Kaixo, poxpolin

Ederra. Polita. Liraina. Zer gustuko ditugun hitz horiek! Gaur egun zer erraza den gauzen arteko diskriminizazio bat egitea: polita edo itsusia. Gustu eta sentsibilitate desberdinak daude. Baina, ba al du horrenbesterako alderik batak bestearengandik? Vigoko Arkitekto Elkargoak bere egoitza berria eraikitzeko egindako proiektuan, edertasunaren auzia puri-purian topatzen dugu. Inguruko alde zaharreko bizilagunek, eraikinaren «kalitate urria», materialen ezegokitasuna… salatu dituzte. Hau da, eta guztiok ulertzeko, itsusia iruditzen zaie.

ederra

Gaztea banaiz ere, Kursaal aretoaren kontrako herri-plataforma datorkit burura. Kursaalaren kasuan, hiriko edertasun kanonetatik at zegoen proposamen batek ondo kalkulatutako talka bilatzen zuen. Ondorioa, nire ustetan Euskal Herrian aurki daitekeen eraikinik ederrenetariko batetan islatu zen («tipo hau ergela duk!», pentsatuko du batek baino gehiagok; beno, esan dizuet, edertasunean ez dago ezer idatzirik; «gainera, ziur babo aurpegia ere baduela»).

«Gestalt» hitz alemanak «itxura» edota «forma» esan nahi du. Hain zuzen ere, izen bereko psikologia alorrak gure buruek formak nola hautematen dituzten aztertzen du. Patroi bat errepikatzen denean, adibidez, patroi hori gureganatzen dugu, eta informazio asko bidean lagatzen da (lo gaudenean, etxe azpiko trafiko zarata ez dugu entzuten; aldiz, edozein zurrumurru ezezagunek atoan esnaraziko gaitu).

Patroi horien errepikapena, horrenbestez, gure buruei egindako iruzurra da. Iruzur horren bitartez, zenbait kasutan edertasunaren aztarnak topa ditzakegu: Partenoia, adibidez, iruzurrez betetako eraikina da. Akropoli baten tontorrean eraikia, bere trazetan ezin da kasik angelu zuzenik topatu; kurba eta zuzen faltsuz jositako maisulana dugu, denbora luzez mendebaldeko kulturarentzat edertasun ikurra. Edertasuna, beraz, gai kulturala, koiunturala eta, batzutan, erlijiotsua da. Kultura klasikoan, gizaki eta jainkoen itxura bat zetorren; Vitrubio erromatar arkitektoak, pertsona baten zilborretik hasita eta gorputz-adarretan bukatuz, borobil eta laukizuzen baten irudia egin zuen. Hots, irudi geometrikorik basiko eta ondorioz ederrenak.

Antzinakoek proportzioak zituzten gustuko, eta zerbaitek ederra izatearen zigilua jasotzeko proportzioz josita egon behar zuen. Sudurra, buruaren bostena da; burua, gorputzaren zazpirena. Beraz, denbora luzez barne lege «arrotzek» erabaki zuten arkitekturan zer zen lerden eta zer ez.

1910eko hamarkadan, ordea, sistema dezimalaren semeek beste nolabaiteko erlazioak topatu zituzten. Ardura zientifiko batetan oinarritutako magnitude sistemaren ondorio bezala, frakzioak agertu ziren, eta horiekin industrializazioak ahalbideratutako eraikuntza sistema berriak. Bi lengoaia nahastu ziren: arkitektura munduaren Beaux Arts lengoaia eta ingeniari ingelesen zubi metalikoena. Ez da hortaz harritzekoa XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako eraikuntzarik ederrenak ingeniarienak izatea.

Gaur egun, kalkulu lanabes digitalek forma eta proportzioaren arteko muga gaindi dezakete. Internetetik zabaldu den hizketaldi batetan, Greg Lynn arkitekto estatubatuarrak proportzioa alboratzeko deialdia egin du, eta patroiaren aldarrikapena lau haizetara oihukatu.

Arkitektura aldizkariak irudi eta proiektu organikoz betetzen eman ditu azkeneko urteak Lynnek (gogoratzen blandiblupa?). Arkitektoaren esanetan, sistema batek informazio galera bat duenean, simetriara jotzen du gabezi hori ekiditeko ahaleginetan. Bestalde, bere arkitektura bitxia bezain garestia da; ez dira eraikin osoan berdinak izango diren bi elementu. Hori, mon amies, pieza kopuru mordoa da. Bejondeiola aurrekontua egin behar duenari! Bejondeiela baita Vigoko alde zaharreko bizilagunei!

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *