Babes ofizialeko gizartea (I)

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio saileko sailburuak, Iñaki Arriolak, hasi berri den legegintzaldiari begira gauzatu beharreko proiektuak aurkeztu zituen pasa den astean. Egia esan, «Adreiluak» (letra larriz dagoeneko) berebiziko garrantzia hartu du, eta gobernu berriak Babes Ofizialeko Etxebizitzei buruz (BOE) zer esan behar zuen entzuteko irrikatan geunden.

boePolitikariek ohi duten eran esanda, Arriolaren hitzek koipearen eta eztiaren parekoak ziruditen. Egia esan, ene iritzia eratzeko -edo behintzat susmoak arrotzeko- hurrengo egunetan azaldu ziren erreakzioei erreparatu behar izan nien. Hau da, zeinek txalotu zituen Arriolaren asmoak, nork egin zien txistu. Txaloak sustatzaileen aulkietatik etorri ziren, krisiaren mamu beltza (Seisdedos andrearen moduan, poltsa adreiluz betea) soinetik aldentzeko benetako berri hona jaso dutelako. Txistuak, saila bi legegintzalditan eraman dutenen aldetik etorri dira, hau da Javier Madrazo & Co. Arriolak urtean 10.000 etxebizitza abiarazteko asmoa azaldu zuen. Horietatik (eta etorkizuna izango duen zerbait izango dela espero dut), 4.000 alokairuko etxeak. Ez da inolaz ere kopuru eskasa, Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik 15.000 etxebizitza huts daudela kontuan hartzen badugu behintzat (ez dut uste aitaren batean demografi eztanda bat izango denik, baina tira, udaran gaude eta agian animatuko gara, nork daki).

Arriolak aurkeztutako berritasunen artean, bada nabarmendu beharreko beste bat: BOEn prezioak ez dira finkoak izango. Hau da, gehiago irabazten dutenek gehiago ordaindu beharko dute. Hori bai, BOE bat izateko aukera izango dute. Horrek, gure gizartean nagusi den inbidia lasaitzeko besterik ez bada ere, efektu positiboak izan ditzakeela irudi dezake; aldiz, errealitatea ez da inoiz hain argia izaten.

Adreiluzaleek gezurtzat, engainutzat eta Estatuaren inposiziotzat jotzen badituzte ere, babes ofizialeko etxeek ez dute lurzoruaren balioa igoarazten, aitzitik, espainiar legedi inflazionistaren hatzaparretatik libratzen gaituen gauza bakarra dira. Adreiluzaleek, aldiz, honakoa diote: «Sagar otarra dut, baita fruta erosteko irrikatan dauden bezeroak ere. Nik egokitzat jotako prezioa jarri, eta jendeak ordaindu egingo du. Baina Gobernuak sagarren %75 prezio murriztuan saltzera behartzen nau. Hori dela eta, etekin berdina lortzeko, gainontzeko sagarren salneurria igo behar dut, derrigor». Hau da, BOEak egitea ez da errentagarria.

Horrek teorian logika izan badezake ere, krisia heltzean aktore bakoitzak izandako erreakzioari so egitea besterik ez dago auzia ulertzeko. Azken hilabeteotan sustatzaile pribatuak babes ofizialeko sustapen salbatzaileen atzetik ibili dira; orain dela ez asko horiek beraien galmena zirela aldarrikatzen zutela ahaztu egin dute nonbait. PSOEk, aldiz, zintzoki damututako horiek saritu nahi izan ditu. Edo, ironiaren botoia Off egoeran jarriz, eraikuntzak gidatutako ekonomia suspertzeko saiakera egin nahi izan du gobernu hasiberriak. Zeren eta, jaun andreok, BOEn prezioak lurzoruaren hondar-balioa gutxitzen du (hau da, lurzorua erosten dizutenean balio dezakeena), baina aldi berean sustatzaileen etekinak mugatzen ditu (mugatzea eta murriztea ez da gauza bera guztion diruaz sustatutako oinarrizko jarduera bati buruz ari garenean). BOE modulua zenbat eta baxuagoa izan, etxebizitzaren prezioa are eta merkeagoa da. Hori horrela da, baina, faborez, irakurri, aztertu, galdetu, eta zalantzan jarri hau dena, erantzuna gainean ditugun aurreiritzien kontrako arma hoberena bihurtuko baita.

Gobernu berriak alokairua eta etxeen birgaitzeak sustatzeko egindako proposamenek oso itxura ona baldin badute ere, gauzak ez daude oso argi: birgaitu, alokatu edo gehiago eraiki? Bi aldetara jokatzeko joera ez da batere logikoa, eta bietako batek porrot egin beharko du -birgaitzeak sustatzeko politikak seguruenik, atera dakiokeen errentagarritasun politiko eskasagatik batik bat- . Guk, bitartean, sagar preziatu hori loteria ontzitik noiz atera itxaron beharko dugu.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *