Lortu dugu…Bauhaus pasa den mendekoa da!

Stockholm hiriaren kale-kantoi txundigarriak bisitatuz, normalean arreta berenganatzen ez duten bi arkitektoren lanekin egin nuen topo. «Batetik, bioklimatika teknika berriekin eraikitako Hammarby Sjöstad auzo berri-berria, eta, beste muturrean, 1936. urteko Ericsson Telefonplan eraikin zaharra. Azken honetan, hormigoi zuriko hormek argiari tratamendu paregabea ematen diote. Hala, arkitektura arrazional baina beste aldetik orekatu, eder eta funtzionala sortzen dute.

bauhausSegituan erlazionatu nituen hainbat kontzeptu: II. Mundu Gerratean Suediaren neutraltasuna eta ondoren garatuko zuen sozialismorako joera (edo, gutxienez, babes sozialerakoa), aurten ospatzekoa den Bauhaus eskolaren 90. urteurrena, eta nola ez, eskola horrek famatu bihurtutako funtzionalismoa zenbat eratan agertu zen antitotalitarismoaren isla arkitektoniko gisa.

Bauhaus eskolak 1919 eta 1933 bitartean diseinu industrialaren eta grafikoaren oinarriak ezarri zituen, momentu hartan ez baitzen existitzen halako diziplinarik. Ezarri zen garaia zela eta, berebiziko garrantzia izan zuen XX. mendeko abangoardia artistikoen eta teknikoen uztarketan eta antzinako irakaskuntzaren moldeak apurtu zituen. Nolabait, eskolaren inguruan dagoen orok kondaira kutsua du, bertan bizi eta lan egin zutenetatik hasita: Paul Klee, Moholy-Naggy, Walter Gropius, Theo van Doesburg, Henry van de Velde, Mies van der Rohe, Vasili Kandisky, El Lissitzky, Marcel Breuer…

Eskola I. Mundu Gerratetik galtzaile suertatutako Alemaniak Versailleseko Ituna sinatu eta hurrengo urtean sortu zen. Itunak prusiar urguilua larri zauritu zuen, garaileek ezarritako neurriak zirela medio. Ondorioz, iraganean harrotasunak itsututako Alemaniar Inperioa, Weimar Errepublika bilakatu zen, eta horrela jarraitu zuen nazien alderdiak 1933an hauteskundeak irabazi arte. Europar kontinentearen mugak mugituz joan ziren XX. mendeko lehenbiziko hamarkadetan, baita pentsamoldeak ere. Artearen eta arkitekturaren historian, oso garai gutxitan izan da sortze-sukarrik. Politika, eta batez ere komunismoaren itxaropena -edo mehatxua-, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunarekin batera etorri zen, 1917an. Garaiak janialtasunetarako aproposak ziren, edo eromenerako, agian.

Harrigarria da XXI. mendeko eraikinen portzentaje handi baten diseinua eta ekoizteko era “espiritua”, “arima”, “ideia” eta tankerako hitzak erabiltzen zituzten pentsalariengandik ateratzea. Baina horrela da.

Ericsson Telefonplan eraikina diseinatu zuen Ture Wennerholm arkitektoaren arkatzean pentsamendu funtzionalista eta industriala bazegoen ere, pijama mazdeistekin janzten ziren ero batzuek garatu zuten lengoaia formal eta espiritualean oinarritu zen.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *