Zaha Hadid parakaidista

San Anton zubia zeharkatzen dut, Bilbo zaharra eta berria noizbait banandu zituen zubiaren bertsio moderno hau, eta makinak Erriberako merkatuarenak egiten ikusten ditut. Kuriositateak edo harridurak bultzatuta, merkatuaren aurrean gelditzen naiz, altzairuzko dinosauroak kloruroz josita omen dagoen hormigoia irensten ikusten ditudan bitartean.

zahaparakaidista

Zergatik ez ote dute dena bota beste zer edo zer eraikitzeko? Azken finean, hau ez da Bilbok ikusi duen lehenengo merkatua, ezta lehenengo San Antoneko zubia ere. Agian politikariek sentsibilitateen artean egin behar dituzten oreka-jokoak direla eta, erdiko bide bat aukeratuko zuten. Edo agian epe motzeko hausnarketa besterik ez dute egin.

Agian gure gaur eguneko arkitekturari beldur diogu, akaso eraikin «bitxiak» baina ez «politak» lortzeko kapaz izan ez garelako. Gaur egun, eraikin moderno batek sor dezakeen efektua harridura edo txundidura da, edertasun klasikoak helaraz dezakeen oreka eta plazera baino. Epe laburreko pentsamendua arkitekturaren arlo askotan ikus daiteke, batez ere azkenengo urteotan bogan den star-system arkitekturari dagokionez. Gainera, pentsamendu horrek ederra eta itsusiaren arteko muga lausotzen du, gaurko in biharko out-ean aisa bihurtuz.

Eta teoria hori frogatzeko, arkitektura munduaren inguruko parakaidismo saiakera batzuk aztertuko ditut. Lehena, ondo irabazia gainera, Zaha Hadid-en eskutik datorkigu. Melissa zapata marka brasildarrarentzat eta Lacosterentzat egindako zapatek munduari bira eman zioten, arkitektoaren izena eta ospearen eskutik. Tira, nik ez dut zapatez tutik ulertzen, baina ez dakit gure anglo-iraniar maitea gehiegi nekatuko ote zen diseinu horiek erditzerako orduan.

Bigarren itzulipurdi mortalak aspaldi aipatutako Brad Pitt aktoreak arkitekturarekiko garatu duen zaletasunari egiten dio erreferentzia. Nahiz eta arkitektura ikasketak inoiz burutu ez izan, uneotan Grafft Architects firma alemaniarrarekin kolaboratzen du estatubatuarrak. Esperientzia eta ikasketa falta Avileseko Udalean arazo ez direla dirudi, aktoreari enkargu bat eskaintzeko prest baita antza Asturiaseko hiria. Enkargua Niemeyerrek eraikitako zentrotik gertu eraikiko litzateke, Berrikuntzaren Irlan. Bertan zerbait eraikitzeko asmoa eta borondatea erakutsi zuen Brad Pittek (adi, «zerbait» esaten denean, zerbait garestia ulertu behar da).

Borroka ez da bakarrik bertako arkitektoak aukeratzea edo ez (Bilboko Udalak urteetan jasan behar izan du arkitekto arrotzak kontratatzearen aurkako salaketa, operazio publizitario hutsa zelakoan), baizik eta kalitatezko irizpideak erabiltzea edo ez. Avileseko alkate gisa epe laburreko irakurketa bat egitekotan, hedabideei zuzendutako arkitekturaren beste adibide baten aurrean gaudela esango nuke. Hemen nauzue ni neu ere; tranpan erori eta Avilesen inguruan ari natzaizue gora eta behera…

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *