Buckmister Fuller txosnetan

Udara partean, txosnek gure herrietako bazterrak betetzen dituzte, herri giroa (eta batzutan oso desiragarria ez den alkohol dosia ere bai) zabalduz.

Bilboko Aste Nagusian, Euskal Herriko beste edozein tokitan baino hobeto ikus daiteke behin-behineko arkitektura adibide hauek zer-nolako sofistikazio maila lor dezaketen. Konpartsa bakoitzak bere egitura, txiringitoa edo, Venturi eta Brownek esan zuten bezala, decorated sheda antolatzen du, estilo eta egitura ezberdinetan.

buckmister copiaHorrela ba, «Learning from las Vegas» liburuan agertzen ziren «ahateek» (hau da, hanburgesa itxurako hanburgesategiak, edota bolo erraldoi tankerako bolatokiak), Bilboko Areatza zipriztintzen dute. Benetan ikusgarria da zenbait konpartsek erakutsitako irudimena; solairu anitzak, agertokiak, konpartsetako kideek deskantsatzeko guneak, talde bakoitzaren irudia zabaltzeko dorreak, edota muralak plazaratzeko paramentuak agertzen zaizkigu.

Beno, atzerako itzulipurdi mortala eginez, Buckmister Fuller berbera datorkit burura, hain zuzen ere 1986an hil zitzaigun arkitekto, ingeniari, filosofo eta ekologo estatubatuarra. Txosnek erabiltzen dituzten egitura arinekin lotura argia du, ganga geodesikoen aita baitugu Fuller. Egitura horiek, material eta ahalegin minimoak erabiliz, ganga erraldoiak eratzeko ahalmena dute. Buckmister Fullerrek Manhattan ganga batez estaltzeko proiektu utopikoa amestu zuen, nonbait New Yorkeko uharte osoa balizko hondamendi batetik salbatzeko neurri bezala irudikatuz («Final Fantasy» pelikulako egileek proiektu horren berri izan zuten, dudarik gabe).

Ganga geodesikoa ikosaedro (hogei alde) edo dodekaedro (hamabi alde) batetik sortutako azalera kurbo bat da, esfera zatitzat har daitekeena. Mountain College unibertsitate txikian irakaslea zela, 1949. urtean, bost metro inguruko ganga geodesikoa asmatu zuen Fullerrek, tutu zilindrikoz osatutakoa. Bere ospea atoan zabaldu zen, eta AEBetako armadak berak ere hainbat enkargu egin zizkion.

Egituren munduan, kargei eusteko balio ez duen pieza oro alferrikakoa da. Eraikuntza bat «ederra» denean, kargek bide ageria egiten dute, gotikoan kasu, non nerbioek grabitatearen goitik-beherako ibilbidea erakusten duten, egitura hauskor bezain ederrak sortuz. Beste edertasun mota batean, egituraren izaera ez da bat-batekoa, ezin da begi hutsez aditu. Fullerren gangek halako edertasun bat erakusten zuten, ezin baitzaizkie, besterik gabe, sekretuak igarri.

Fullerren eskola alde askotara hedatu zen. Frei Otto bera Washingtoneko Saint Louis University ezagunean Buckminsterrekin batera eskolak ematen aritu zen, eta bien arkitekturek antz handia erakusten dute.

Edonola ere, Fullerren ekimenak bere pentsamenduaren seme-alabak ziren. Ekologista amorratua izan zen, ekologismoa oraindik asmatu gabe zegoenean. Egituretan agertzen den materialen aurrezpena, Lurraren baliabideen ustiaketarekin zuen kezkarekin bat zetorren erabat. Suposatzekoa da, beraz, Buckminster azkenaldian txosnetan bogan dauden plastiko zurruneko edalontziekin guztiz ados egongo litzatekeela.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *