Saint Louis, 1972ko uztailaren 15a

1972ko uztailaren 15ean gaude, AEBetako Saint Louis hirian. Arratsaldeko hiru eta erdiak dira. Ekaitza iragartzen duen lasaitasuna hauteman daiteke airean. Bat-batean, eztanda bortitz batek Pruitt-Igoe Missouri eraikina eraisten du eta, bide batez, mugimendu modernoaren heriotzaren iragarpena lau haizetara hedatzen du. Garai batean Minoru Yamasakiren eraikinak babes ofizialeko etxeen paradigmatzat hartu izan baziren ere, gerora funtzionamendu arriskutsua izan zuten eta Saint Louiseko errealitate sozialarentzako ezegokiak bilakatu ziren. Ondorioz, eraikinak hartzen zituen auzoa ghetto bihurtu zen eta lapurretak eguneroko ogi.

st_louisBat-bateko katarsia balitz bezala, ia mende batez garatutako ekarpenak bertan behera gelditu ziren. Mugimendu modernoak gure bizitzaren arauketa zuen helburu, gizartearen nolabaiteko arrazionalizazioa. Aurreko estiloenganako erreakzio bezala sortu zen, baina, hala ere, ez zuen Bigarren Mundu Gerratearen ondorengo munduaren analisi egokia egin, eta porrot egin zuen bere ahaleginean.

Gaur egungo egoerak orain dela ehun urtekoa bezain erabakigarria ematen du, gutxienez arkitekturaren arloan. Oraingoan, katarsi unea CCTV Txinako telebista publikoaren eraikinaren ondoko hotelaren sutearekin heldu da. OMA estudioaren buru den Rem Koolhaasek zientzia fikziozko (Ridley Scott maitea, Jules Verne garaikidea) bi eraikin proiektatu zituen; lehenean, benetan ikusgarria, L formadun bi bloke erraldoik grabitateari muzin egiten dion masa erraldoia osotzen dute. Bigarrena (goitik behera erre dena hain zuzen ere), hotel bat zen.

Azken hamar urteotan faraoien garaiko proiektuen berpizkundearen lekuko bihurtu gara. Dubai edo Txina bezalako tokietan, irudimenaz kanpo agertzen da eskala. Hiri globalen eraketan, Erdi Aroko dorreen teoria bera da nagusi berriz ere: tramankulu luze, gogor eta handiena duena da boteretsuena (ai gizonok…).

Euskal Herrian, noski, ez dugu super-proiektu erraldoi hauen moda galdu nahi izan. Hala ere, azken hilabeteotan ekimen hauen bideragarritasuna zalantzan jarri da adreiluaren krisia dela eta. Errepasotxo bat burutuz, lehenbizi (eta porrot honen adibiderik gordinena bezala), Barakaldon kokatuko den/zen Puerta Bilbao proiektua dugu. Tontxu Rodriguez alkate txit gorenak, Iurbenor etxegintza enpresaren ordainketa-etenduraren ostean sortutako ezinegona eta kezka aixa usatu zituen, 2.000 etxe berrien eraikuntza bermatuta zegoela berretsiz. Beeeno, ea zortea daukaten gure barakaldar maiteek! Urola bailaran barrena, beste adreilukada bat, beste alkate bati emandakoa. Oraingoan baina, koloreak aldatu egiten dira. Gora pluralitatea! Kontuak kontu, Azkoitiko alkate Asier Aranbarrik Habiditeko etxe prefabrikatuak egiteko fabrika ez dela eraikiko aitortu digu. Gipuzkoako ekonomiari astindu ederra eman behar zion ekimena, beraz, bertan behera. Tiiira, ea bederen Pilotaren Museoa bukatzea lortzen duten! Bilbo aldera itzuliz, Boluetako 7Kale proiektuak sortarazi dituen kezkak eta hika-mikak ditugu aipagarri; hasiera batean, 2004rako espero genuen lanen hasiera. Deskontaminazio prozesua luzatuz joan zen, eta egun ez du ematen orubean mugimendu handirik dagoenik. Beeenga, ea gutxienez Supersur autobideak ez dien etxetzarroi dezibelio gehiegirik igortzen!

Puff, bukatu beharrean nago, lagunok. Oraindik, hala ere, aztertzeko gai dezente gelditzen zaizkigu. Azken finean, hurrengo hamarkadan historian ezagutu gabeko gastu publikoa emango da azpiegituretan. Arkitekturaren arloan, «eraikitzeko» grinatik «antolaketa» beharrera mugitu dira erronkak. Antolaketa hori garatzeko lanabesak, nonbait, azpiegituretan daude politikarien ustez. Tira, ikusteko dago oraindik tren, auto eta itsasontzi super-azkar horiek nonbaitera eraman gaitzaketen ala ez.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *