Le Grand Paris; hiri berriak, asmo zaharrak

Parisek eskalaz aldatu nahi du. Horretarako, Nicolas Sarkozyk lehiaketa antolatu du eta puntako hirigileei erronka luzatu die: hirigunea eta aldiriak bateratu eta Paris krisi ondorengo Europako zentro ekonomiko berria bihurtzea.

nikolastxikirenabenturak2009ko apirilaren 29a. Nicolas Sarkozyk, Estatu frantseseko buruak, eszenara igo eta politikariek hitzei neurria hartzeko darabilten jario geldo bezain aseptikoarekin, Parisen hiri egitura goitik behera irauli behar duen proposamena azaldu zuen hedabideen aurrean. Bere hitzetan, edozein hiri plangintzan topatu daitezkeen kontzeptuak aurkituko ditugu etorkizuneko Parisen: gune berdeak, azpiegituren garrantzia, etxebizitzarekin konpromisoa, ardatz estrategikoak… Hitzen aseptikotasunaren atzean, XIX. Mendeko Haussman planarekin alderatu duten ekimen urbanistiko bat dago, hurrengo hogei urteotan Frantziako Uhartearen ezaugarriak definitzeko saiakera handinahia, alegia.

Lehiaketak nazioarteko panoraman dauden aditu onenak bateratu ditu; partaideen curriculumetan pilatzen diren sarien zerrendak zorabioa ematen du (hiru Pritzker sari, jaun-andreok, hiru) eta talde bakoitzean lantzen dituzten diziplinak anitzak bezain bateragarriak dira (eta lurralde antolaketarako ezinbestekoak): geografoak, soziologoak, paisajistak, arkitektoak, ingeniariak…
Buelta gaitezen Nicolasen abenturetara. Demagun 2005eko azaroaren hasierako egunetan gaudela, Parisko aldiriak astindu zituen istiluak puri-purian ziren garaira. Egun batzuk lehenago, bi gazte, Zihed eta Bouna, Poliziarengandik ihesi zihoazela heriotzarekin topo egin zuten. Hitz ederrok esaten ari zaizkigun presidenteak «zabor» adjektiboa erabili zuen bi gazteen heriotza salatzera kalera irtendako jendetza deskribatzeko. Hitzok eragindako erreakzioa hain izan zen indartsua, erraietan sortua, ezen askori “La Haine” pelikularen eszenak etorri zitzaizkigun burura.
Istilu horien atzean, 60 eta 70eko hamarkadetako etxebizitza sozialen politikak topa ditzakegu. Hirigintzak erritmo geologikoa du, egindako akzio bakoitzak hurrengo belaunaldietan eragingo du erreakzioa. Banlieue edo aldiri pobreetan, 60ko hamarkadaz geroztik industriak behar zituen beharginentzako etxebizitzak eraiki zituzten, gehienetan etxe sozialen programa baten barruan. Altuera handiko eraikinak altxatu zituzten, dentsitate handiko guneetan. Horiei kontrajarrita (eta auzian ironia fina ezarriz), hirigunetik aurreko hamarkadan ihes egindako burgesiaren etxabe altuerako txaletak kausitzen ziren, askotan. Horren adibide argi bezala, 2005eko istiluak piztu ziren

Lehiaketaren sorrera

Sarkozy boterera heldu eta hiru urte geroago, Ilê-de-France lurraldea egokiago antolatzeko premia ikusi zuen Barneko ministro izandakoak. Beste batzuen artean, Richard Rogers arkitektoa gonbidatu zuten (Rogers Pariseko modernitatearen beste ikurretako bat den Pompidou zentroaren egilea da, Renzo Pianorekin batera). Harekin batera, jende zerrenda luze eta entzutetsua: Christian de Portzamparc (lehenego Pritzker sariduna), Jean Nouvel (beste Pritzker saridun bat), Roland Castro, Winy Maas (MVRDV estudio holandarraren sortzailetako bat), Richard Rogers (hirugarren Pritzker sariduna, jaun-andreok!), AUC estudioa, Antoine Grumbach, LIN taldea, Studio 09 eta Descartes taldea.

Partaide batzuk nazioarte mailan oso ezagunak dira, beste batzuk, ordea, ez horrenbeste. Baina horrek ez du esan nahi lanaren bilakaeran nolabaiteko eraginik izango duenik. Aitzitik, izen handien gibelean profesional kopuru handia aurki dezakegu, proiektuaren eskalari atxikitzeko. Gobernu frantsesak ideien erreinuan plazaratu du lehiaketa, antzinako politikarien antzera. Ospe handiko arkitektoak, sarritan, hedabideetan irteteko aitzakiak dira, lurralde antolaketarako lanek duten lan kopuru izugarria kontuan hartzen badugu. Eskala txikiko arkitekturan zilegi den «jenialtasuna», bada, ez da hemen gauzatuko. Sortu baino, kudeatzeko proiektu baten aurrean gaude.

Hasiera puntua, beraz, argia zen, eta Rogers britainiarrak era ezin argiagoan adierazi zuen, «munduan ez da bihotza hanketatik eta besoetatik hain urruti izango duen hiririk», zentroa eta aldirietako banantze dramatiko hori salatzeko. Estatu frantsesaren egitura, berez, erabat zentralizatua den lurralde antolaketa baten ondorioa da; amenagement du territoire deritzon ikuspegian murgilduta, Frantziako lurralde antolaketa hirigintzak beste jarduera askorekin dituen erlazioen azterketan oinarritzen da: ekonomiarekin, kulturarekin eta ingurumenarekin, hain zuzen. Hego Euskal Herriko eredua, bestalde, eredu alemaniarraren oinordekoa da, hirigintza modu klasikoago baten garapena, espazioen eta euren arteko erlazioen analisian oinarritutakoa.

Aurkeztutako lanak ideiak edota proposamenak badira ere -eta, beraz, maila teoriko baten barnean kokatzen direnak-, zenbait parte-hartzailek burutapen konkretuetara jo dute bilatzen den eraldaketa saltzeko.

Hartara, Christian de Portzamparc arkitektoaren taldeak zentroa eta aldiriak batuko dituen tranbia garai bat proposatzen du, akaso, mugimendu futuristaren urteurrena ospatzeko edo. Frantziarrak proposatutako gauzen artean, Aubervillierseko herrian Londres, Brusela eta Frankfurtik datozen abiadura handiko trenetarako geltoki izateko ideia azaldu du, zentroa nolabait mugitzeko, edo aldiriei komenigarria izango zaien desoreka bat lortzekotan (auzi hori momentuotan Donostialdean dagoen eztabaidaren antzekoa da; Lurralde Plan Partzialean AHTaren geltokia non kokatu erabaki behar dute, gai teknikoei, baina baita aztergai ekonomikoei ere, kasu eginez).

Portzamparc Pritzker saridunak arazo larri bat nabarmendu du; lurraldea modu eraginkorrean higitzeko, zentroko bi miloi biztanleengan pentsatzetik Ilê-de-France lurralde osoko 11 milioi biztanleengan pentsatzera pasatu beharra dago. Partaide askok ez dute Paris hiri bakar eta mugatutzat hartu, Londrestik Milanera bitarteko continuumtzat baizik.

Zentzu horretan, dudarik gabe, Antoine Grumbachek jaurti du proposamen interesgarriena. Rouen, La Havre eta Paris hiriak bateratzeko ideia planteatu du, ondorioz, Parisi «kosta» oparitu dio. Bere proiektuaren arabera, hiria ehun kilometrotik gorako korridore bihurtuko litzateke. Gehiegizkoa badirudi ere, hiri globalen artean ez da beste munduko neurri bat; esate baterako, Chicago hiriaren gune metropolitanoa 100 kilometrokoa baita.

Proposamen guztien atzetik, azken finean, lurralde ereduak topatzen ditugu; irudi kuriosoak edota hirigintzara baino arkitekturaren eskalara hurbiltzen diren analisiak ez dira lehiaketak bilatzen zuena. Adibide bat, Descartes taldearen eskutik; Parisko erdigunea, hiria bera, bi milioi biztanleko zentro trinko bihurtzea, eta bere inguruan orbitatzen milioi erdi biztanledun 10 hiri «berri» sortzea proposatzen du. Eskalaren alderaketa benetan bitxia suertatzen da, 11 milioi biztanle horietan Florentzia, Dresden, Dublin eta tamaina erdiko beste hainbeste hiriren ereduak txertatzeko proposamena luzatu baitute. Modu horretan, zentrora joan-etorri kopurua nabarmen gutxituko litzateke, azpi-zentroak eratuko bailirateke. Ondorioz, leku-aldaketen denbora ordu erdira murriztuko litzateke. Rogersen taldearen kasuan, Arup ingeniaritza eta London School of Economicsekin batera aurkeztutako proposamenak Kyotoko konpromisoak dekalogotzat hartzeko erabakia hartu du. Rogersek aldiriak eta zentroa berriro -edo behingoz- elkartzeko planteamendua egin du, konurbazioa inguratuko duen eraztun berde bat sortuz.

Politikarien txanda

Ideiak ideia dira, ez besterik. Aurkeztu diren proposamenen artean bakarrak irabaziko badu ere, litekeena da guztien ekarpena izatea kontuan. Hala ere, eta aipatu dugun erritmo geologikoa gogoratuz, 20 urteko epera eginiko aurreikuspenak ditugu mahai gainean.

Parisek izan zuen beste eraldaketa handia datorkigu burura, George Haussmanek bultzatutakoa, hain zuzen. 1853an heldu zen Haussman prefektua alkatetzara, Napoleon III.aren gobernupean. Garai horretan, Parisko zentroaren egitura prestatu zuten eta politikariaren irmotasuna izan zen errudun nagusienetariko bat. Horretarako, frantziarrek hain atsegin duten modu cartesiarrean eratu zituzten gauzak; burgesia berri baterako etxe-uharteak eraikitzeko, hainbat auzo osoki eraitsi zituzten, antzinako egurrezko etxeen ordez harrizko beste batzuk jarri zituzten. Borondate politikoak, beraz, luzaroko begirada baten pean egon behar du.

Frantzian agintari bakoitzak aztarna arkitektonikoa laga nahi izan du: Mitterrandek La Defènseko arkua, Louvre museoaren birmoldaketa eta Dominique Perraultek egindako Liburutegi Nazionala utzi zizkigun; Chiracek, Quai Branly museoa eta, badirudi Sarkoren asmoa Paris eskalaz aldatzea dela, krisia ekiditeko asmoz.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *