Muturreko arkitektura

Muturreko arkitektura, edo arkitektura tranpatia, mugaz bestaldeko arkitektura edota bat-bateko arkitektura litzateke. «Etiketak alde batera utzita, egun ere arkitekturaren izaera kanonikoa, ordenatua eta industrializatua aldera batera uztea badagoela frogatzen duen tendentzia da. Musika industriaren antza hartzen diot: undergroundean topatzen dira maiz ekimen interesgarrienak. Ekimen hauek arrakasta lortzen dutenean, mainstreamaren erantzuleak kopia zehatzak gauzatzen dituzte. Adibideak anitzak direnez (eta espazio laburra dugunez), has gaitezen.

muturrekoMuturreko arkitektura espontaneoa: Herri, kultura edota jakintza popularrak mendeetan garatutako arkitektura da. Txinako zein Ordiziako baserritar bati baserri bat nolakoa den galdetuz gero, zalantza izpirik gabe erantzungo du, aldez aurretik jakin badakielako baserri batek nolakoa izan behar duen (noski, bakoitzak bere erantzun propioa emango du). Punta-puntako ekoarkitekturak mendeen poderioz trebatutako teknikak lapurtzen ditu: Irakeko etxe tipologiak, eskimalen igluak, Pakistaneko haize-tximiniak, Venezuelako palafitoak…

Muturreko arkitektura kolektiboa: Marte Mujika eta Roberto Villamayorrek La Petatera zezen plazaren deskribapen polita ematen dute «Jai Tek, tecnología feliz» izenburupean argitaratutako liburuan (harrapatu al duzue hitz jokoa?). Kolektibo batek, inongo antolakuntza bertikalik gabe, bere izaera indartuko (eta bide batez definituko) duen eraikuntza komun bat egiteari ekiten dio, tresna edo langile kualifikaturik gabe.

Muturreko arkitektura kolektiboa: Marte Mujika eta Roberto Villamayorrek La Petatera zezen plazaren deskribapen polita ematen dute «Jai Tek, tecnología feliz» izenburupean argitaratutako liburuan (harrapatu al duzue hitz jokoa?). Kolektibo batek, inongo antolakuntza bertikalik gabe, bere izaera indartuko (eta bide batez definituko) duen eraikuntza komun bat egiteari ekiten dio, tresna edo langile kualifikaturik gabe. Muturreko arkitektura artistikoa: Hemen izen propio bat aurkitzen dugu: Gordon Matta-Clark (GMC). Arkitektoa izan zen GMC, edo, hobe esanda, anarkitektoa. Arkitekturaren lanabesak mezu sozialak eta politikoak luzatzeko erabili zituen, motozerra eta guzti. Bigarren Mundu Gudaren ondorengo funtzionalismoa salatzeko, hiri-aldirietan bertan behera lagatako etxeak hartu eta… erdibitu egiten zituen! Moztu, ebaki, eta bide batez, kontzientziak astindu. Espekulazioaren aurka ere gogor egin zuen GMCk. New York hirian eraikitzeko bezain handiak ez ziren orube hutsak bilatu eta erosi egin zituen, 25 eta 75 dolar arteko prezioetan (orube txiki-txikiak bilatu zituen). Horrela, espekulazioaren mundua agerian utzi zuen, berea bezalako zentzurik gabeko ekintza batek lurzoruaren prezioa handitzen zuela frogatu baitzuen!

Muturreko arkitektura ilegala: Beste izen propio bat agertzen zaigu berriro ere, Santiago Cirugeda. Arkitektura «ilegala» diogunean, ez gara promotoreen ekimen ilunez ari, legalitatearen mugetan mugitzen diren arkitekturez baizik. Cirugeda sevillarrak «hiri-errezeten» liburuxka bat idatzi du (bere web-gunean dago ikusgai; www.recetasurbanas.net). Klasiko bihurtu den adibide bat ematen du. Etxe bat handitzeko lan merkeak egiteko, zure etxeko fatxadan aldamio bat jartzeko lizentzia eskatu behar duzu (lagun arkitekto bati proiektutxo bat egiteko eskatu). Lizentzia betetzerako orduan lanak bukatzeko epea zehazten ez baduzu, zure logela handitzeko aukera izango duzu (Cirugeda berak karrera bukatu bitartean egin zuen bezala).

Larrialdietarako muturreko arkitektura: Izenak dioen bezala, larrialdi batetik irtendako arkitektura da. Kasu hauetan jendearen zorroztasunak materialen urritasuna orekatzen du. Shigeru Ban arkitekto japoniarrak Sri Lankako tsunamian, Ruandako larrialdi humanitarioan edota iaz Txina astindu zuen lurrikaran erabili den kartoizko tutuekin egindako etxola sistema bat asmatu zuen. Adimena zoritxarraren kontra erabiliz, Banek Japoniako garagardo konpainia handi bat konbentzitu zuen etxolen teilatuen estaldura egiteko beharrezkoak ziren publizitate toldoak eman zitzan (imajinatzen Keler etxeko publizitatearekin estalitako larrialdi-kanpamentua?).

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *