H hiriaren historioa

Hiri ikusezin baten istorioa kontatu nahiko nizueke. Izenak garrantzirik ez duen arren, H hiria deituko diogu, guztiok nolabait identifika dezagun. Hiri guztiak bezala, H txiki jaio zen. Garai horietan, hatxetar guztiak beren bizilekuaren parte ziren; leku orok zentzua zeukan, izateko arrazoia (adibidez, eliza ondoko hilerria ez zegoen kasualitatez bertan). Herrigunea osatzen zuten karrika estuek lanbideen banaketa argia egiten zuten: hor harakinak, han arotzak, etab. Herritik kanpora, muga ezagun baina aldi berean lauso batean, landa lurrak zeuden.

HArerioen erasoez defendatzeko, harresiak eraiki zituzten H-n eta, bat-batean, muga lauso hori trinko eta zurrun bihurtu zen. Hala, barnealdearen eta kanpoaldearen arteko aldea indartu zen. Italiako lurralde urrunetatik, liburu bat heldu zen. Liburu hartan, hiri batek izan behar zituen hiru ezaugarrien berri ematen zitzaien H-ko biztanleei: Ederra, Erabilgarria eta Erosoa izan behar zuen eta ezaugarri horien artean oreka behar zen. Hatxetarrek buru-belarri ekin zioten lanari. Iragana (eta, ondorioz, Jaungoikoa) ordezkatzen zuen hiri-bilbea bertan behera eraitsi zuten eta ardatz eta plaza «kultuz» jositako hiri berri bat eraiki zuten (hala, Gizakiaren irudia goraipatu zuten).

H hiriburu bihurtu zen, eta jende ugari joan zen hara. Teknikaren aurrerakuntzek Gizakiaren mirespena Makinaren gurtza bihurtu zuten. Erabilgarritasunak beste bi ezaugarriek baino garrantzi handiagoa hartu zuen eta hiritarrek, beraien historian estreinakoz, arrotz sentitu ziren sorterrian. Edertasuna eta Erosotasuna txikitzen hasi ziren. Ibaiak zikindu ziren, airea ilundu eta gaixotasunak ugaritu. Askok, lehengo bizitzara bueltatzeko eskatu zuten, hiritarren balio moralen txikiagotzea sumatuta. Eta, ustekabean, Gerra etorri zen, ankerra eta izugarria. Zenbaitek txikizioa mundu berri eta ordenatu bat eraikitzeko aukeratzat hartu zuten.

Biztanleriaren bizi egoera hobetzeko saiakerak egin zituzten, batez ere higiene eta trafikoari zegokienez. Beste Gerra handi batek ekimen horiek guztiak zapuztu bazituen ere, H hiri berriaren trazak ezarrita zeuden jada.

Berba arrotza erabiltzen zuten arkitektoek; hatxetarrei hainbat lekutan Lan egin, Bizi, Olgatu eta Higitzeko agindua ezarri zieten. Hiria guztiz zatitu zen, eta kotxearen beharra ezinbestekoa bihurtu. Egundoko etxe altuak eraiki ziren, teoria berri horien menpe. Urteak pasa ahala, hiritar gazteek ezin zuten aitona-amonek kontatzen zituzten pasadizoak ulertu; herri giroa, kondairak… dena iraganeko kontuak ziren. H berriak ez zuen leku sinbolikoak sortzeko ahalmenik, hutsik zegoen espirituz. Arkitekto italiarraren liburua heldu eta ia bostehun geroago, H hiria hurrengo aurrerapausoa emateko prest zegoen. Italiatik etorritako oihartzunek Kulturaren garrantzia nabarmendu zuten, tokiko tipologiak ikertzeko beharra, baita aspaldi atzean utzitako Edertasuna berreskuratzekoa ere. Hiria adierazlez eta adieraziz osatu zen berriro. Lurraldeen, auzoen, bereizgarriak ez ziren eraikinak bakarrik, barnean bizi ziren pertsonen emozio, nahi eta beldurrak ere haien bereizgarriak ziren.

H-ko agintariek hiria aldameneko hiriekin kontaktuan jartzeko ahaleginak egin zituzten, atzerritik zetorren moda jarraituz. Lehiakortasuna sustatzea zen gakoa, H leku erakargarria bihurtzea. Horretarako, aireportuak eta errepideak eraiki zituzten. Honaino, H-ren istorio laburra. Motza gelditu zaigu, eta agian gauzak argitu baino, korapilatu egingo nizkizuen. Nahiz eta mila urte igaro, ordea, gure hiriak, herriak, lurraldeak gainean behin eta berriz idatzitako pergaminoa balira bezala ulertu behar ditugu. Garai bateko elizaren ondoan zegoen kanposantua gogoratzen? Bada, litekeena da zuen herrietako plaza nagusia hor gainean eraikita egotea. Historiaren gainean ematen ditugun urratsak dira. Astiro eman behar, beraz?

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *