Algarrobico hondartzako hotela

Urtero bezala, irudimen falta larria erakutsiz, Gatako lurmuturrera zuzendu ditut nire udako oporren pausuak. Mediterraneo itsasoari so, Almeriako etxetxo zurien islak ustelkeri urbanistikoa heldu baino lehenagoko Levantera eramaten gaitu. Hala eta guztiz ere, kostalde birjinean barrena, irudi idilikoa zikintzen duen orbanak badira, adibidez 21 solairu eta 411 logelako orban bat.

algarrobicoAlgarrobico hondartzatik gertu (Kosta Legearen eragina indarrean legokeen eremuan alajaina), Azata del Sol hotela agertzen da, irmo eta mutu, 2006an epaile batek emandako aginduagatik izoztuta. Ez da ez arkitekturan ez ekologian aditua izan behar eraikinak suposatzen duen astakeriaz jabetzeko.

Arkitekturaren historia ikasterako orduan, mugarriak bakarrik topatzeko sentsazioa izan dezakegu; ez-dakit-ze 1920ko eraikin, ez-dakit-noren liburutegi modernista, eta abar. Liburuetan eraikinak agertzen dira, sepia koloretan ateratako garai bateko etxeen erretratuetan. Argazkiok eraikinak eskulturak bailitzan erakusten dizkigute, Algarrobico hondartzakoa bezain geldi eta mutu.

Ez al da, beraz, eraikin baten testuingurua garrantzitsua? Ausazkoak al dira bada estiloak, formak eta lurraldean ezartzeko moduak? Europako hego kostaldea zipriztintzen duen eraikuntzetan pentsatzean, sustatzaile eta arkitektoen ganora urriaz jabetuko gara.

Eraikinek testuingurua dute, teknologikoa, kulturala, soziala, estetikoa, eta are eta garrantzitsuagoa, ekologikoa. Uztailean, azkeneko bederatzi urteetan bezala, Greenpeacek kostaren suntsiketari buruzko txostena argitaratu du. Bertan, Espainiako hainbat erkidegotan burututako txikizioak agertzen zaizkigu. Nola ez, Almeriako laguna protagonisten artean daukagu.

Hotelaren profil zuria izango litzateke, nire ustez, arkitekturaren mugarriek ingurumena bortxatzeko izan dezaketen boterearen adierazle garbiena. Kasu honetan, oreka ekologikoaren urraketa parkearen beste leku batzuetan baino askoz ere ageriago agertu da; Carboneras, San Jose edo Isleta del Moro herrietan adibidez.

Benidorm eredura bidean, alajaina. Valentziako hiria aipatzen dugula, Carlos Ferrater arkitektoaren hitzak datozkit burura. Arkitekto katalanaren ustean, Benidorm jarraitu beharreko eredu bezala har daiteke, gutxienez hirigintza jasangarriaren zenbait alderditan: dentsitate altua, lurraldearen okupazio minimoa, eta erabilera nahasketa egokia (esate baterako gune industrialaren, hirugarren sektorearen eta etxebiziten nahasketa). Bide batez, udara honetan Benidorm eguzkitsutik pasa baldin bazarete, Ferraterrek moldatu duen pasealeku berria ikusiko zenuten seguruenik.

Arkitektoaren irudia ezin da txikizioaren ekuaziotik kendu. Arkitekturaren eta arkitektoon kulpa ukaezina da. Azkenengo txepelkeriari kasu egiten badiogu, hots, arkitektura «berdeari», konturatuko gara zer puntura arte bihurritu daitekeen garbia bezain ulertzeko zaila den mezua: gutxiago eta hobeto egin behar da. Barregura sortzen dute hedabideetan etengabe agertzen diren eko denek: ekoetxeak, ekofabrikak, ekoindustriak, ekoportuak, ekozentral nuklearrak…

Algarrobico hondartzako hotelak, nahiz eta munduko ekoteknika onenekin hornitu, kokalekuan izango du beti bere ahulgunea; kokaleku hori beti izango da kaltegarria. Politikari eta hirigileen bulegoetan, erraza bezain erabakigarria den erabaki xume batekin konponduko lirateke gauzak. Bi hitzetan esateko: lurzoru urbanizaezina.

Baina euskal kostan ere badugu gurea, ez pentsa. Greenpeaceko txostenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak, Estatu espainolarekin konparatuz, babestutako kostalde proportzio baxuenetarikoa du. Txostenean, Arrigorriagako Bentako-Erreka, Bastidako golf zelaia, Pasaiako kanpo portua, Zarautzeko Iñurritza, Urolako itsasadarra, Artibai ibaia edo Urdaibai bezalako tokiak agertzen dira. Legez kanpo edo lege bihurri baten babesean, toki horietan arkitekturak laga dezakeen aztarnarik zitalena topa dezakegu.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *