Lehiaketak eta abarrak

Arkitekto bat ikusten dugu, urduri, neke aurpegi eta begi-zuloekin. Arkitekto ez den inorentzat interes gabeko gaiez hitz egiten ematen ditu orduak eta orduak, gizateriaren patua bere eskuetan balego bezala. Ezustean, tabernako paperezko ahozapia hartu eta «proiektua» deritzon zerbait marraztu du harrotasun aurpegia erakutsiz. Lehiaketetara aurkezten den arkitektoa dugu. Eraikuntzaren industrian, lehiaketak enkarguak eskuratzeko metodoa dira, batez ere administrazioko lanei dagokionez. Hasiberriak direnentzat, edo sustatzaileen eta abarren eskutik ez doazen estudioentzat, aukera aparta dira. Azkeneko hilabetean, bi lehiaketa interesgarriren lekuko izan gara. Batetik, Tabakaleraren patua erabaki behar zuen norgehiagoka. Bestetik, beste eskala txikiago batetan baina, hala ere, interesgarria baita, orain dela egun gutxi entregatu den eta saritzeke dagoen Corazon de Maria plaza bilbotarraren lehiaketa.

lehiaketakLehiaketek gure lan sistemaren, eta orokorrean, gizartearen, bizioak agerian usteko gaitasuna dute batzuetan. Azken adibidea Madrilen topatu dugu. Foreign Office Architects (FOA) estudioko kide den Alejandro Zaera arkitektoak Medikuntza Legaleko Institutuaren (MLI) proiektua bertan behera utzi du. Hiriburuko aldirietan eraiki behar den Justizia Campusaren megaproiektuak Madrileko auzitegi denak eta justiziarekin zerikusia duten instalakuntza oro leku berean biltzea du xede.

Historia, labur eta motz, honako hau da: FOA estudioa lehiaketara aurkeztu zen, COMSA eraikitzailearen babesarekin (berez eraikitzaileei zuzendutako lehiaketa zen, eta arkitektoak «gonbidatu» hutsak ziren). Lehiaketetan gertatzen den bezala, FOAk infografiak eta inork ez ulertzeko moduko planoak entregatu zituen; dena oso polita eta modernoa. Noski, lehiaketa irabazi zuen, Foster, Hadid, Rogers eta star-systemaren parte diren beste koadrila batzuekin batera. Frechilla eta Lopez-Pelaez arkitektoen Master Plan batetik eratorria, Justiziaren Hiriaren proiektua Alfredo Prada «popularraren» ekimena zen. Baina lelo latindarrak dioen moduan, panta rei, dena aldatzen da, eta Pradak ez zuen karguan proiektua burutua ikusteko adina denbora iraun. Sailburu berria, Francisco Granados, aurrekontuak (eta buruak) mozten hasi zen, FOA estudioren aurrekontutik hasita.

Horrela ba, administrazioan sarri gertatzen den bezala arkitektoa bere obra burutzeko diru gehiago eskatzera joan zenean, ate guztiak itxita topatu zituen. Beno, gutxi gorabehera; Granados berak aditzera eman duenaren arabera, %53ko aurrekontu igoera eskatu zuen FOAk. Beraiek, aurrekontua %23 igotzeko proposamena egin zuten. Zaerak, ezetz; eskerrik asko eta beste bat arte. Egoera ikusita, Madrilgo Erkidegoak demanda bat aurkeztu du epaitegietan.

Ezingo nuke esan kontakizuneko gaiztoa zein den. Sistemak enkargu publikoen ahulezia bat erakusten du. Lizitaziora ateratzen den aurrekontua, teorian (teoria apurtzeko dagoela diote batzuk), aldatu ezinezko zifra da. Tamalez, kontrola, beste arlo askotan gertatzen den bezala, eremu pribatuan publikoan baino eraginkorragoa da, eta diru publikoarekin ordaindutako proiektu publikoak normalean aurrekontuetatik dezente aldentzen dira. Kasu honetan, batere gustatu ez zaidana Zaeraren divo izaera izan da, dudarik gabe. Baina arrazoia ez zitzaion, beste aldetik, falta. Izan ere, bere eraikinaren aurrekontua metro koadroko 967 eurokoa zen bitartean, aldamenean zen Fosterren eraikinaren aurrekontua metro koadroko 2.500 eurokoa zen.

Rock & Roll arkitekturaren ondorioak. Arkitektura ikuskizun eta naturaltasun gabeko jarduera bihurtu da. Hortaz, dirurik gabe, ezin fundamentuzko ezer eraiki. Gainera, lehiaketa bat irabazteko, merke eraikitzea posible dela esan behar da; hots, iruzur egin behar da gero politikariaren atzetik diru eske joateko. Hitz bat datorkit burura: perbertsioa.

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *