» (minimalismo zaindua), «Towering Inferno» (zer esan sustatzaileak eta arkitektoak materialen kalitatearen jaitsierari buruz eztabaidatzen dutenean? Eszena bikaina!) edo Guggenheimen ikusgai jarri zuen (eta Frank Lloyd Wrighten bizitzan oinarritua den) «The Fountainhead». Eta, Demi Moorengatik bada ere, denok izango dugu beti buruan «Indecent Proposal» filma.

Cristina Enea Fundazioak eta Arkitektoen Elkargoak, BNV ekoizpen etxearekin batera, gogoeta eta eztabaida jardunaldiak sustatu nahi dituzte urriaren 29tik abenduaren 31ra bitartean. Bi parte izango ditu ekimenak; batetik erakusketak (oso interesgarriak, Otxarkoaga eta Bidebietaren inguruko lan bi), eta bestetik, hainbat saiotan banatuko diren eztabaidak.

«Arkitektura eta zinea aitzakiak besterik ez dira». Telefono hariaren beste aldean Donostiako zurrunbiloa aditzen da. Oier Etxeberria teknikariak Cristina Enea Fundazioan bere lana momentu batez laga du nire galderak erantzuteko. «Azken helburua hiriaren eta gizartearen inguruko gogoeta eragitea da, eta, akaso, lan-talde finko bat osatzea». Horretarako, lau saiotan hiria, arkitektura eta horretara hurbiltzeko begirada -hots, zine mundua- erabiliko dira. «Ez da, inondik inora, soilik arkitektoentzat antolatutako ekimena», jarraitu du Etxeberriak: «Azken finean, arkitekturaz haratago, hiria dago, eta ondorioz, baita gizartea bera ere. Horretarako, interesa edo sentsibilitate duen jendea besterik ez dugu bilatzen».

Askotan esan izan da arkitektura bizi beharreko esperientzia dela, argazkia, bideoa eta, oro har, iragazki guztiak alde batera utzi behar direla, benetan espazioaren sentsazioa bizi ahal izateko. Filmagintza eta, batez ere, argazkilaritza XX. mendeko arkitektura hedatzeko bideak izan dira; aurreko mendeetan irudigintzak egindako lana egin dute, hain zuzen ere. Gogoratu beharra dago Gianbattista Piranesiren kasua, Erroma Inperialaren grabatuei esker, ospea lortu zuena. Edo joan den mendeko arkitekto-marrazkilariak (Wright bera oso kasu aparta dugu, eta gainera Bilbora inguratuz gero, eskuragarri).

Dena den, gaur aipatu den ziklo honetan, abiapuntua filmaren lengoia bada ere, haratago jo nahi da, filmak lanabes eraginkortzat harturik. Filmak informazioa (edo desinformazioa) eta sentsibilitatea hedatzeko modu eraginkorra da, arina eta indartsua.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *