Ama, nik Zumthor izan nahi dut

Peter Zumthorrek Pritzker saria eraman du. Bera den bezalako arkitekto batek saria eskuratzeak berebiziko garrantzia du, krisi eta aldaketa garaiotan. Nazioarteko arkitekto ospetsuen ligan, Zumthor harribitxi bat da, eredu eta mugarria belaunaldi oso batentzat.

zumthor

Pritzker sari honek (arkitektura munduaren Nobel saria, ez dakizuenontzat) Valseko termak edota Kolumba museoaren sortzailearen lana aitortu eta goresten du, bide batez arkitekto mota berezi baten irudia laudatuz; lanbidearen jakitun den teknikaria, materialen izaera errotik ezagutzen duena. Mota horretako arkitektoek, jakinduria horri izaera eta asmo artistiko bat erants diezaiokete, bertako genius loci nabarmenduz.

Garai batean, Zumthorren moduko arkitektoek, obran, «lan-maisu» izena hartzen zuten. Bere hezkuntza profesionalak akaso zerikusiren bat izan lezake horrekin, izan ere, ebanista izan baitzen arkitekto baino lehenago (Mies bera ere hargin lanetan ibilitakoa zen, eta Le Corbusier-ek lan-heziketa jaso zuen bere arkitekto ezagutzak lortu baino lehen).

Gaur egun, gauzak zeharo aldatu dira. Orain dela 30 urte proiektu baten memoria orrialde gutxiko dokumentu bat zen, entitate urrikoa. Aldiz, obran aurkitu zitezkeen ezagutzek hutsune hori betetzen zuten, zentzu guztietan: «lanbidea» zen. Planoek ez zituzten obra osoko zehaztasun txikiak adierazten, beharginek soberan baitzekiten arkitektoari zer gustatuko zitzaion eta zer ez. Egun, dokumentu horrek 500, 600 edota mila orrialdetako adreilu zurrun eta araudiz beteriko zerbait bihurtu da. Bete behar den araudia itogarria da, etengabe berritzen diren legediekin.

Paradoxikoki, kontrol eta kalitatearen aldeko apustua handitzen joan den heinean, lanbidearen jakinduria gutxituz doa. Lan ereduak, ordea, ugarituz doaz, Andres Jaquek «El País» egunkarian aditzera eman zigun bezala. Artikulu horretan, espainiar arkitekturako enfant terrible honek Linux sistema eragilearen filosofiarekin alderatzen zuen talde bat aipatu zuen: Zuloark. Estudio anitz eta deszentralizatu honetan, arkitektura ikasleek, sarean bildu, eta bakarka aurre egin eziniko proiektuak burutzen dituzte.

Espezializazioa eskatzen den momentu honetan, ez du ideia txarra ematen. Bartzelona bezalako lekuetan aspalditik darabilten sistema da Zuloark taldeak proposatutakoa. Arkitektoen Elkargoak gisa bereko ekimen bat martxan jarri zuen, arkitektoen arteko elkarlana sustatzeko asmoz.

Erronka non dago? Gaur egun Estatu espainolean bizi eta lanean diren 50.000 inguru arkitektoei (eta eskoletan ikasten diharduten beste hainbeste ikasleei) lana faltako zaie hurrengo urteotan, behintzat lan moldeak aldatzen ez baditugu. Aldaketak horrek bederen Zumthorren pareko arkitektoen sorrera ez eragoztea espero dezagun.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *