Emakumeak eta arkitektura

Gaur, fribolitate ariketa moduan, irakurtzeke dudan Simone de Beauvoir-en testu bat aipatuz hasi nahiko nuke artikulua. Feminismoaren hastapenetan, filosofo frantsesak 1949ean Bigarren sexua saiakera idatzi zuen. Bertan, bere bikote Jean Paul Sartre-ren galdera bati erantzun nahi izan zion: «Zer esan nahi du emakume izateak?».emakumeakGaldera horren ondorioz, hurrengo belaunaldietan eragin eta salmenta izugarria izan zituen testu bat argitaratu zuen Beauvoirrek. Hogei urte lehenago, Matilde Ucelay andereñoak Errepublika garaiko Madrilgo arkitektura-eskola hankaz gora jarri zuen: historian lehen aldiz, neska batek arkitektura ikasketak bukatu eta eskubide osoz titulua jaso zuen. Matilde beraren esanetan, bere presentziak hamaika komeria ekarri zituen; komunak mutilentzat bakarrik zeuden egokituta (orain gutxira arte beste hainbeste gertatu da eskoletan), eta bere presentziak inguruko mutilengan jokabide bitxia sortarazten zuen; hala nola, ikasgelan sartu orduko mundu guztia zutitu eta hura agurtzea.

2006. urtean egin zioten omenaldia Matilde Ucelayri, Espainiako Estatuko Arkitektura sari nazionala eskuratu baitzuen. Porru artean altxatzen zen lorea. Akaso epaimahaiak, bizitza osoaren omenaldi horretan, ezkutuan eta modu isilean aritu diren emakumeei hain gizalegezkoa zaien onarpena burutu nahiko zuen.

Puntu honek beste omenaldi batera narama. Aurten Carmen Pinós arkitektoak Kataluniako Gobernuak emandako Arkitektura eta Espazio Publikoen sari nazionala jaso du. Era berean, Ucelayk jasotako sari bera jaso zuen katalanak ere, 1995. urtean hain zuzen. Morella-ko lantegi-eskola aitzakiatzat harturik, Olinpiar Jokoen osteko Katalunia definitzen zuen estilo berritzailea saritu zen.

Buelta gaitezen ostera Beauvoirrek esandakoetara. Bere tesian, emakumearen izaera ordura arte ikertu gabeko ikuspuntuetatik aztertzen zen. Hala, ondorio batera heldu zen: emakumeak beti izan du beste «norbaiten» premia. Andreak «bigarren» plater bihurtzen ziren, eta mendeetan zehar rol hori bete dute: andregaiak, emazteak, alargunak, emagalduak. Beren izaeraren definizioa, hortaz, bere banakotasunetik arrotza zen zerbaitetan oinarritzen zen; hots, gizona.

Gizonaren erreferentetik libratu diren emakume arkitekto gutxi ditugu, liburuetan agertzen diren gauzez fidatu behar bagara, bederen (gizonek idatzitako liburuak, normalean). Maiz topatu dezakegu «arkitekto ospetsua + bere itzalpean dagoen emakumea» formula. Adibidez: Ray Kaiser + Charles Eames, Margaret MacDonald + Charles Rennie Mackintosh, Aino Marsio + Alvar Aalto, Carme Pinós + Enric Miralles, Dennise Scott-Brown + Robert Venturi, Farshid Moussavi + Alejandro Zaera-Polo.

Bikote hauetatik «genioa» zein zen ebaztea ez da, zenbait kasutan, batere erraza. Argi dago aurreko mendeko senar-emazteetan ere gaia konplexuagoa dela. Ray eta Charles Eames-en kasuan, adibidez, beraien bizitzak John Cheever-ren ipuinetako batetik ateratakoa ematen du: funtzionalismoaren idazleak, bere idazkietan irudikatzen zuen bezala, ustez ereduzko bikotea ziren, Estatu Batuetako diseinu industriala errotik irauliko zutenak. Atzetik, amodio istorio korapilatsu bat zegoen, adar kontuak barne.

Baina, tamalez ala zorionez, izen hauek gutxi gorabehera memoriaren mapan idatzi baditugu, aldamenean gizonezko bat zeukatelako da. Beste izen batzuk iraganaren lanbroen artean berreskuratu behar ditugu, Bauhauseko kideak ziren Maïja Isola, Lily Reich eta Marianne Brandt kasu. Emakume horiek bere ekimen profesionala bakarrik egin zutenez (hau da, gizon baten «lemape» barik), nonbait denboraren ekaitzean galdurik gelditu dira.

Zaha Hadid arkitektoarekin, emakumeak XXI. mendeko star-systemean sartu ziren, eta mundu posmodernoko panteoian sartu. Zaha 1950.ean jaio zen, Bagdaden, eta lehenbiziko urratsak Rem Koolhasen lemapean eman bazituen ere, 1979an ireki zuen estudioa, arrakastaz betetako ibilbide bati ekinez. Ibilbide horren puntu gorena 2004. urtean etorri zen, Pritzker sariarekin batera (Arkitekturako Nobel saria).

Nire ikuspuntuaren arabera, Hadidekin zenbait harresi erauzi egin ziren, eta atzetik etorriko ziren kideentzat bidea erraztu. Horrela ba, hasi berri den mende honetan, «gizona + emakume» formula irauli egin da, eta «emakumea + gizona» nagusitu haren ordez: Kazujo Sejima japoniarra bere kide Ryue Nishizawa-ren gainekin nabarmentzen da SANAA estudioan.

Gaur egun, arkitektura eskoletan (unibertsitate esparruan beste hainbeste lekutan bezala), emakumeak gero eta leku gehiago bereganatzen dute. Estatu mailan, arkitektoen % 17 osatzen dute. Gutxi bada ere, kopurua urtero ziztu bizian ugaritzen da. Nire asmoa ez da, inondik inora ere, emakume arkitektoen sentsibilitatea gizonezkoena baino handiagoa den ala ez erabakitzea. Agian ezberdina izango da, agian ez. Egia borobil bakartzat hau hartu nahiko nuke, ordea: Zaha Hadid heldu baino lehen emakume asko jardun dira arkitektura munduan, eta arkitekto horiek beren kide gizonek ez zituzten oztopo asko gainditu behar izan dituzte.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *