Bolognako kulebroia

Azken boladan, Facebook eta Twitter sare sozialen, posta elektronikoaren eta gainontzeko plataforma digitalen bidez alarma gorria piztu da arkitektoen artean: luzarotik datorren ingeniaritzaren kontrako gerratean, azken bataila heltzear dago (edo, hobeto esanda, heldu da jada). Ongi etorriak, bada, Bolognako kulebroira.

angelaDenok jakingo duzue, ondo edo gaizki, zer den Bologna, ezta? Arkupez jositako Berpizkundeko harribitxia izateaz aparte, Europar Batasuneko ikasketa espazio komuna lortzeko ekimena ere bada Bologna Prozesua. 1998an hasi zen kulebroia. Sorbonan egindako bileran, EBko kideen ekonomia suspertzeko ikasketa espazio orokor eta homogeneoa bilatu behar zela erabaki zen. Hurrengo urtean, Italiako Bologna hirian hain zuzen ere, proposamen bat hitzartu zen «goi ikasketa sistemak eta ikerkuntza gizarteari eta ezagutza zientifikoei egokitzea bermatzeko».

Angela Channing berak ere sinatuko zuen agiriak bete-betean txertatu zuen «merkatua» hitza unibertsitateen baitan. Beldurgarria, giza-ezagutza nolabait merkatuaren agindupean paratu baitzuen. Film estatubatuarretan bezala, alajaina.

Arkitekturaren kasuan, aldaketa momentu «egokienean» etorri da. Krisi ekonomikoak lanbidea ederto astintzen duen uneotan, arkitektoaren irudiaren birplanteaketa mahaiaren gainean jarri da. Hain zuzen ere, Valentzian aurki ospatuko den arkitektoen kongresuan hori izango da hizpide nagusia.

Kulebroiarekin jarraituz, tatxaaan!, J.R. Ewing agertzen da agertokian; hau da, 2007an onartutako Errege Dekretua. Noski, dekretua pelikulako «gaiztoa» da. Izan ere, bertan arkitektura graduondoko diziplina bihurtzeko asmoa jasotzen da, ingeniaritzari master maila ematen zaion bitartean. Txantxantxaaan!!! Kulebroi guztietan bezala, sentimenduak, traizioak, txarrak ziruditen onak eta on-onak ziruditen zitalak izan ditugu azken bi urte hauetan. Estatu espainiarrean, Andaluzia eta Madrileko elkargoek eta unibertsitateek izan dute, batez ere, egoera salatzeko iniziatiba. Donostia edo Iruñeko unibertsitateak edo Euskal Herriko arkitektoen elkargoak, berriz, mutu agertu zaizkigu.

Erreforma indarrean jarriz gero, ingeniarientzat bi urteko masterra egitea nahikoa litzateke arkitektoen konpetentziak bereganatzeko. Horri azken zazpi urteotan arkitektoen kopurua %46 igo dela eransten badiogu, ez da harritzekoa bat baino gehiagori ilea garaia baino lehen erortzen hasi zaiola sumatzea.

Esparru ekonomikoa ez da auzian dagoen bakarra. Azken urteotan eraikuntzaren industria munstro aseezin bihurtu denez, arkitektoek beraien konpetentzia esparrua nahita murriztu dute (egituren eta atonduren kalkulua, adibidez, kanpoko bulegoetara bidaltzen da), betiere eraginkortasuna eta irabaziak handitzeko helburuarekin. Azken ukitu makurra arkitektoek beste arkitekto batzuk enplegatzen dituztenean ikus dezakegu; hala, autonomo faltsuaren irudia erabiltzen da azpikontratazioak egiteko. Honen guztiaren biktima zein den argi dago: arkitekturaren eta lan baldintzen kalitatea. Madrilgo elkargoaren presiopean, Arkitektoen Goi Kontseiluak dekretua atzera botatzea lortu du (bai, arrazoi duzue, arkitektoen munduan dena Dan Brown idazlearen liburuetan bezalakoa da). Antza, aurrerantzean ere arkitektoa izateko bost urte, karrera amaierako proiektua barne, ikasi beharra bermatuta dago. Hau da, arkitektoek irabazi egin dute (oraingoz). Nik, egia esan, ez dakit kulebroi hau nola bukatuko den. Nork daki, agian aspaldi hiltzat jotako baten bat azalduko da eta, kirurgia plastikoa egin duela-eta, ez dugu nor den hautematerik izango.

Valentziako eraikuntzen %10 azken sei urteotan eraiki direla dio gaurko egunkariak. Arkitektoaren lanbideari teorian dagokion erantzukizun soziala erabat desagertu da azken urteotan bizi izan dugun eraikuntza ero eta axolagabearen testuinguruan. Arkitekturaren gorespenak egiten dituzten horiek (ingeniaritzaren aurrean bai behintzat) begirada atzera bihurtu beharko lukete etorkizunean akats berdinak ez errepikatzeko.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *