Arkitektura aldizkariak

«Pre Scriptum» batekin hasiko naiz: krisialdiaren kontra, fabrikak baino, liburutegiak behar dira. Hau esan eta gero, gatozen harira. «Metalocus» arkitektura aldizkariak hamar urte bete ditu.

«Metalocus»en muinean, edo hasierako intentzioetan, tangentzialitate abarren batuketa aurkitzen dugu: arkitektura, artea, poesia, eta, batez ere, kritika.

aldizkariakKritika, gaurko hitz gakoa. Josep Maria Montanerrek, artearen eta arkitekturaren historia berari so egon diren kritikarien arabera idazten du «Arquitectura y crítica» saiakeran. Kritikoen beharra ezinbestekoa da, beraiekin bihurtu baitaiteke ulergarri eta interpretagarri egungo gizartea. Ehun orrialde eskasetan, XIX. mendean hasi eta gure egunetan bukatzen den bidaia zirraragarrian barneratzen gara.

Maiz, arkitektoek eurek kritikari papera izan dute: Adolf Loosen «Das Andere», Ilia Erenburg eta El Lissitzkyren «Veshch-Gerenstand Objekt», Le Corbusier eta bere «L’Esprit Nouveau»… Hedabide digitalik gabeko munduan, norberaren ahotsa eta aburua entzuteko, zenbat eta dorre altuagoa eraiki, hobeto.

Aldizkarietan hiru ezaugarri ezberdin topa ditzakegu. Batetik, egunerokotasunari begirada bat, orokorra eta arina. Bestetik, interesgarri diren proiektuen azalpen eta deskribapen zehatz eta mehatza.

Oriol Bohigas-ek «Ianus» aldizkariaren aurkezpenean nabarmendu bezala, XIX. mendeko obren deskripzioa bilatzeko (Eiffel dorrea, tren makinak, etab.), garaiko ingeniaritza aldizkariei egin behar diegu kasu. Kritika hori, ordea, ez da erraza («Ianus» aldizkariaren ale bakarra egon zen; Nuff said).

Hirugarren ezaugarria, garrantzitsuena: testuinguru jakin batetan arte lan edo ekoizpen arkitektoniko bat jartzea, eta, ondorioz, bere ulermena ahalbideratzea. Ulermen hori eskuratu orduko, norberaren eskuetan gelditzen da epaiketa.

Baina, gaur egun, ba al dauka paper hutsean idatzitako aldizkari batek orain dela hogei urte izan zezakeen zentzu berdina? Arkitektura gaiak jorratzen dituen blogosferari kasu egitean konturatuko gara paperak Interneten aldean dituen gabeziez.

Azkartasuna aipa dezakegu, berehalakotasuna. Informazio sailkapena, mundu guztiaren eskura egotea, bilaketa globalen aurrean munduko edozein puntutik erantzuna jasotzea… Kontra, eta Googleen ondorioz, ergeltzen hasita garela ematen du.

Arkitektura blogek elkarri albisteak kopiatu edo, egunerokotasunaren esklabo, analisi gabeko artikuluak posteatzen dituzte, ziklo bukaezin batetan sartuz.

Egun, deskribapen teknikoak burutzen dituzten arkitektura aldizkarien ondoan, «Elle Deco» edo «Cosmopolitan» bezalakoek jasotzen dituzten modako arkitekturaren artikuluak ditugu. Arkitektura, mass-mediaren sareetan preso, berriak etengabe behar dituen hedabideen industriaren gatibu bihurtu zaigu bere borondatez.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *