Klasikoa, modernoa, supermodernoa

Arkitekturaren historia ez dago, tamalez, oso hedatua gaur egungo gizartean. Horren froga nabarmena sarritan entzuten diren kaleko hizketaldietan agertzen da, halabeharrez: «Ikusi al duzu eraiki berri duten etxe hori? Modernoa, ezta?». Beno, bai, modernoa…1920ean akaso, baina modernoa.

fosterEz kezkatu. Arkitektura eskola betetzen duten nerabe denak, XX. mendeko arkitektura ikasterakoan, aho bete hortz gelditzen dira Le Corbusierren etxe txurien argazkiak ikusterakoan. Harridura ez dator maisu suitzarrak eratzen zituen joku bolumetrikoengatik, etxe aurrean agertzen diren pasa den mendeko kotxeek sortzen duten kontrasteagatik baizik. Charleston musika igar daiteke sepia kolorean ateratako argazkiotatik.

Etsi egin behar al dugu arkitektura «klasikoa», «modernoa» edota «supermodernoa» mailaketa horrekin? Kaleko hizkuntzan (eta eraikuntza adarreko teknikari nahikotxorengan ere bai) banaketa horrek zenbaiten eskema mentalak bertan behera ez etortzeko balio du, nolabaiteko osasun mentalari eusteko, alegia.

Egia esan, adibide txepeltzat jarri badut ere, zenbait ikuspegik banaketa hori egia borobiltzat daukate. Beste batzuek, ordea, modernoa klasiko bihurtzen dute eta supermoderno etiketarekin saltzen dute.

Azken Asturias Printze Sarietan, Norman Foster sarituz, lengoaia «modernoa»ren alde egin dute; hau da, Foster modernotzat dute. Erosi Foster bat eta moderno izango zara. Are gehiago, supermoderno. Eta lasai egon, beste supermoderno batzuk ez bezala (valentziar txit goren bat datorkit burura), klasikoak ematen duen segurtasun funtzional-ekonomikoa bermatua izango baituzu.

Foster ama guztiek beren semetzat nahiko luketen arkitektoa da. Eraginkorra, kalitate handiko obren egilea, eta pop izarrek duten berezitasun bat duena: hasiera batean, pentsa dezakezun baino askoz ere obra gehiago izango dituzu ezagun. Gure Norman mende berriko arkitektoa da; bitxia bada ere, Pizkundeko gizonen tankera hartzen zaio. Familia apal batean sortu eta bizi izan zen, Manchester hirian, eta arkitekturarekin erlazioa gerra ondorengo istorioek duten xarmarekin hasi zen: udal liburutegietan Frank Lloyd Wright maisuaren liburu eta irudiekin txundituta, gauez estudioan jasotzen zituen irudiak kopiatzen zituen eta hurrengo goizean bere lekura bueltatu. Arkitektura ikasketak hasi zituenean, udan lan gogorrak onartzen zituen; urtean zehar, ostera, ikasi eta arkitektura eskandinaviarra ikusi ahal izateko bidaiak egiten zituen.

Gerora etorriko ziren Yaleko beka, Richard Rogersekin Team 4 taldearen eraketa, Buckmister Fullerrekin erlazioa, eta bere karrera markatu duten etengabeko mugarriak: Ipswich egoitza, Hong Kongeko bankua, Carrée d’Art (Nîmes hirian), Commerzbank zeru-orratza, Reichstageko ganga ikusgarria… Foster, nolabait, arkitekturaren blockbustera da.

Hong Kongeko proiektua egitearekin batera, Fosterren enpresa globalizatu egin zen. Thames ibaiaren ertzean duen estudioa (bere etxearen «beheko» solairua) gau eta egun dago martxan, etengabeko lan jarioan. Azken bi hamarkadetan, Foster&Partners etxeak 17 bulego ireki ditu munduan eta 1.300 langile kontratatu ditu. Beno, edo agian ez. Enpresa orok bezala, krisia Fosterlandiara heldu eta gure Normanek, Manchesterreko langile familiako seme maiteak, enplegua erregulatzeko espediente bat aurkeztu eta 300 lagun kale gorrian laga behar izan ditu. Arkitektura globalizatuaren kontuak.

Duela gutxi, Peter Zumthorrek Pritzker saria jaso zuen. Bi pertsona horien arteko aldea erabatekoa da: Zumthor Hollywoodeko fokuetatik alde egiten duen Terrence Malick zuzendaria bada, Foster James Cameron izango litzateke, kritikaren eta ikusleen txaloak jasotzen dituen hori. Argi dago arkitekturaren praxi berriaren eredutzat har daitekeela Foster, onerako edo txarrerako.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *