Arkitektura ofiziala eta benetakoa

Gauza ziurra zen. Irakasleek ezin zuten inolaz ere galarazi. Arkitektura eskolako nerabeek beti gauza bera egiten zuten, urtero-urtero, erremediorik gabe. Kurtsoko ariketa, demagun, erakustazoka baten diseinua egitea zen. Norberak aukeratu behar zuen gaia: lore-azoka, snowboard-azoka, disko-azoka, etab. Ondo ulertzen ez den arrazoi bategatik, irakasleek lore formako pabiloiak, half-pipe itxurako eraikinak edo disko erraldoien tankerako ariketak zuzendu beharra izaten zuten.

ofiziala_benetakoaHaserreak, noski, mundialak izaten ziren irakasleen artean. Kontuak kontu, gazte temati horiek Guggenheim museoa Bilboko itsasadarrean hondoa jotako itsasontzia dela entzuten hazitakoak ziren, Kursaaleko entzunaretoak kaiaren muturra zipriztintzen duten hormigoi-blokeen kopiak direla, Loiuko aireportua uso bat… Beno, laburbiltzeko, horrelako milaka eta milaka txorakeri. Nolabait arkitekturaren bi ikuspegiak hor zeuden. Alde batetik, metaforikoa, formala, ideia goraipatzen duena; usoa, itsasontzia, hormigoi-blokeak. Arkitektura arte bezala, eta hortaz, arrazoi gabe bizi daitekeen ekimen gisa. Bestetik, teknika, gauzatzea, materialtasuna, eraikuntza arazoak, dimentsioak, praxia. Marrazten diren gauzak derrigorrez eraikigarriak izan behar dira, neurtuak, zenbatuak eta (azken honek ez zeukan, tamalez, lekurik eskolan) ordainduak.

Beno, gauzak sinplifikatzen ari naiz, agian Ortega y Gassetek aspaldi emandako «benetako» Espainiaren eta Espainia »ofizialaren» arteko aldea burura etorri zaidalako. «Benetako» arkitekturaren eta arkitektura «ofizialaren» arteko aldea denborarekin lotuta dago sarri, eta, ondorioz, denboraren joan-etorriekin bakarrik hauteman daiteke.

Azken boladan hedabideetara heldu da bi arkitektura mota horien arteko aldea. Alde batetik, San Mames Barria estadioaren inguruan izan ditugun tirabira politikoek (hau da, nork jarri behar duen dirua mahai gainean) estadioaren «apaltze» formala ekarri digute. Jatorrizko proiektuan agertzen ziren gadget ikusgarriak (gogoratzen estadioak bota behar zituen «txinpartak»?) alde batera geratu dira, bolumetria organikoa bezala.

Geometriaren gogortze hori ere Durangoko Zaha Hadiden dorrera heldu da. Benetan ikusgarriak ziren estreinako proiektuan agertzen ziren kurbak, txiribueltak, toleste ezinezkoak… Ba hori, ezinezkoak izan dira. Geometriaren gogortze hori aski ez balitz, Euskotrenek Durangon eraiki beharreko egoitza bera kolokan jarri omen du krisi ekonomikoak.

Aldi berean, Pasaiako portuaren master plana burutzeko hautagaien zerrenda plazaratu du Gipuzkoa Aurrera elkarteak: West 8, Zaha Hadid (zenbat lan egiten ditu emakume honek?), Ezquiaga, KCAP eta S333. Orotara 47 estudioren arteko aukeraketa izan da. Hori bai, ez dago jakiterik benetako proposamena edo, aldiz, proposamen ofiziala, eraiki behar duten.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *