Babes ofizialeko gizartea (II)

Creative Commons lizentziaren baimena erabiliz, aurreko artikuluan esan nuenaren laburpen bat eginez hasi nahiko nuke testu hau. Lizentziak Visesa babes ofizialeko etxebizitzak kudeatzeko erakundearen zuzendari ohia den Fernando Martinez Hinojal arkitektoaren blogetik testu bat eskuratzea baimentzen dit.

bizitz ofizialeko gizartea 2Istorioak honakoa dio: Bazen behin altzairua saltzen zuten biltegi batean korten altzairu xaflak erostekotan sartu zen gizon bat. «Egunon», esan zuen, «sei korten altzairu xafla behar ditut». Biltegiaren arduradunak erantzun zion: «Oso ondo jauna, arazorik gabe. Salneurri unitarioa finkatzeko, ordea, esadazu zertarako erabili behar dituzun». Bezeroak, harrituta, horrela esan zion: «Nola, zertarako behar ditudan? Horrek zer zerikusi du ala?». «Bueno, jakin beharra daukagu, prezioa ondo finkatzeko», erantzuna.

«Ez jarri aurpegi hori, gizona», jarraitu zuen dendariak, «prezioa zuk altzairuarekin eraiki behar duzunaren arabera finkatu beharra daukagu, taula batzuk ditugu, eta bete beharreko gauza bat da». Excel moduko taula batzuk erakusten dizkio ahoa bete hortz geratu den bezeroari. «Hau da, zuk eraiki behar duzunak asko balio badu, guk logikoki asko kobratu beharko dizugu, eta alderantziz».

«Posible ote da? Ni eskultorea naiz, eta…». Dendariak azkar erantzun zion: «Eskultorea? Jai duzu, motel. Azkenengo zutabetxo hau, ikusten, taulan? Bai, hor zaude, garestienean. Chillida, Oteiza eta bestelako modernoak bogan jarri zutenez gero, altzairu hau eskultoreentzat oso garestia bilakatu da. Baina noski, zentzuzkoa ere bada, gerora zuek eskultura bakoitzagatik sekulako dirutza lortzen baituzue».

Gure bezero-eskultorea bere onetik atera zen, erabat. «Aizu, eskulturaren balioa -izatekotan, zeren ez dakit ziur saldu ahal izango dudan ala ez- nire lanaren arabera dator, eta ez zuk eskaintzen duzun materialaren arabera». Dendariak, hasperen egin eta lasaitasun osoz esan zion: «Begira, jauna, prezioa hau da. Hartu edo utzi. Baina ez pentsatu gehiegi, azkenaldian eskultore moderno asko datozkigu eta». Zer edo zer ulertu? Bueno, saia zaitezte, «altzairua» dioen lekuan «lurzorua» jartzen, eta «eskultura» dioen lekuan, «etxebizitza». Visesa bezalako erakunde batek aski eta soberan daki zer den «altzairua» bere eskuetan duten dendariekin aritzea.

Estatu espainoleko balorazio sistema 1956ean sortu zen, eta inflazioaren menpe dago erabat. Lurzoruaren balio aldaketa horiek prezioa beti goraka bultzatzen dute, eta maiz hiriaren garapenaren gakoa prezioari eutsi nahi dieten jabe pribatuen eskuetan dago. Hartara, Administrazioak auzo eta gune berrietan beharrezkoak diren azpiegiturak finantzatzeko, hiriaren morfologia eraldatu behar dute, jabe pribatuen eraikigarritasuna handituz. Duela gutxi Bilboko San Mames ondoan gauzatu behar den Garellano gune berria dela-eta horixe gertatu da. Udaletxeak oso maila altuko arkitektoak plazaratu ditu lehiaketan (kasu askotan bertako arkitektoak maila internazionalekoen eskutik joan dira), eta modu askotako emaitzak jaso dira. Besteak beste, MVRDV, Carlos Ferrater, Suares & Santas, Junquera arquitectos edo irabazle suertatu den Richard Rogers ditugu.

Zorua Bilbon ez da inola ere soberan den zerbait, baina irabazle suertatu den proiektuaren dentsitate izugarriak ez ote duen hiriaren beste alderen batean azpiegitura lanak ordaintzeko balioko galdetzen diot neure buruari. Eta ez gaizki ulertu, dentsitate altua beharrezkoa da hirietan, jasangarritasuna bermatzeko eta inguruan den lurraldea ez irensteko txalet moduko sustapenekin. Baina aldi berean, espazio bizigarria eraiki behar da, itolarria eragitea saihestuz.

Rogersek (eta ez berak bakarrik, beste partaide guztiek ere berdin egin dute era batera edo bestera) lurzoruaren espekulazioaren menpe egin behar izan du Garellanoko diseinua. Irizpide ekonomikoak hirigintza eta hiritarren onuraren gainetik salto egiten dutenean, errotik pozoindua den zerbaitekin egiten dugu topo.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *