Atzo, gaur eta bihar, Peña Ganchegui

Apirilaren 2an hil zitzaigun Luis Peña Ganchegui. Honezkero, haren obra eta ibilbidea goraipatu dituzten artikulu eta erreportaje ugari izan ditugu irakurgai. Hala eta guztiz ere, haren iragan eta -arraroa badirudi ere- etorkizunari begirada bat bota nahiko nioke. Haren obraren iraganak gure oraina eraikitzen du, bizi garen hirien lau erpinak definituz. Donostiako hiria horren erakusle da, dudarik gabe.

atzogancheguiBadia inguratzen du beraren ondare arkitektonikoak, Haizearen Orraziaren zaindari den Tenis-eko enparantzatik, Mirakontxako etxebizitzetatik igaroz eta Alde Zaharreko Trinitate plazara heldu arte. Euskal Herriko beste hainbeste bazterretan egondakoa dugu Peña; Gasteiz (nabarmentzekoa da Foruen Plaza), Zarautz, Mutriku, Oñati, Tolosa, Andoain, Pasaia…

Espazio publikoetan agertzen da iragan horrek gure gaurkotasunean izandako eragina. Hirian badaude «lekuak» eta «tokiak». Leku bat neutroa da; tokia, aldiz, «kargatuta» dago; karga hori zenbatekotasun eta nolakotasun ezberdinekin hornituta egon badaiteke ere, toki horrek berezitasun jakin batzuk izango ditu halabeharrez. Adibidez, turismoaren botereak eraikitako solairu ugaritako etxebizitzek «lekuak» eratzen dituzte (berdin zaigu Zarautzeko itsasbazterrean edo Kroaziako kostaldean izatea, sasi-arkitektura berdina topatuko dugu). Alabaina, bertoko berezitasunen jabe egin den arkitekturak lekuko lengoaia bereganatuko du, lekua «toki» bihurtuz. Peñak lekuak toki bihurtzeko trebezia zeukan.

Peñak berak modu egokian deskribatzen zuen prozesu hau: «Leku bakoitzak bere bokazioa du, gakoa da bokazio hori zein den aurkitzea. Leku bati giza zentzua eransten badiogu, artefaktu bat kokatzen badugu, lekua toki bihurtuko da».

Orainaldia, bestalde, haren estudioan lanean diharduten arkitekto taldearengan iraultzen da; Rocio Peña eta Mario Sangalli arkitektoek Santiago plaza berrian dagoen zurezko altzari zabal batean itxaroten gaituzte, goxo-goxo udaberriko eguzkiaz gozatuz. Plaza honen diseinuagatik, bi urtean behin ematen diren Arkitektoen Elkargoko Saria jaso zuten 2007an, paisaiagintza eta hiri-diseinuaren atalean. Senar-emazte hauek Peña Gancheguiren ildoaren eta estudioaren ondorengo dira, zentzu guztietan, Luis Peñaren alaba baita Rocio. Aurreko lana inspirazio modura erabilita, etorkizuneko erronkak egungo gizarteak eskatzen dituen malgutasun eta sortzeko ahalmenarekin jasotzen dituzte. Pasaian adibidez, programa osoa altzari bakar batean batu zuten; «Plaza askatzeko desioa geneukan, ertza gureganatu, interbentzio topografiko bat eginez», azaltzen du Rociok. Horri, Mariok honakoa erantsi: «Lau materialekin sortu dugu plaza; alde batetik asfalto urtua eta harri basaltikoa, eta bestetik pantalanen teknologian erabiltzen diren zura eta aluminioa». Garai bateko kiosko baten itxura gogorarazten digun egurrezko egituran etzanak, uraren gainean lebitazio ariketa bat egiten ari garen irudipena ematen du, jostari dabiltzan korrokoien gainetik hegan egiten.

Etorkizuna, Donostiako Arkitektura Eskolatik dator. Peña Gancheguiren eskutik heldu zitzaigun Arkitektura Eskola publiko bat izateko aukera, Bartzelonako Eskolaren anaia txikia bilakatuz. Ondorio bezala, eta historian estreinakoz, arkitektura euskaraz ikastea posible bilakatu zen. Irakaskuntza honen normalizazioak gorabehera ugari izan dituen arren (orain dela sei urte ikasleek burutu zuten greba orokorrak azaleratu zuen bezala), trena martxan da jada. Luis Peñaren ondareak, eta etorkizunera izango duen proiekzioak, Eskolatik ateratzen diren arkitektoen bitartez biziraungo du, guztion lan, arrakasta eta akatsen lemapean. Peña iragana izan da, euskal arkitektura gerra-ondoko bidezidorretatik bideratuz; orainaldia da, egun berak eraikitako espazioak bizi ditugulako, eta etorkizuna da, gu guztioi bertako hizkuntzan ikasteko aukera eman baitzigun.

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *