Hasiberriak

Ziklo ekonomiko jakin baten amaieran gaudela ematen du. Beste ziklo edota antiziklo baten atarian sartzen garela hautematen da, adituen, esatarien eta Bloomberg hizkuntza menperatzen duten guztien esanetan. Garai barnerakoia izango da, bizi izan den bolada hedakorra eta gero. Bekatuak zuritzeko denbora; Europarekin alderatuta, Espainiak zero biribila ateratzen du lurralde antolakuntzako aurreikuspenetan. Honez gero hain famatu bihurtu den Europako Legebiltzarraren txostenaren arabera, Europar Batasunean eraikitako etxebizitzen erdia Estatu espainiarrean eraiki dira, alegia, bi miloi etxetik pasa.

hasiberriakBizi dugun testuingurua ikusita, orain zaharberritzeak eta abarrak izango dira arkitekturaren sostengua, bai behintzat garai «ilunak» aldentzen diren arte. Horiek horrela, alderaketa txiki bat egiteko bahimena ematen badidazue, 70eko hamarkadan bizi izan zen krisi energetiko larriaren zenbait ezaugarri gaur egun bizi dugun errealitatearekin parekatuko ditut.

1973. urteko krisi energetikoa, 80ko hamarkada hurbil geneukala heldu zen gurera. Garai hartako munduan, ekonomien porrotek egun baino abiadura geldoagoa zuten. 1976. urteko Estatu mailako Lurzoru Legeak 1956an hasitako ekonomiaren birsuspertze ariketari jarraipena eman nahi bazion ere, laster mundu mailako krisi batekin egingo zuen topo. Legea onartu eta gutxira, erkidego autonomoek lurralde antolaketako eskumenak jaso zituzten; hala, Estatu zentralizatuaren boterea murrizten joan zen pixkanaka. Arkitektura arloan, Sanz de Oiza, De la Sota eta Coderch bezalakoek ezarritako mugarriak 1992ra arte ez ziren berdindu; Espainia berri bat ordezkatzen zuten Bofill, Miralles, Sola-Morales eta Moneo arkitektoek egin zuten.

Horrenbestez, zikloak eta antizikloak joan eta etorri egiten direla argi geratzen da gure iragan hurbila tentuz aztertuz gero. Orain dela hogeita hamar urte sistema politiko berri bat estreinatu zen, eta, horrekin batera, gobernu eta arkitektoontzat enkargu-sistema berri bat ere estreinatu zen. Egun, enkarguen eskala ere aldatu da, edo zeharo txikira (erreforma txikiak, han-hemenka egindako lantxoak) edo zeharo handira (ingeniaritza lantzen duten enpresak dauden moduan, arkitekturitza esamoldea ere geroz eta gehiago aditzen da azkenaldi honetan).

Orain dela hogeita hamar urte lanean hasten zen arkitektoak, bulegoa, marrazkilari bat, eta akaso aparejadoreren bat beharko zuen martxan hasteko. Lana eta trebezia (eta, agian, telefono zerrenda luze bat), nahiko izango zituen lan onak, eraginkorrak eta ederrak zutik paratzeko.

Hasiberriak garenok errealitate ezberdin batekin egin beharko dugu borroka, etorkizun hobe eta, barkatu horterada, berdeago bat lortzeko. Garai bateko arkitekto irudia ehortzi, berri bat pizteko. Baina noski, gauza hauek gaztetan pentsatzen diren gauzak besterik ez dira.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *